Ekialde Hurbila dauka ardatz Elkar, Jakin eta Berria-ren Aleka bildumaren laugarren liburuak.
2011n lehertutako iraultza arabiarrak abiapuntu hartuta, hainbat herrialdetako egoera geopolitikoaz aritu dira Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariak Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuan, eremu zabal bezain liluragarri eta konplexu horretan gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emanez.
“Historiaren lekukoa izatea da kazetariaren lana. Ez gaude hemen gugatik kezkatzeko. Hemen gaude ahal dugun gertuena joateko eta mundu inperfektu honetatik egia ateratzeko eta kontatzeko”. Robert Fisk kazetariaren hitzak ezin aproposagoak dira esku artean dugun liburuan beste hiru kazetarik egin duten ahaleginaz aritzeko. Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzak kazetaritza lan zorrotza egin dute ‘Ekialde Hurbila. Muinak eta ertzak’ liburuan. Begirada propioz, lekukotzak jasoz, urrun geratzen zaigun mundu bat gerturatu digute, modu argiz, gatazken jatorriak eta ondorioak aletuz, baina baita gatazken ertzak ere, hegiak, eta, beti, beste ezeren gainetik, ikusitakoa kontatuz. Azken batean, kontakizun bat dakar saiakera honek. (Irakurri +)
Miren Amuriza Plaza izan da Igartza Sariaren XX. deialdiko irabazlea, berak idatzitako Paperezko txoriak proiektua hautatu duelako Igor Estankonak, Garazi Kamiok eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak bekara aurkeztu ziren 20 proiektuen artean. CAF enpresak, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak idazle gazteen jarduna laguntzeko antolatzen dute sariketa hau, eta hogei urteko ibilbidean hainbat idazle ezagutarazi edo bultzatu ditu, hala nola Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Kattalin Miner…
Paperezko txoriak da proiektu irabazlearen izena, eta Bizkaiko herri txiki bateko baserri batean kokaturiko istorioa kontatuko du, familia bereko hiru belaunaldiren bidez.
Miren Amuriza 1990ean jaio zen Berrizen. Bertsolari, kantari eta kazetari lanetan ibilia da, eta haur literatura ere landu duen arren, hauxe izango du helduentzat idatziko duen lehenengo eleberria.
Publikoak bertsolari gisa ezagutu zintuen lehen; zutabegile gisa ere ari zara aspaldi honetan; haur literaturan eginak dituzu hainbat saio; eta orain, berriz, nobela proiektu batekin zatoz. Honen inguruan, bi galdera: Aspaldiko proiektua zenuen? (Irakurri +)

Argazkilaria: Josu Izarra
Bakarkako bira eta disko baten ostean, taldearen abarora itzuli da Mikel Urdangarin norbanakoaren askatasunari buruzko lana ontzeko. Bere ibilbidearen hogeigarren urteurrenean, Margolaria disko “fresko eta argitsua” izatea nahi zuen.
Titularra eman zenuen diskoaren aurkezpenean. “Bihotza, gibela eta odola” jarri omen dituzu lan honetan.
Disko bat egiten ari naizenean, sentitzen dut disko horrek sostengua eman behar didala, jaten eman behar didala, niri eta proiektu horretan dauden beste bospasei lagunei. Horrek ez du ekartzen derrigorrez disko on bat egitea, baina bai ekartzen du prozesu hori hil ala bizikoa bezala bizitzea. Ezin duzu jolas bat bezala hartu. Musika nire lehenengo ogibidea da, eta nire bizitzaren ardatzean dago. Akaso sentimendu hori denborarekin areagotuz doalako esan nuen hori. (Irakurri +)
Pentsamenduaren flash bat da aforismoa, tesela bat, bizitzaren misterioetako bat laburbiltzen duen suspirioa Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate edo gehiago bereizten dituen irudizko marra. Aforismoak, adibidez. Hitz gutxirekin hedadura handiko kontu sakona laburbiltzeko, laburrean luze esateko ahalegina. Helburua filosofikoa izan arren, hizkera poetikoa baliatzen duen genero literarioa. Aforismoaren euskarazko lehen aipamen idatzia Sarako Etxeberrik egina da, eta Axular bedeinkatzen du aforismoen egile gisa. Hipokratesekin konparatzen du: medikuen medikua gorputzaren […]
NESKA GAIZTO ARMATUAK
Itsusien baitatik idazten dut, itsusientzat, atsoentzat, mari-mutilentzat, frigidoentzat, larrutan gaizki jotakoentzat, larrutarako inork nahi ez dituenentzat, histerikoentzat, akastunentzat, neska txintxoaren azoka handitik baztertutako emakume guztientzat. Eta hortik hasiko naiz den-dena argi egon dadin: ez dut barkamenik eskatzen ezertxorengatik, ez nator kexaka. Ez nuke neure lekua aldatuko inoren lekuaren truke, Virginie Despentes izatea kontu interesgarriagoa iruditzen zaidalako beste ezer baino.
Zoragarria iruditzen zait seduzitzea gustuko duten emakumeak egotea, seduzitzen dakitenak, eta beste batzuk, ezkontzen dakitenak; emakume batzuek sexu-usaina izatea eta beste batzuek eskola-umeen meriendarako bizkotxoarena. Zoragarria, emakume batzuk hagitz goxoak izatea, eta beste batzuk beren feminitatearekin pozarren ibiltzea; emakume gazteak egotea, eder-ederrak, eta beste batzuk pinpirinak izatea, eta distiraz beteak. Asko pozten naiz, benetan, gauzak dauden horretan komeni zaizkien emakume horiengatik guztiengatik. Ironia izpirik gabe diot. Kontua da, garbi esatearren, ni ez naizela haietako bat. Ziur asko ez nuke idatziko idazten dudana ederra banintz, topatzen ditudan gizon guztien jarrera aldarazteko bezain ederra banintz. Feminitatearen behargin xume bat naizen aldetik hitz egiten dut, hortik mintzatu naiz iraganean eta hortik hasiko naiz berriro gaur. Langabezian nengoenean ez nuen inolako lotsarik sentitzen baztertu bat izateagatik, sumindura besterik ez. Gauza bera gertatzen zait emakume gisa: ez dut lotsa izpirik ere sentitzen sekulako emakume-puska ez naizelako. Amorru bizian nago, ordea, gizonentzat interes gutxiko neska naizen aldetik, etengabe ulertarazi nahi didatelako ez nukeela ezta hemen egon beharko ere. Beti existitu gara. Nahiz eta gure aipamenik ez agertu gizonezkoen eleberrietan, haietan ohera eraman nahiko lituzketen emakumeak baizik ez dituzte-eta irudikatzen. Beti existitu gara, eta ez dugu inoiz hitz egin. Are gaur egun ere, emakumeek eleberri asko argitaratzen dituzten honetan, gutxitan aurkitzen ditugu itxura desatsegineko edo eskaseko pertsonaia femeninoak, gizonak maitatzeko edo maitatuak izateko ezgauza direnak. (Irakurri +)
Boxeoa, muturrak txikitzeko kirola baino gehiago, bizi jarrera da, eta horixe bera izango du ardatz Jasone Osororen bilduma berriak. Eskularru Beltzak izenburupean eta lau liburukitan barrena, sei pertsonaia nagusi deskubrituko ditugu apurka, haien ahuleziak eta kemenak, gaitasunak eta ezinak, txanpon beraren aldeak balira bezala. Urtean bi liburuki plazaratzeko konpromisoa hartu du egileak. Lehenak bildumaren izenburu bera darama.
Bizitza zer den, boxeoaren bidez azal litekeela diozu. Nolatan heldu diozu boxeoari?
Ezekiel-en eta Jara-n ez bezala, mezu bat helarazi nahi nuen oraingoan. Hasiera-hasieratik bilduma gisa abiatu denez, istorioaz gainera beste heldulekurik ere behar nuela iruditzen zitzaidan, gaztaroari lotutako zerbait-edo. Gogora etorri zitzaidan gaztetan askotan izaten dela beldurra, edo ahul sentitzen zarela, tokiz kanpo, zeure lekua egin beharrean, eta talde bateko kide sentitu nahirik, batzuetan ez zaituztela onartzen, eta beste batzuetan berriz, zeu zarela zeure burua ondo kokatuta ikusten ez duena. Bullinga, harrera etxeetan bizi den gaztea, badago hitz-totela den neska bat… Gai horiei heldu nahi nien, modu entretenigarrian, eta horri zelofana jarriko zionaren bila nenbilela, bat-batean boxeoa etorri zitzaidan burura. (Irakurri +)




