Liburu zaharren estreinaldi berriak
Zergatik eraman literatur klasikoak zine-pantailara? Tautologikoki erantzun daiteke galdera hori eta esan pantailara eramaten direla hain zuzen ere klasikoak direlako, giza irudimenean errotuz belaunez belaun eta medioz medio aurrera egiten lortzen dutelako, orain paperean, gero iruditan. Ahots zinikoago batek ere gogorarazi diezaguke klasikoak lan zaharrak izan ohi direla, egile-eskubideak iraungita dituzten liburuak alegia. Doakoa suertatzen da beraz literaturatik zinemara egin beharreko bidaia.
Horrelako zerbait gertatu zaio Gatsby Handia (Scott Fitzgerald, 1925) nobela zoragarriari, izan ere 2010ean bete ziren 70 urte Fitzgeralden heriotzatik, eta aurten estreinatu da bere bosgarren bertsio zinematografikoa, ikusgarriena ziurrenik, Baz Luhrman zuzendari australiarraren eskutik eta Leonardo DiCaprio Jay Gatsby dirudun misteriotsuaren papera eginez.
Baina klasiko gehiago ibili dira zine-aretoetan azken bolada honetan. Anna Karenina (Leon Tolstoi, 1878) XIX mendeko emakume adulteriogilerik famatuenetako bat, Keira Knightleyren gorputza eta ahotsarekin paratu zaigu begien aurrean. Pelikula britainiarra da, baina errusiar bibotez beteta, eta entretenigarria oso.
Eta emakume adulteriogileez ari garela ondo dago jakitea datorren urtean Madame Bovary (Gustave Flaubert, 1856) palomitekin batera disfrutatzeko aukera izango dugula. Flauberten lehenengo eleberria, eta frantziar literaturaren gailurrenetako bat, Hollywoodeko zigiluarekin helduko da gure aretoetara aurki, eta Mia Wasikowska gaztea Emma Bovaryren zapatetan sartuta ikusteko aukera emango digu. Aurten, gainera, euskarazko Madame Bovaryren berrargitalpen eta txukuntzea heldu da liburu-dendetara Patxi Apalategi itzultzailea eta Elkar argitaletxeari esker.
Eta Frantziako ondare literarioa abandonatu gabe, gogora dezagun azken bolada honetan Les Misérables (Victor Hugo, 1862) irudi egin zaigula zine-pantailetan. Irudi eta soinu, izan ere bertsio musikala da Hugh Jackmanek eta Anne Hathawayk protagonizatu dutena berriki, Tom Hooper zuzendari britainiarrari esker. Pena da Victor Hugoren literatur-lanak euskaraturik ez edukitzea oraindik, batez ere Besançongo egileak Euskal Herriarekin izan zuen harreman estua gogora ekartzen badugu.
Eta amaitu dezagun XIX mendeko errealismoak utzitako beste perla horietako batekin. Oraingoan kanala zeharkatu eta Erresuma Batura egin behar dugu salto Charles Dickensen Great Expectations/Grandes esperanzas nobelak 2012an edukitako estreinaldi zinematografikoaz hitz egiteko. Ralph Fiennes eta Helena Bonham Carter izan ziren aktore nagusiak anbizio handirik gabeko film hau burutzerakoan.
Baina honek ez du amaierarik, jakina. Laster William Faulknerren As I lie dying/Mientras Agonizo eleberriaren bertsio zinematografikoa izango dugu ikusgai (Cannesen dagoeneko estreinatu da). Eta badakizue, klasikoak klasiko izaten jarraitzen duen bitartean, denbora eta medio desberdinen mugak gainditzen jarraituko du. Hainbat hobe guretzat.