“Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” Iban Zaldua

Iban Zaldua, fikzioaren aldarrikapena eta festa. 

Ipuin-bilduma berri batekin dator Iban Zaldua: Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, errealitateari beste dimentsio bat ematen dioten 32 istorioz osatua.

Zure azken ipuin-liburu honetan badira ezaugarri berriak eta badira zure narratibaren unibertsoan ohikoak diren elementuak, ezta?

Esango nuke baietz. Desplazamendu bat dago, imajinatzen dut adinaren ondorioz, agian lehen nire narratiban horren ohikoak ez ziren gai batzuetara, hala nola heriotza eta zahartzarora, edo gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetara. Baina, aldi berean, badago jarraikortasun bat, bikote-harremanen gorabeherei, egoera soziopolitikoari edo metaliteraruraren alorrei dagokienean, adibidez. Eta, horrekin guztiarekin batera, ahalegin bat estiloa fintzeko eta urrunago iristeko, pentsatu nahi nuke.

Jarraikortasun elementu horietako bat da La Cosa

Bai, gai errekurrentea da nire ibilbidean, eta, ziurrenik euskaraz idaztera eraman ninduen arrazoietako bat. Nahiz eta liburu honetan, euskal gatazka delakoaz baino, edo bere ondorioez baino, agian gehiago aritzen naizen “errelatoaren” batailei buruz, ETA osteko paisaiari buruz. Literatura da, konbentzituta nago, memoria eraikitzeko daukagun gailuetako bat. Agian ez inportanteena: benetako kontakizunak jasotzea, historian dauden hutsuneak betetzea… hori guztia inportanteagoa da. Baina nonbaiten egin badezaket ekarpen bat, fikzioaren alorrean da. Eta fikzioaren beharra ere badugu, nik uste, honetan beste gai askotan bezala, historia “ofizialak” ez direlako leku guztietara iristen.

(Irakurri +)

“Amek ez dute” Katixa Agirre

 

Katixa Agirre: “Idazteko grina baldin baduzu, amatasuna ekaitza perfektua da” 
Atertu arte itxaron (2015) eleberria hiru urte argitaratu ondoren,  argia ikusi berri du Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) Amek ez dute da nobela, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Augustin Zubikarai bekari esker idatzia. Honetan, amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egiten du gogoeta, intrigazko hari baten bidez: ama gazte batek bere haur txikiak hiltzen ditu, ageriko arrazoirik gabe. Idazle protagonista bere lehenengo semea erditzeko momentuan emakume hiltzailea ezagutzen duela konturatzen da. Ordutik, kasu horrek obsesioa sortzen dio eta horretaz idaztea erabakitzen du. Baina jaioberri bat daukazunean, ez da hain erreza sortzen jardutea.

Protagonistarekin ezaugarri asko partekatzen dituzu. Zure alter-egoa da?
Gauza asko ditugu komunean, bai, eta horregatik jarri diot nire jaiotze data bera narratzaileari, baina beste gauza askotan ez daukagu zerikusirik.

Liburu guztiak, lehenengo zitatik hasita -Euripidesen Medeatik hartuta-, amatasunak ekarri behar duen ustezko zoriontasuna gezurtatzen du.
Ez dut uste liburuan amatasunak dakarren zoriontasuna gezurtatzen duenik, baina hori ez da amatasunak dakarren sentimendu bakarra, eta nahasmendu horretaz hitz egin nahi nuen, nekaduraz, samurtasunaz, asperduraz, norberaren identitateak sufritzen duen astinduaz…

(Irakurri +)

Arian irakurgai berriak: “Historia ala istorioa” eta “Naia eta eskultore itsua” – elkarrizketa

ARIAN Irakurgai mailakatuen bilduma 23. alera iritsi da. Azken biak, Alvaro Rabelliren Naia eta eskultore itsua, A1 mailan, eta Nagore Irazustabarrena historialariaren Historia ala Istorioa?, B1 mailan.

