Xabier Leteren azken oparia

Artistari oholtzara igotzen denean harrera egiten dion txalo zaparrada beroarekin hasten da diskoa. Izan ere, hori da disko honetan deigarria egingo zaigun lehena: Xabier Leteren azken kontzertuaren audio osoa entzungo dugu, XX abesti, abesti bakoitzari kantariak egindako sarrera eta emandako azalpen guztiak, eta entzuleek artistari itzulitako esker txaloak. Kontzertu bikaina izan zen eta diskoa opari eder bat da: inoiz erregistratu gabeko 10 kantu berri, eta Leteren hainbat pentsamendu, mezu, txantxa, aholku eta eskaintza, adinak findutako ahotsean emanak.

Bigrafia kantuarekin ekiten dio kontzertuari bere baitara bilduz audientzia; Habanerak goxatzen du gero giroa Antilletarako bidean nostalgiari tartea eginez; munduko biktimei buruzko gogoetak aurkezten du Malkoak euri balira Imanol Lartzabalek musikatutako Leteren poema… Lehen diskoa horrela doa kantu ezagunak berrituz, bakoitza bere aurkezpen eta azalpenarekin.

Ondoren sorta ezberdina dator: Joan Oliveren poema, katalanez, Henri Millerri eskutitza, audientzia fornikatzera gonbidatzeko baliatzen duena!, eta beste hiru berri: Pio Barojaren letrekin bat, Xabier Letek sortutako Zuk badiozu  kantu pesimista bat eta emazteari eskaintzen dion Egunak eta gauak. Beste handi bati eskainitako kanturik ederrenak ixten du lehendabizikoa, Adiskide bat ba zen.

Bigarren diskoan George Brasensen kantu bat eta, batez ere, Jakes Brellen sei kantu ekartzen ditu euskarara, apain. Eta kontzertuaren amaitzeko bisean hiru klasiko opari: Na naiz, Nafarroa Arragoa eta Izotz ondoko eguzki.

“Nire emazteak dio…” emazteari buruzko erreferentziak, Lourdes eta Xabier, biak hilak direlarik, zirrara sortzen du eta denboran kokatzen du dokumentua. Disko bizia da, Xabier Letek asko ematen du, errezitatu, azaldu, aitortu, kantatu… hunkigarria da eta egiazkoa. Denboraren kiribilak ondutako diskoa: 2010eko abenduaren 4an hil zen Xabier Lete. Disko honetan entzungo diogunez, kantu berriak erregistratzeko gogoa zuen, baina ez zuen astirik izan. Kantaria hil ondoren, inoiz erregistratu gabeko abestiak deskubritu zaizkigu, disko batean berri-berri emanak. Hamabi urtera zuzenekoa estreno bizi-bizia da.

Hildako sortzaileari esker ona adierazi nahian omenaldiak egiten ari denean harria han eta hemen, berak egin dio opari herriari, altxorra utzi zuen gordean. Eskerik asko, oraingo eta aurreko olerki eta kantu guztiengatik.

________________

“Jardin bat zuretzat” kantua, diskoaren erakusgarri.
________________

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina