Eskaintza arte bat da

Etxeparek dio: “Erregeren adbokatu bidezko eta nobliari, birthute hon guziez konplituyari, bere iaun eta iabe Bernard Leheteri, Bernard Etxerapekoak, haren zerbitzari xipiak, gogo honez goraintzi, bake eta osagarri”. Axularrek dio: “Ene iaun Bertrand de Echaus, Tursko Arzipizku, Frantziako lehenbiziko erremusinari: ordenako aitonen seme, eta erregeren Konseillari famatuari, Zeruko loria (…) Zure zerbitzari ttipiena eta obligatuena”.

Gaur inork ez luke horrelako eskaintza bihurri gehiegizkorik idatziko, baldin ez bada keinu gisa eta ironiaren bidetik. Etxepareren edo Axularren eskaintzok, ordea, garai baten ispilu sozial eta literario gardenak dira, eta mezenasen batek emandako laguntza ekonomikoa eta babes politikoa eskertzea dute helburu. Aldatuko dira garaiak, aldatuko dira estiloak, aldatuko da eskaintzaren luze-laburra, baina eskaintzon oinarrian eskema bera ikusten da guztiz gehienetan: idazleak esker oneko agerpen publikoa egiten dio norbaiti, baina komenigarria da La Rochefoucauldek zioena gogoan izatea: gizaki gehienen esker onak onura gehiago lortzeko gogoa ezkutatzen du.

Kortesiazko orrian, eskaintza motz-motz bat. A.Z.ri. Mezua ez da irakurlearentzat, baina autoreak norbaiti eskaini dion testu ezin laburragoak harreman baten lekuko bihurtu du irakurlea. Honek ez daki nor ezkutatzen den inizialen atzean, liburuaren azal-hegalak esaten duenaz aparteko gutxi daki idazlearen bizitzaz edo eskaintzaren motiboez.

Baina galderak egiten hasi ordez, eskaintzari erreparatu ere ez, eta orria pasatzen du irakurketari ekiteko.

Baina gerta liteke irakurlearen arreta eskaintzan pausatzea. O, o, hona idazlearen ahuleziatxo bat! Zerk eragin dio eskaintza bat jartzeko premia? Nor ezkutatzen da inizialen atzean? Zer harreman-klase dute idazleak eta A.Z.k? Iraganeko zer zor-klasea kitatu nahi du idazleak eskaintzarekin, nolako faboreak eskatu nahi dizkio etorkizunerako?

Jende aurrean biluztea bezalako perfomance bat iruditzen zait liburu bat eskaintzea. Baina lotsarenaz gainera, badago motibo literario bat atzera eragiten didana liburuak eskaintzeko orduan: oso genero zaila eta arriskutsua iruditzen zait. Eskaintza bat konfesio bat da, harreman pribatu bat plazaratzen du eta afektibitatea jartzen du plaza publikoan: hortik datorkio arriskua. Bestalde, laburra behar du, gutxirekin asko esan, eta sentimenduak bridatu: hortik datorkio zailtasuna. Eta hor dago topikoaren arriskua ere.

Hala ere, idatzi duzu eskaintza. Betiko geldituko da. Baita eskaini diozunak gero saldu egingo bazaitu ere. Eta liburu osoan idatzi dituzun kontu guztiek baino indar gehiago du: liburuan beste ahots bat baliatu duzu zure kontuak agertzeko; eskaintzan, ordea, zu zaude, zure niaren bermea darama.

Marisa Madierik formularik konbentzionalena baliatzen du Verde acqua eskaintzeko: A Claudio. Gerta litekeena da irakurleak ez jakitea nor den Claudio, eta seguru asko ez daki, ezta ere, Marisak heriotzaren ateetan bukatu zuela bere nobelaren idazketa.

Claudio Magrisek ere formula tradicional bera baliatzen du bere Microcosmos eskaintzeko. A Marisa. Marisa hil berri da minbiziaz, baina irakurleak ez daki nor den Marisa, ez daki ezer.

Gizon batek liburu eskaintzen dio emakume bati eta alderantziz. Zirkunstantziak guztiz ezkutuan daude, eskaintzek ez dute deus iradokitzen.

Urte batzuk geroago, Claudio Magrisek idazten du:
“Nola hitz egin intentsitate bereiziko liburuak idatzi dituen pertsonai bati buruz, eta aldi berean bizitzako laguna izan bada, maitasunaren irudia eta existentzia partekatuaren ispilua, haren desagerpenak nire bizitza elbarritu badu eta presente segitzen badu gauzetan eta orduetan?”.

Eskaintza batek istorioren baten hazia gordetzen du beti bere baitan, baina bertara iristeko zirrikitua oso estua da eta iradokitzen duen unibertsoa, aldiz, oso zabala, eskaintza idatzi duenak eta eskaintzaren hartzaileak bakarrik ezagutzen dutena bere osoan.

Paul Theroux eta V.S. Naipaul, idazleak izateaz gainera, lagun minak ziren. Batek liburu bat idazten zuten aldiro, besteari helarazten zion eskaintza zein baino zein adeitsuagoarekin. Eta alderantziz. Egun batez, bigarren eskuko liburu-denda batean perlatxoren baten peskizan zebilela, Theroux-ek Naipauli eskainitako liburu guztiak aurkitu zituen bazter batean, zabaldu ere egin gabe, gillotinatzeko premia zutenak ireki gabe baitzeuden.

Gertakari hark idazleen arteko gorroto-istorio gogoangarri bat eragin zuen —hemeretzigarren mendean gertatu izan balitz duelu eta guzti izango zituzkeena— eta, batez ere, Theroux-ek idatzi duen libururik gihartsuena ekarri du: Naipaul-ek egindako traizioa du abiapuntu —ez du Naipaul-en miseria guztiak larrutu arteko onik—, baina, anekdotaren gainetik, liburuak idazleen egoa du ardatz. Naipaul-en egoaren handia deskribatzen ari delarik, Theroux-ek bere egoa uzten du biluz biluzian.

Hor daude autoreek beren irakurleei egindako eskaintzak ere. Idazleak bere izena galdetu dio autografo bila joan zaion irakurleari. Izena kortesiako orrian idatzi eta gero, zer jarri pentsatzen gelditu da pixka batez. Irakurleak arreta handiz begiratzen baitio, idazleari kostatu egiten zaio kontzentratzea, eta, deseroso, konbentzioen, formula eginen eta irakurketari buruzko metafora ezagunenen bidetik jo du.

Seguru asko, eskaintzari ez zaizkio faltatuko lagun, adeitasun, irakurle leial, memoria, bidaia edo esker onez bezalako hitz eta formulak…

Mariasun Landak, ordea, badu eskaintza idatzi beharrak berarekin dakartzan zalantzak saihestu eta konbentzioak baztertzeko modu original bat: kortesiazko orriari musu eman eta gero, bere ezpainen perfilaren jabe gelditzen da, zurian gorri, irakurlea.

Aholku bat, irakurle: eskainita daukazun libururen bat saltzekotan bazara, erauzi ezazu lehenik eskaintzaren orrialdea. Badaezpada. Idazlearen eskutara iritsiko balitz bueltan, egizu kontu zer nolako ego-zimikoa eragingo zeniokeen liburua hain adeitsuki eskaini zizunari, eta handik aurrera zer nolako gorrotoa gordeko dizun, zuri, hainbeste estimatzen zintuen irakurle leial horri.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina