Live in TOKYO!

Irrikatu beharra dago helburu-hiri bat beti. Oraindik izan ez garen hiri bat, joan aurretik jada gugana inguratzen duguna. Gida-liburuak abisatu digu: hoteletan 15 euro kobra diezazkigukete laranja zuku baten truk (zein zulotan sartzen zaren, nik neure artean: Donostian ezagutzen dut koktel-etxe bat, horixe bera erauzten dizuna…). Hegaldia noiz hartu aukeratzen hasita, Urtezahar bezperan Tokion egotea onena. Gizakiaren baitako pultsio ilunak apaltzeko helburuz, kanpaiak 108 aldiz joarazten dituzte egun horretan. Shibuya auzoko bolatokietan pachinko jokaldi batzuetan sosak utzi eta gariz egindako fideoak irentsiko ditugu, visitas luzea izan dezagun; gero, love hotel batean pasa genezake gaua.

Tokio horman jarritako mapa bat besterik ez da, baina ez dut uste bertan egonda oraintxe baino gehiago gozatuko dudanik.

Alberto Olmosen Trenes hacia Tokio liburutik: “Etxeorratzak besterik ez dira ikusten autopistatik, eta etxeorratzen gainean dir-dir egiten duen publizitatea. Mortu dago Tokio, ez dago eskurik, ez dago bururik. Tokiok ez dauka aurpegirik. Arkitektura bere buruarekin maiteminduta dago. Eraikinetako batzuek zerua islatzen dute. Beste batzuetan, gizon batek hutsera jauzi egin arren ez du heriotzarik topatzen: kristalak garbitzen hasi da, balantzaka.” Ospitaletako tantaz tantako tutuen antzekoa begitantzen zait i-poda: Pizzicato Five taldearen elektronika japoniar dantzagarria entzunez noa tren urdinean, shinkansen (bala-trena) batean legez (ia-ia). Besapean daramat japonieraren idazkerara hurbiltzeko Kanji en viñetas erosi berria, ideogramak idazten ikasteko metodo arina: ibaiarena adibidez, hiru marra vertical soilek osatua, bi ertzak eta uraren isuri erraza adierazten dutela. Kurosawaren pertsonaia alderraiak ditut gogoan: El ángel ebrio edota Perro rabioso filmetako suburbio beltzak… Tokiora heldu aurretik ikusi beharreko filmen zerrenda egin dut: Ozuren Tokyo monogatari eta Wim Wendersek Ozuri egindako omenaldia, Tokyo-Ga. Japoniako hiriburuarekin lotutako liburu sorta eskuratu dut, itsu itsuan: Ryu Murakamiren Sopa de Miso, sex-thriller denborapaxarakoa, edo haren abizenkide Haruki Murakamiren Tokio blues, hobea aukeran.

Bitxia da zenbat taldek grabatu duten zuzenekoa Tokion: Deep Purple-en Made in Japan ezaguna albo batera utzita, dozenaka dira Live in Tokyo zigilua daramatenak, jazzaren munduan, bereziki (Cannonball Adderley, Brad Mehldau). Jazzlarien konsagraziorako modua ote tokiotarren txaloa? (Jazz lokal baten jabe izana da Haruki Murakami bera ere…).

Homo wifi garen honetan, ez da zaila Tokiora joan aurretiko abstinentzia sindromea arintzea: Oskar Alegriaren webguneko argazkiekin, kasu (lasciudadesvisibles.com). Argazkilaria, Tanizakik bere Elogio de la sombra zoragarrian gorazarre egiten zien itzalen ehizan ibili zen hirian barrena, baina gero eta zailagoa omen Tokion itzalak ehizatzea, ezpada Lost in Translationeko protagonistaren edota Babel filmeko neskatila japoniar uniformatuaren buru barruan dauden pultsio ilunen baitan… Gurean ere badira batzuk, Tokiok liluratu eta gero gu liluratu gaituztenak: Asel Luzarragaren Karonte nobela eta Koldo Almandozen Midori laburmetraia horren lekuko.

Ray Lorigak norbere iragana ezabatzeko ahaztura-pilulak ardatz hartuta idatzi zuen Tokio ya no nos quiere. Guk maite dugu, baina, Tokio. Oso oroitzapen ona utzi digu, eta oraindik ez dugu hegazkin txartelik ere erosi. 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina