Joxanen liburuak gure gogoan

Joxantonio Ormazabalek txikitatik izan zuen hizkuntzarekin jolas egiteko joera, baina ahozko dohain hori landu gabe geratuko zen, seguraski, Juan Mari Lekuonak eta beste zenbait irakaslek zirikatu ez balute; era berean, ikastolako irakasle bihurturik zegoela, idazteko erraztasuna eduki arren beharbada ez zuen sekula argitaratzeko pausoa emango, baldin eta Joseba Jaka herrikide eta bultzagileak Elkar argitaletxean lanean hasteko proposamena egin ez balio. Pernando Amezketarra (1981) izan zen haren lehenengo liburua; sorkuntza baino gehiago, enkarguz egindako biltze eta apailatze lana, baina horretan ere abilezia berezia zuen Ormazabalek: esaldiak erraz eta gozo tolesten, herriaren umorearekin bat egiten eta, iragazkia ahalik eta gutxien nabarmenduz, herriari itzultzen. Bertsolari, kontalari eta xelebrekeria zale sen hori agerian utzi zuen beste zenbait bilketa lanetan ere: bat Lazkao Txiki (1995) izan zen, Euskal Herri osoak ezagutzen zuen txiki handiaren pasadizoetan oinarritua, eta bestea Antonio Bolas (2002), gezurrak jolas bihurtzen zituen zegamar aparta Euskal Herrian barrena ezagutara zizuena. Sormen hutsezko lanei gagozkiela, haur txikientzako kontakizun goxo eta alaiak izan ziren Ormazabalen espezialitateetako bat, samurtasuna,fantasia eta umorea uztartzen zituztenak. Horien artean sar daitezke: Kaskarintxo(1982), Margolin (1983), Kotti (1984), Patxibusa(1985) lehen urteko lanen artean, eta bestehainbat, handik aurrera: Saturna (1992), Txoria zezenaren adar gainean (1999), Josebiñe (2000), Gorritxo eta Beltxiko (2000), Hitz eta zaunka (2009) edo Zirkua amets (2009) albuma. Istorio luzexeagoak dira Maripertxenta (1986) eta Kittano (1995), neskato sorgin bati eta arlote maitagarri bati buruzkoak, hurrenez hurren; hiru liburuko sorta berezi bat ere ondu zuen: Amona bizikletan (2000), Aitona parapentean (2004) eta Aitona eta amona udalekuetan (2007). Ormazabalen irudimenaren beste alor bat ikasmaterialgintzaren beharrei loturik garatu zen: batez ere haur txikienentzako irakurgai arin, jostalari eta errazak idazteko eskatzen zitzaion, horretan beste inor baino trebeagoa zelakoan, eta eskari horretatik sortu ziren hainbat testu, batzuk ikasliburuen barruan gelditu zirenak, eta beste batzuk aparteko liburu bihurtu zirenak, hala nola: Esaera zaharrak eta txiste berriak(1981), Hitzak jostailu (1994) Miru eta mara (1996), Zipriztin (1996), Hiztegi jolastia (2002), Irri eta barre (2002). Generoen mugak gainditzea gustatzen zitzaion, ipuinak eta poemak tartekatuz, hitz-korapiloak eta igarkizunak erabiliz. Azkenaldiko bere liburu pertsonaletan ere behin baino gehiagotan egin zituen era horretako nahasketak, eta horren adibide ditugu Txoko txiki txukuna (1998), Bihotza zubi (2001) edo Amaren titixorroak (2006). Bestalde, liburuen munduan sortzaile bakartiaren irudia nagusitzen bada ere, ez da ahaztu behar Joxantonio Ormazabalek sarritan jardun zuela elkarlanean: gaztetan, dozenaka abesti hitz idatzi zuen Imanol Urbietarentzat; geroago,Tapia eta Leturiak nahiz Imuntzo eta Belokik behin baino gehiagotan musikatu zituzten haren letrak. Liburuetan ere, eskuz esku idatzi zituen zenbait ale Mariasun Landa zein Iñaki Zubeldiarekin, eta maiz hartzen zuen parte proiektu kolektiboetan, hala nola Begira begira, Egizu lo, Gure mundu txikitik… Horrez gain, makina bat idazleren lanak euskaratu zituen Joxanek, bukaezina litzateke zerrenda aipatzen hasiz gero; aipa dezagun, ordea, euskal tradizioko ipuinak itxura modernoan ematen egindako lana: haren eskutik ezagutu dituzte azken hogei urteetako haur gehienek gure mitologiako kontakizun ederrenetakoak: Makilakixki, Patxi errementaria, Barbantxo, Marizikin, Tartalo… Ezin ahaztu harekin batera aritutako marrazkilariak ere, hala nola Elena Odriozola, Jon Zabaleta, Jesus Lucas… Bizitza oso bateko lanari begira betekadaren sentipena sortu liteke; aipamen pare batekin gelditu nahi duenarentzat, Ormazabalen azken lanetako bi aipatuko ditut, testamentu literariotzat ere har ditzakegunak: Ilunorduak eta argilaurdenak (2007) eta Ehun ipuin hitz gutxitan (2010): lehenak poemen eta bigarrenak ipuinen bitartez, egilearen izaera ondo asko jasotzen dutenak: batetik, begirada garbi, jator eta baikor bat inguratzen gaituen munduari; bestetik, barne kezkatsu bat, larrimin existentzialetatik aparte ez dagoena: maitasuna, denbora, heriotza…Joxanen presentzia galdu eta gero, haren hitzak baitira, neurri apal batean, idazlearen akordua gure artean berpiztuko dutenak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina