Maitasunezko oihua, munduaren erdian – Kyoichi katayama
Neska mutil gazteak amodio ezti eta garbi baten gatibu dira.
Eskolakide, adiskide, maitale dira hurrenez hurren. Beti da antzeko, sekula ez berdin. Horrela gertatzen da gure ikastetxetako geletan. Horrela munduaren bestaldean, ekialde urrunean, Japoniako institutu batean. Han eta hemen maitasun urratua da literaturaren lehen gaia.
Urruntasun geografikoak maitaleen harremanen pozari eta dramari egiazkotasuna ematen laguntzen du.
Maitasunez betea dago itzulpen lana, Inma Erreak idazlanaren iturburura jo ahal izan baitu eta japonieratik hartu eta euskarara zuzenean ekarri Iruñeko japoniar-euskaldun Keiko Suzuki andere irakasleari esker, Eguzkiaren sorterriko kultura eta bizimoduaren informazio jakingarriak erantsi dizkiote.
Edizioaren plazara atera berria da Denon Artean izeneko zigilua, Liburugintza itsuki maitatu beharra dago horrela jokatzeko.
Argitaldari berriagatik, itzulpen lanaren moldeagatik, Japonen inoiz irakurriena izan den lana delako, Katayamaren eleberria ezagutzeko motiboak badira.
Maitasunez eginiko literatura bildots guria da, sobera guria, otso kritikari gupidagabeen atzaparretan uzteko.
Neska mutil gazteek gustuko izan dezaketen liburua da Maitasunezko oihua.
Sentimendu nobleak oraino gaiztotu ez zaion hura da gaztea.
Utz ditzagun bizitzen gazteen amodiozko amets urdinak.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Javier Sierra: “Me fascina la alquimia”
- Xabier Mendiguren: “Sakonetak parodiatik eta karikaturatik asko dauka” →