Nagore Irazustabarrenaren elkarrizketa:

Historia ala istoria?  – Nagore Irazustabarrena – Ruth Juan (ilustratzailea)
Nagore Irazustabarrena historialariak historiaren egiarekin eta gezurrekin jolas egitea proposatzen digu. Gertakizun beraren bi kontakizun planteatu eta irakurleak antzeman beharko dio bietako zein den egia eta zein ez, non dagoen historia eta non istorioa: Napoleon gizon txikia al zen benetan? Zergatik egiten dira maratoietan 42.180 metro? Nork asmatu zuen gillotina? …

Historia jakin behar al da zure liburua irakurtzeko edo istorio zalea izatea nahikoa da?
Nahikoa da istorio bitxi batzuk irakurtzeko gogoa izatea. Historia itxuraz garrantziarik ez duten milaka istorio txikiz ere osatuta dago eta historia ikasten laguntzen dute. Historia jakitea ez da errege godoen zerrenda buruz ikastea, are gutxiago klik batekin eskura dezakezunean. Gertakizunak eta datak lotzen, interpretatzen laguntzen duten istorio txikiek iragana hobeto ulertzeko balio dute. Adibidez, atzerako ispilua nork asmatu zuen jakiteak ez dio ekarpen handirik egiten historiari buruz dakigunari. Atzerako ispilua ofizialki gizonezko batek asmatu baino lehen, ordea, emakume batek, Dorothy Levitt-ek liburu batean jaso zuen hura erabiltzeko gomendioa eta ez zioten jaramonik egin. Horrek asko esaten digu garai hartako gizarteari buruz. (Irakurri +)

Fermin Muguruza, Mikel Urdangarin eta Joseba Sarrionandia Donostiako Zinemaldian

zinemaldia

 

Fermin Muguruza, Mikel Urdangarin eta Joseba Sarrionandia protagonista izango dira bihar hasiko den Donostiako Zinemaldian. Bertan, Muguruzaren Black is beltza filma aurkeztuko da; Urdangarinen bizitza ardatz hartuta Oier Aranzabalek egindako Margolaria dokumentala ikusgai izango da; eta azkenik Gure oroitzapenak filmean, Sarrionandiaren alde anitzeko unibertsoa erretratatuko dute hamabi zinemagilek. (Irakurri +)

“Black is beltza” filmaren soinu banda eskuragarri

2017ko udaberrian Raül Refree eta Fermin Muguruza Sant Andreuko (Bartzelona) Fabra i Coats Sormen Fabrikako espazio batean instalatu ziren, eta bertan sortu zuten Black is Beltza filmaren musika. Pieza inzidentalak ziren. Abestietan hainbat artistek hartu dute parte: Maika Makovski, Anari, Iseo, Yacine, Amel Zen, The Sey Sisters, Ceci Bastida (Tijuana No!), Ana Tijoux , edo Manu Chao.

Soinu bandak 1960. hamarkadako abesti-zatiak ere baditu, hala nola: He was really sayin’ somethin’ (The Velvelettes), edo Errespetua, Negu Gorriak taldeak bertsionatu zuen Aretha Franklinek ereserki egin zuen Otis Redding-en Respect kantua.

Erika Elizari aurtengo Igartza sariaren irabazle

erika elizariErika Elizarik (Hernani,1988) irabazi du aurtengo Igartza saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena eta aurten 21. urtea betetzen duena. Aurkezturiko hamabi proiektuen artean, Zendabalitz izenekoa hautatzea erabaki du Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osaturiko epaimahaiak. Hona irabazleari egindako elkarrizketa.

Berria zara euskal letretan. Aurkeztu iezaguzu zeure burua. Nor da Erika Elizari?

Ikasketaz Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua naiz eta nire ibilbide profesionala ere, batez ere arlo horretan egin dut. Azken urteetan telebistan aritu naiz programa desberdinetako erredaktore gisa. Profesionalki bakarrik ez, amateur moduan ere nire sormena ikus-entzunezko euskarriaren bitartez garatu izan dut: film laburrak eginez, dokumentalgintzan… Beti izan dut sen sortzaile bat eta sortzeko behar bat. Baina, batez ere, bideogintzaren bitartez ase dut. Bestela, idatzi izan dudana oso era intimoan egin dut eta gehiegi partekatu gabe. Duela urte batzuk haurrentzako ipuin klasikoen egokitzapen batzuk idatzi nituen, baina esan daiteke hau izango dela literaturarekin izango dudan kontakturik zuzenena. (Irakurri +)