Bizi kriskitinak BARTZELONAN
- Harkaitz Cano
- |Bidaiak Mendiak, Liburuak, Musika
- |2008-12-01
- |Iruzkinik ez
Disgustura ei daude kataluniarrak Vicky Cristina Barcelona filmarekin. Filmak erakusten duen hiriaren postalak ez ditu, nonbait, asebete. Gusturago daude, noski, Giulia y los Tellarini taldekoak,Woody Alleni hotelean diskoaren maketa utzi eta New Yorkekoak haien musika sartu baitu filmean. Ausarkeriak saritzen diren lekua da hiria, baiki. Jende gutxik dakiena da, Eusebio izenburua duela Giulia y los Tellariniren diskoak, Bartzelonako kale-margolari urtetsu eta bohemio baten omenez, eta hari buruzko dokumental zoragarria egin zuela 2003an Iban del Campo zinegile arrasatearrak: Un tal Eusebi (Eusebiren marrazkiak Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean ere izan ziren ikusgai). GPSak beraz, bueltan-bueltan, Arrasatera dakar Woody.
Vazquez Montalban zenaren ustez, zenbait hiri literarioak dira eta beste zenbait ez. Bartzelona literario egiten duena, haren aburuz, denborak eta espazioak elkar besarkatzeko duten era da: primeran ikusten da nola fosildu diren joandako garaiak eta belaunaldiak auzo batzuen baitan, jendeak eta ohiturak izoztuta bezala mantenduz, kontraste zaharkitu eta garratzak jakin-minak ziztatutako ibiltariaren esku utziz.
Montalbanek Rambletako Boadas kokteleria bereziki gustuko zuela eta, Moritz garagardoak albo batera utzita, dry-martini bat zintzurreratzea derrigorrezkoa du bertan literaturzaleak, Pepe Carvalhori bizitza eman eta bere nobelagintzan hiria hain ongi islatu zuen gizonaren omenez (aise irudika ditzakegu Gabriel Ferrater eta Gil de Biedmaren izpirituak ere, dekadentzia ingelesaren eta giro kastizoaren arteko nahasketa den koktelerian). Asko idatzi zuen Montalbanek, eta aurki etortzen zaizkigu errenkan burura Tatuaje, El pianista eta beste hainbeste… Baina udala ez da fosilen zale, eta Bartzelona zaharra eraberritzearen poderioz, aldatzen ari dira Raval bezalako barrioak: Jose Luis Guerinek ohartarazi gintuen jada auzo honen ifrentzuez En construcción filmean, baita Joaquim Jorda zenak ere, De nens dokumental durduzagarrian.
Santa Maria katedralaz eta haizearen itzalaz haratago, literarioa behar du Bartzelonak, inondik ere. Hiri gutxi hainbeste liburu-denda txiki etaargitaletxe handi dituenik. Gaur ere asko dira hiriak erakarrita mundu osotik bertara bizitzera etorritako idazleak, Santiago Roncagliolo perutarra edo Jonathan Littell amerikarra horien artean, edota Diario de una ninfómana ren egile Valerie Tasso. Aspaldian agertu zen Errepublikako erretagoardia gisara Bartzelona Orwellen Homage to Catalonia liburuan, berriki euskaraz argitaratua izan den Andre Malrauxen Esperantzan ere agertu zen gisan. Beste muturrean, Merce Rodoredaren Diamantearen plaza eta Eduardo Mendozaren La ciudad de los prodigios daude. Edota La gran novela sobre Barcelona, izenburuan bertan hiriaren itxura mamiarekin bat ez datorrela garbi uzten duen Sergi Pamiesen liburua: ipuin bilduma petoa da eleberri gisara iragartzen dena. Berrikiago argitaratutakoen artean, Antonio-Prometeo Moyaren Los misterios de Barcelona edota Llucia Ramisen Coses que et passen a Barcelona quantens 30 anys aipa litezke, Vila-Matas beti gomendagarriarekin batera.
Gaur euskal pintxo klonikoena den bezala, Bartzelona izan zen garai batean Euskal Herriko jazz musikarien lubakia. Jamboree, Harlem Jazz Club, Muntaner… Asko dira burura etortzen zaizkigun jazz lokalak eta bertan ikasitako jazzlariak. Oraindik bada haien arrastorik, duela zenbait urte Fresh Sound zigilu dinamikoak argitaratutako Gorka Benitez bilbotarraren Sólo la verdad es sexy disko bikoitz bikaina, esate baterako.
Gauche divine-etik hasi eta Montalbanek lumpemproletariado esaten zion horretaraino, ia denetik aurki liteke bost minutuko erradioan.
2008-12-01