Joan Mari Irigoienen liburu-irudien erakusketa – Imanol Irigoienen hitzak
Aurtengo urriaren 3an, gure jaioterrian —Altzan—, Joan Mari anaiaren ia 40 urteko ibilbide literario luze-zabala dela-eta, ekitaldi literario bat izango da; ekitaldiaren argigarri eta osagarri gisa, berriz, haren liburuei egin zaizkien ilustratze-lanen erakusketa antolatu dugu, urte luzeetako fruitua ere badena eta antologikotzat jo dezakeguna. Erakusketa ikusgai Altzako Tomasene Kultur Etxeko aretoan izango da urriaren 3tik 5 arte: urriaren 4an, ostirala, 17:00etatik 20:00etara; eta 5ean, larunbata, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. Irekiera egunean, 19:30ean, Xabier Mendiguren Elizegi idazleak hitzaldia emango du IBILALDI BAT JOAN MARI IRIGOIENEN OBRAN BARRENA titulupean.
Ez da, ez, ohikoa edozein idazleren libururik gehienen ilustrazioa irudigile baten esku soilik izatea… normalena bestela baita: irudiak hainbat eta hainbat ilustratzaileren artean sakabanatuta egotea; halaxe gertatzen da, ordea, Joan Mariren kasuan, ni neu izan bainaiz haren liburuen ilustrazioak egin ohi dituena, eta ni neu, ondorioz, margolan hauek guztiak gordetzen ditudana. Egoera honek izugarri erraztu dizkigu, jakina, erakusketaren antolatze lanak.
Dena den, ez naiz izan ni zeregin horretan diharduen bakarra, izan baitira beste hiru ilustratzaile ere —ospetsuak hirurak—, Joan Marirekin elkar harturik aritu direnak: Antton Olariaga (Oilarraren promesa —1976, Gero argitaletxea—, handik 35 urtera, 2011n, 2. argitalpena izan zuena, berritua, Elkar-en eskutik; Bakarneren gaztelua, 1986, Erein; Kalamidadeen liburua, 1996, Elkar; eta Hitzaren gurpila I-II, 2012, Elkar); Jon Zabaleta (Metak eta kometak, 1994, Elkar); eta Jokin Mitxelena (Apaiz zaharraren gitarra, 1996, Elkar).
Ezin uka oso berezia izan zaidala, hainbeste miresten ditudan irudigileokin batera, anaiaren liburuen ilustratze-lanetan aritzea, berezi-berezia izan zaidan bezala, aldi berean, euskal idazle baten sortze lanetan egilearekin berarekin elkarlanean aritu izana: anaia gazteenarekin, alegia. Berezia eta bitxia, anaia gazteenak hitzez irudikatutakoa anaia zaharrenak margoz irudikatzea…
Hala, bada, 30 urte pasatxoren ilustrazio ibilbidea izango duzue ikusgai Tomaseneko aretoan: hasi Poliedroaren hostoak (1982, Erein) eleberriarekin eta aurkeztu berri den Arma, tiro, bammm! (2013, Elkar) eleberriarekin amaitzen den ibilbidea. 18 liburuen ilustrazioak, guztira: behin betiko irudiak, alde batetik, eta gainerako bertsio zein zirriborroak, bestetik.
Badu zerbait eragingarri erakusketak, nire ustez: bertara datorrenak, Joan Mariren liburu azaletan hainbatetan ikusi ohi dituen irudiak —hots, Babilonia-ko kamelia zuria, edo Consummatum est-eko kameleoi nabarra… edota hemendik aurrera ikusterik izango duen Arma, tiro, bammm!-eko suzko eztanda beldurgarria— zuzen-zuzenean ikusi ahal izango ditu Tomasenen, irudi orijinalak bitarteko…
Eta nolatan adierazi gabe utzi niretzat —baita anaiarentzat ere, jakina— hain atsegin eta hunkigarria den kontutxo bat!: izan ere, nire irudiekin batera ikus daitezke erakusketan gure amak, 95 urte inguru zituela, marrazturiko animaliatxoak, Letra txikiaz bada ere (2002, Elkar) poema liburuko azalean agertzen direnak, eta guri, bere seme-alaboi, txiki-txikiak ginenean, gure ‘Donosti-alde’ko sukaldean marrazten zizkigunak: xaguak, oilo-oilarrak, txoriak… Eta dena etxean gera dadin, ikusgai izango duzue, halaber, Roman nire anaia bizkiak Ur arreak, ur garbiak (2011, Elkar) eleberrirako marraztu zuen krokis orijinala, non Urgain herria irudikatzen den.
Imanol Irigoien
Erlazionatutako Albisteak
- ← Uxue Alberdi: “Emakumeon gorputzak gorputz subordinatuak dira zalantzarik gabe, objektualizatuak eta menostuak”
- Amaren eskuak filma ikusi eta parte hartu 100€ko 2 opari txartelen zozketan elkar dendetan gastatu ahal izateko →