ARIAN Irakurgai mailakatuen bilduma 23. alera iritsi da. Azken biak, Alvaro Rabelliren Naia eta eskultore itsua, A1 mailan, eta Nagore Irazustabarrena historialariaren Historia ala Istorioa?, B1 mailan.
Nagore Irazustabarrenaren elkarrizketa:
Historia ala istoria? – Nagore Irazustabarrena – Ruth Juan (ilustratzailea)
Nagore Irazustabarrena historialariak historiaren egiarekin eta gezurrekin jolas egitea proposatzen digu. Gertakizun beraren bi kontakizun planteatu eta irakurleak antzeman beharko dio bietako zein den egia eta zein ez, non dagoen historia eta non istorioa: Napoleon gizon txikia al zen benetan? Zergatik egiten dira maratoietan 42.180 metro? Nork asmatu zuen gillotina? …
Historia jakin behar al da zure liburua irakurtzeko edo istorio zalea izatea nahikoa da?
Nahikoa da istorio bitxi batzuk irakurtzeko gogoa izatea. Historia itxuraz garrantziarik ez duten milaka istorio txikiz ere osatuta dago eta historia ikasten laguntzen dute. Historia jakitea ez da errege godoen zerrenda buruz ikastea, are gutxiago klik batekin eskura dezakezunean. Gertakizunak eta datak lotzen, interpretatzen laguntzen duten istorio txikiek iragana hobeto ulertzeko balio dute. Adibidez, atzerako ispilua nork asmatu zuen jakiteak ez dio ekarpen handirik egiten historiari buruz dakigunari. Atzerako ispilua ofizialki gizonezko batek asmatu baino lehen, ordea, emakume batek, Dorothy Levitt-ek liburu batean jaso zuen hura erabiltzeko gomendioa eta ez zioten jaramonik egin. Horrek asko esaten digu garai hartako gizarteari buruz. (Irakurri +)
Erika Elizarik (Hernani,1988) irabazi du aurtengo Igartza saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena eta aurten 21. urtea betetzen duena. Aurkezturiko hamabi proiektuen artean, Zendabalitz izenekoa hautatzea erabaki du Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osaturiko epaimahaiak. Hona irabazleari egindako elkarrizketa.
Berria zara euskal letretan. Aurkeztu iezaguzu zeure burua. Nor da Erika Elizari?
Ikasketaz Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua naiz eta nire ibilbide profesionala ere, batez ere arlo horretan egin dut. Azken urteetan telebistan aritu naiz programa desberdinetako erredaktore gisa. Profesionalki bakarrik ez, amateur moduan ere nire sormena ikus-entzunezko euskarriaren bitartez garatu izan dut: film laburrak eginez, dokumentalgintzan… Beti izan dut sen sortzaile bat eta sortzeko behar bat. Baina, batez ere, bideogintzaren bitartez ase dut. Bestela, idatzi izan dudana oso era intimoan egin dut eta gehiegi partekatu gabe. Duela urte batzuk haurrentzako ipuin klasikoen egokitzapen batzuk idatzi nituen, baina esan daiteke hau izango dela literaturarekin izango dudan kontakturik zuzenena. (Irakurri +)
Telesforo Monzon (1904-1981), Bergaran jaiotako aristokrata eta politikariari buruzko biografia mamitsua idatzi du Pako Sudupek. Telesforo Mozon, aristokrata abertzalea – EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala (Txertoa) izenburupean, haren ibilbidea ez ezik, XX. mendeko Euskal Herriko historia eta politika ezagutu eta ulertzeko liburu gomendagarria, gerra aurretik hasi eta ia-ia egundaino.
Zergatik Telesforo Monzon? Zerk erakarri zaitu biografia bat idazteraino?
Lehen ideia Txillardegiri buruzko lana egiten ari nintzela etorri zitzaidan. 1957an edo ezagutu zuenean Donibane Lohizuneko Mende Berrin, Txillardegiri aristokrata bat iruditu zitzaion; aristokrata hiru bat neskame euskaldunek zerbitzatu zietelako bazkaria, aristokrata janzten zen moduagatik eta bere izaera nobleagatik, zituen lagunengatik, esaterako, Manu Sota, oso british janzten zena…; eta aldi berean, benetako abertzalea: Ipar eta Hegoak bat egin eta euskal estatu euskaldunaren aldeko benetako abertzalea; hala adierazi zuen Txillardegik hura hil zenean.
Nola laburtuko zenuke haren figura eta ibilbidea?
Arbaso karlista-monarkiko espainiarretatik Eusko Alderdi Jeltzalera pasa zen modu erromantiko ez-pragmatikoan, Jaungoikoaren eta hark egindako Euskal Herriaren alderako maitasunak eraginik, eta espainiar eskuindar eta ezkertiarren espainolismo inposatzailearekin nazka-nazka eginda. Eta, ondoren, beren bizia emateko prest zeuden etakideen alderako lerratze sentimentalak barru-barrutik bultzaturik, hitzezko borroka latz-arriskutsu-higatzailean zuen guztia emateraino, Herri Batasuneko mahai nazionaleko zenbaitekin bat-bat eginik. (Irakurri +)
Euskarara Walter Benjamin, Anaïs Nin eta Amélie Nothomb bezalako egileen testuak ekarri ditu Garazi Arrulak. Baina itzuli ez ezik, sortu ere egiten du, Gu orduko haiek ipuin liburuan (Txalaparta, 2017) erakutsi duen bezala. Arlo bietaz elekatu dugu berarekin.
Belaunaldi berri bakoitzak bere gustuak, kezkak eta ikuspegiak ekartzen dizkio literaturari. Ikusten duzu horrelakorik azken urteotan plazaratu zareten idazleen artean?
Ez naiz egokiena azken urteotan plazaraturiko idazleen puntu komunak aletzeko. Ez dakit belaunaldi berri batez mintzatu gaitezkeen ere. Badira taldetxo batzuk; ebideenteena ITU bandaren bueltan bildurikoak dira, ni baino urte batzuk gazteagoak. Posizio geografiko, tenporal eta sinboliko beretik mintzo diren kideak direnez gero, ez da harritzekoa belaunaldi beraren baitan kezka berak azaleratzea; horiek nola gurutzatzen diren, ordea, hamaika molde ager ditzakete paperean. (Irakurri +)
Abesti berririk argitaratu gabe zortzi urte luze egin ondoren, eskuartean dugu Gozategi taldearen itzulera diskoa. G. da bilduma berri honen izenburua. Ez da erraza izan, baina Zingel single-kantuaren bideoklip grabazio egunean harrapatu ditugu Iñigo Goikoetxea eta Asier Gozategi.
Galdera: Zortzi urte ez al da gehiegi ezer argitaratu gabe egoteko?
Iñigo: Asierrengatik izan balitz aspaldi atera behar zuen disko honek, baina gure bizitzek bide ezberdinak hartu dituzte azken urte hauetan, eta bakoitzaren erritmo hori errespetatu nahi izan dugu. 25 urte baino gehiago egin ditugu elkarrekin, eta ez genuen presakako ezer probokatu nahi.
Asier: 2012an egin genuen All Stars bilduma lana eta handik aurrera hasi nintzen ni kantu berriak izan zitezkeen ideiekin telefonoa betetzen. Joan den urtean 25. urteurrena eta guretzat oso bereziak izan diren kontzertuak etorri ziren. DVD eta CDa ere Durangorako eta horrekin ez nuen nahikoa, beste pauso bat behar nuen eta segituan hasi nintzen beste hauek berotzen… (Irakurri +)

Maialen Marin eta Aiora Jaka Mo Yan-en Hori da umorea, maisu! liburuaren aurkezpenean
Yan Lianke idazle txinatarraren Balou mendikateko balada euskaratu dute Maialen Marin-Lacarta eta Aiora Jaka Irizar itzultzaileek, lau eskutara. Egile indartsua da Yan Lianke, Txinako gizarteko arazoak islatzeko estilo berezia duena, aldi berean higuina eta lilura sor ditzakeena. Idazle saritua eta zentsuratua da aldi berean bere herrialdean, nazioartean ere gero eta ospetsuagoa, eta berak eskatuta euskaratu dute nobela hau itzultzaileek. Haiekin hitz egin dugu.
Hasteko, Maialen, nondik nora iritsi zinen zu kultura txinatarrera eta Hong Kongera?
M.M.: Ia lau urte daramatzat Hong Kongen bizitzen baina duela hamazazpi urte hasi nintzen txinera ikasten, 2001ean, Universitat Autònoma de Barcelonan. Geroztik, Txina eta Europa artean hainbat joan-etorri egin ditut. 2004an joan nintzen lehen aldiz Pekinera ikastera, eta gero berriro 2007an. Taiwanen ere pasa nuen denboraldi bat 2009an. Kultura txinatarrera kasualitatez iritsi nintzela esan daiteke, baina iristea gauza bat da eta ikasten jarraitzea beste bat. Hasiera batean hizkuntzak erakarri ninduen, eta gero, pixkanaka, literaturak. Beraz, 2008an, Pekineko Unibertsitatean ikasten ari nintzela, Parisera joatea erabaki nuen txinatar literatura ikasketak sakontzera. Han masterra eta doktoretza ikasi eta gero, orain txinatar literatura eta itzulpengintza irakasten ditut Hong Kongen. (Irakurri +)