Xabier Etxeberriaren “Txoria nintzela” lanaren lehen kapitulua
1982ko irailaren 28a da.
Italiak irabazi du naranjitoren mundiala eta Ingalaterrak Malbinetako gerra. Brezhnevek Pekini eskua luzatu dio harremanak normaltzeko. USAn Ronald Reagan da lehendakari.
Leopoldo Calvo-Sotelo Espainian. Urriko hauteskundeei begira, terrorismoaren aurkako borrokan efikazia gehiago, Guardia Zibilaren modernizazioa, alderdi politikoen lege berri bat eta abortuari erabateko ezezkoa dira UCDren programaren ardatzak, “demokrazia kontsolidatzeko eta politika herritarrengana hurbiltzeko”.
Felipe Gonzalezek goleadaz irabaziko ditu, dena dela: gehiengo osoa, 10.127.392 boto. Solidaridad Españolak, aurreko urtean estatu kolpea saiatu zuen Antonio Tejeroren alderdi politiko sortu berriak, 28.451 boto.
Erdibana banatu dira malkoak eta barreak ipotx estralurtar baten lagun egiten den mutikoaren istorioa kontatzen duen filmaren aurkezpenean, “E.T.”. ETAk lau polizia nazional hil ditu Errenterian eta militar bat Bilbon azken bi asteetan, baina azarorako gauzak lasaituko direla espero dute agintariek, Joan Paulo II.a Aita Santuak Loiolako santutegia bisitatuko duenean.
–Pilota horrek ez dik balio, zuloa zeukak.
–Hik ere bai, eta?
Barre egin dute taldeko zazpi mutilek Asierren ateraldiarekin. Beti egiten dute barre bere ateraldiekin. Kuadrillako zaharrena da, altuena, indar gehien eta pazientzia gutxien
duena.
Josuk ahoa itxita mantendu du horregatik, nahiz eta, neurri batean, denen aurrean lotsatu duen Asierrek.
Edonola ere, eskuak ferian erositako txandal azul marinoaren poltsikoetan sartu eta irribarre egin du berak ere.
Hobe dela denekin batera barre egitea erabaki du, bakarrik negar egitea baino.
Ile beltza eta oso laburra du Josuk, makinaz moztua, aitak eta anaia gazteagoak bezalaxe. Sudur zapala, gaztain koloreko begi handiak eta peka mordoxka masailetan, udan ugaldu eta ia aurpegi guztira zabaltzen zaizkionak. Amari grazia egiten diote semearen pekek, bere aitak –aitona Jose Antoniok– antzekoak zituela esaten du, familiako kontua dela. Josuk ez du sekula ulertu hori nola jakin dezakeen amak, berak bost urte baino ez zituenean hil baitzen aitona Extremadurako herri txiki batean, eta apenas duten haren argazki pare bat, txuri-beltzezkoak eta guztiz lausotuak.
Edozein modutan, nahiago luke berak peka bakar bat ere edukiko ez balu. Gorroto du ispilura begiratzean orban txiki haiek denak ikustea bere irudia zikintzen. Txikiagoa zenean ur eta xaboiarekin ordubetez aurpegia igurtzi eta igurtzi aritu zen komunean, kendu nahian, amak zertan zebilen aurkitu eta masaileko pare bat eman zion arte.
Amak egiten dituen makarroiak dira bere janari gustukoena hala ere, tomatearekin eta txorizoarekin. Futbolean gelako bigarren onena da, hatzak ahoan sartuta txistu oso ozen egiten daki eta metro bat eta hamasei zentimetro neurtzen du, gutxi samar zortzi urteko mutiko batentzat.
Hori aitaren aldeko herentzia omen da.
–Beno, badiagu pilota orduan!
Disimulatu ezin duen harrotasunez hitz egin du Anderrek. Bera izan da pilota aurkitu duena sastraka batzuen artean katigatuta. Handik oso hurre bizi da, jende guztiak sindikalak deitzen dion etxadi bateko 12. zenbakian, hirugarren pisua, C atea. Ez daukate igogailurik baina bai etxaurrearen erdia hartzen duen balkoi luzea, hego-ekialdera ematen duena eta bi ate dituena, sukaldetik
lehenengoa eta saloitik bigarrena, nahiz eta azken hau ez duten ia erabiltzen, amak korrientea sortzen dela esaten duelako.
Han kanpoan, barandillan agonduta ia auzo guztia ikus liteke: herriko futbol-zelaia, industrialdera eta hermanoen eskolara daraman bidea, urtetik urtera etxe-sailez betetzen ari diren soroak eta, noski, autopista. Anderrek ez du beste anai-arrebarik, orduak ematen ditu autopistari begira. Bi kolore aukeratzea da jolasa –bat berea “alde” eta bestea kontra “anti”– eta autopistatik kolore horretako dozena bat auto zenbatu behar dira. Kamioiek bi puntu balio dute.
Bezperan ere balkoian zegoen aitarekin, baina autopistara ordez, kale erditik jende hura guztia ikurrinekin eta lore sortekin nola pasatzen zen begira. Hilerrira bidean ezkutatu ziren poliki, bere etxe atzeko aldapan gora, ez oso urruti. Zertan zebiltzan aitari galdetuta, gudari eguna zela erantzun zion honek lehor. Hain lehor, ez baitzitzaion burutik pasa ere egin galdera gehiago egitea, nahiz eta gudari eguna zer zen ez zuen inondik inora ulertu. Ama sukaldera sartzeko esan eta esan ari zen, Joxemari, maitea, goazen afaltzera, faborez errepikatuz.
Arraroa zela pentsatu zuen Anderrek, afaltzeko ordua ez zelako oraindik eta, batez ere, amak aitari maitea gutxitan deitzen ziolako. Aitak, hala ere, ez zion entzuten, antza, eta bertan geratu zen, jendea hilerritik behera jaisten hasi eta, halako batean, txakurrak datoz esan zuen arte. Anderrek ez zuen txakurrik ikusi. Guardia zibilak bai, bizpahiru furgonetatan ziztu bizian iritsi eta segundo gutxiren bueltan kale erdian zabaldu ziren, kaskoak buruan eta fusilak eskuetan.
Aitak besotik oratuta, biak sukalde barrura sartu ziren orduan segituan.
Tiroak entzun zituen Anderrek, garrasiak, jendea korrika.
Ikararekin negarrez hasi zen ia. Amak bere aurka estu besarkatu zuen. Aitak, gortina atzetik zelatan, pilotakadak zirela esan zuenean, apur bat lasaitu zen ordea.
Hurrengo egunean, ikastolatik irteeran, pilota horietako bat hartu behar zuela esan zion bere buruari. Lagun guztiei erakusteko.
Hain zuzen, Anderrek ekarritako pilotari begira jarraitzen du Asierrek, arretaz, eskuineko eskuan nolabaiteko samurtasunez hartuta, Danimarkako printzea bailitzan edota Newton sagarrarekin, nahiz eta Newton nor zen ez dakien; ezta, noski, Danimarka non dagoen ere.
Printze izan ala ez izan, serio eta zurrun aztertzen jarraitzen du pilota hala ere, Josuk azken batean arrazoia duela eta pilota hark ez duela balio pentsatuz isilean, guardien fusilaren ondorioz zulo sakon samar bat baitu, hirutik bitan bote okerra emanarazten diona.
Erlazionatutako Albisteak
- ← ¿Podemos entrenar nuestro cerebro jugando?
- El primer fragmento del libro “La casa del padre” de Karmele Jaio →