Aitzorrotz – Nafarroako Erresumaren gaztelua

Leintz Gatzaga herriko sekretuak deskubrituz, Gatz museoa eta Dorletako santutegia bisitatu eta Deba Garaiko talaia paregabe den Aitzorrotzera igoz ibilaldi ederra burutu daiteke.

Leintz-Gatzaga

Gipuzkoako hego mendebaldeko muturrean, Araba eta Gipuzkoa arteko mugan, dagoen Leintz Gatzaga, Erdi Aroko herria da, 1331an lortu baitzuen Hiri Gutuna Alfontso XI.a Gaztelako erregearen eskutik. 1374tik aurrera eta 120 urte luzez, Oñatiko Gebara kondearen mende egon zen 1496an Gipuzkoako Batzar Nagusietan eserlekua berreskuratu zuen arte. Hirigunearen edertasunak garai bateko ospea eta bizimodua irudikatzen ditu. Erdi Aroko hirigunearen ezaugarriak ditu eta herrian sartzeko zeuden zazpi ateetatik, gaur egun bost ikus daitezke harresiarekin batera. Hirigunean ilaratan antolatutako etxeen artean, San Millan eliza eta “as de copas” deritzon hamabi tutuko iturria daude. Bere izenak garbi erakusten duen bezala, Leintz-Gatzaga jarduera ekonomiko zehatz baten inguruan sortu zen, gatzaren industriarena alegia. Mende askotan zehar bizitzaz gain, aberastasuna ere ekarri zion jarduera honek hiribilduaren sorrera ekarri zuen. Herritik gertu Dorletako Santutegia dago. Garai batean herriaren eta gatzaren produkzioaren babesteko erromatarrek eraikitako gaztelua, Done Jakue bideko erromesen ostatu bihurtu zen ondoren.

Gatz museoa

PR-Gi 36ari dagozkion bide seinale zuri eta horiak jarraituz, gatz Museora jaitsi eta bisitatu daiteke. Mende askotan zehar gatza izan da Leintz-Gatzagako bizigarria. “Urre zuria” deitua izan den honek herria sortzeaz gain izena ere eman baitzion. Gatz-iturria herritik 250 metrora dago, garai batean herria eta gatz-produkzioa zaintzeko erromatarrek eraiki zuten Dorletaren ondoan (egun santutegia da). Leintz-Gatzagak duen klima hotz eta hezeagatik ezinezkoa egiten zitzaion gatza lortzeko beste zenbat lekutan erabiltzen zuten lurrinketa-sistema erabiltzea eta bakarrik suaren bidez ur gazia berotu, likidoa lurrindu eta gatza lortzen zuten. Gaur egun, herriak bere iragana berreskuratu eta museo monografiko bat zabalik du. Museo honek gatzaren ustiapenaren bilakaera erakusten du eta mineral honek izan duen garrantzia ulertzen laguntzen digu, Burdin Aroan hasi eta 1972ra arte, itsasoko gatzaren konpetentziak ixtera bultzatu zuen arte. Museoak lau garai desberdinetan banatzen du gatzaren ustiapenaren historia: Burdin Aroa, XVI. mendeko dorlak, XVIII. mendeko putzupada-gurpila eta XX. mendeko industri aroa. Gertu, Dorletako santutegia. Bertako Ama Birjina txirrindularien zaindaria da.

Aitzorrotz

Santutegia atzean utzi PR-Gi 36aren bide-seinaleei jarraiki, Olaun auzoa igaro eta gaztainondo eta haritzen artean Aitzorrotzera helduko gara, Leintz bailara osoa menderatzen duen tontorrera. XVI. mendekoa den Santa Kurtz ermitara igo gara eta goian aztarnategi baten arrastoak ikus daitezke. Bertan Erdi Aroko materiala aurkitu dute eta Nafarroako Erresumaren gaztelua izan zenaren lekuan ermita dago orain, bertatik igarotzen baitzen defentsa lerroetako bat. 1.200. urtean Gipuzkoa Gaztelara pasa zenean, gipuzkoarrek gaztelu hau Alfonso VII.ari eman zioten. Maiatzeko lehen igandean erromeria izaten da. 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina