B aldeko kantuak

Izenburuarekin kontraesankorra dirudien arren azken urtetako bere kanturik argienetako batzuk sinatu ditu Murugarrenek bakarkako ibilbideko seigarren honetan. B aldeko kantuak diskoan badira hit argiak izateko moduko piezak. Diskoaren izen bera duen kantuarekin hasi, Gozo eta Hits poperoarekin jarraitu edota soul ukitua duen Kantu Xalo Bat ere aipatu daitezke edozein “irrati formuletan” jartzeko moduko kantuen artean.

Horrek ez du esanahi kantaria errazkerietan erori denik ezta gutxiagorik ere. Kantu guztiek badituzte orain arte Murugarrenen ezaugarri nagusiak direnetako batzuk; egunerokotasunaren alderik ezkutuenak argitzen saiatzen diren hitz zaindu eta literarioak adibidez. Musikalki, berriz, bere ohiko bideetatik jotzen du, pop, folk eta musika beltzak bat egiten duten esparru horretan ekilibrioak eginez. Hala eta guztiz ere, aipagarriak dira han hemenka agertzen diren haize sekzioaren ekarpenak diskoaren intentzio “beltza” indartuz.

Azkenik, bere abenturetako ezinbesteko kide bihurtu diren Rafa Rueda eta Rafa Acevesez gain, aipagarria da, batez ere, Audience taldearen ekarpena. Gernikarrek B Aldeko Kantuak  eta  Irratia Gauen abestien bertsio gihartsuak gehitu dizkiote Txuma Murugarrenen orain arteko diskorik borobilenari.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina