Joseba Sarrionandiaren literatura unibertsoa lau haizetara zabaltzeko ahalegin eskerga da Gure Oroitzapenak. Alde batetik, hamabi film laburrez osatutako pelikula; bestetik, olerki musikatuak biltzen dituen liburua eta CD bikoitza (32 kantu). Poesiaren indarra, agerian. Joseba Sarrionandiarekin hitz egin dugu proiektuaren gainean.
Mendez mende, urte zaharraren eta berriaren kantoian berezko abestiak entzun izan dira. Oraindik ere kantatzen dira haietako batzuk, baina gehienak galdu egin dira. Bixente Martinezek antzinako doinu haien xarma berpiztu du Ur berri, urte berri disko berri zoragarrian.
Oles aroa omen zen neguko solstizioa euskaldunentzat. Alegia, kantatzeko garaia. Hortaz, antzinako ohitura da urte sasoi horretan abestiak etxerik etxe edo su ondoan kantatzea. Kristautasunaren aurretik dator ekandu hori, nahiz eta gero erlijio nagusiaz busti zen, mela-mela egin arte.
Horren ondorioz, Gabon-kantu sorta bat da Eibarko musikariak atondu duena. Orain dela urte batzuk aita Donostiak bildutako gabon-kanta liburua irakurri eta batera doinuekin maitemindu zen, hain dira ederrak. “Orduan txinparta txiki bat piztu zen nere barruan, polita izango zela egunen batean horrelako doinuekin lan bat egitea, kantu normalak balira bezala tratatuta, topikoetatik
urrun”, gogoratu du orain Bixente Martinezek.
Yoseba Peña “Nahiz eta hiru egoerak zeharo ezberdinak izan, badago hariok lotzen dituen bilbe potente bat: kemena”
Hiru emakumeren begirada baliatu du Yoseba Peñak bere nobela berrian, Hariak (Susa, 2018), XX. mendeko 50 urteko historia istorioen bidez jorratzeko, Errepublika garaian hasi eta 1980 urte aldera arte. Ezarritako mugetatik harago doazen emakumeen kemenak gidatzen du irakurlea memoria historikoan barrena.
“Hariak” 36ko gerra aurreko giroarekin hasi eta Juan Paredes Txikiren fusilamenduen osteko garaietara iristen da. Zergatik jorratu duzu hain tarte luzea?
Emakumez betetako familia batean hazi nintzen: birramama, amama eta haren ahizpa bikia, beste amama, ama… eta txikitatik liluratu izan nau haien arteko alde eta berdintasunak bilatzeak, nondik sortu ziren ulertzeak.
Gainera, gizaldi oso bat kabitzen da 1930etik 1990era eta, Hegoaldean behintzat, seguruenik izango da gehien markatu gaituen denbora-tartea, Karlistaldiekin batera. Horren inguruan eman zaigun kontakizunak, ordea, ez nau inoiz asebete, zerrenda luze bat besterik ez baita: jeneralak, heroiak, eroriak, gerrak, dominak, balentriak eta abenturak, gehien-gehienek gizasemeren bat protagonista dutenak. Pertsona anonimoen bizimodua eta bizialdia aztertu behar dira intrahistoria ezagutzeko, hots, Danilo Kiš-en Hildakoen entziklopedian agertzen direnen horiena. Proiektuarekin ibili naizen urteotan, etengabe izan dut gogoan Bertolt Brecht-en poema hura, Joxe Azurmendik euskaratu eta Mikel Laboak kantatu zuena:
(…) Lima distirant hura
eraiki zuten langileak, ze etxetan bizi ote ziren?
(…) Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada
urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?
Nire ustez, estu lotuta daude Espainiako Gerra Zibila, frankismoa eta 80ko hamarkadako hilketak Euskal Herrian. Lehenagotik datorren gatazka baten aroak dira eta, hura bere osotasunean ulertu ahal izateko, beharrezkoa da garai guztietako bizitza anonimoak arakatzea, xehatzea, atzematea.
(Irakurri +)
Iban Zaldua, fikzioaren aldarrikapena eta festa.
Ipuin-bilduma berri batekin dator Iban Zaldua: Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, errealitateari beste dimentsio bat ematen dioten 32 istorioz osatua.
Zure azken ipuin-liburu honetan badira ezaugarri berriak eta badira zure narratibaren unibertsoan ohikoak diren elementuak, ezta?
Esango nuke baietz. Desplazamendu bat dago, imajinatzen dut adinaren ondorioz, agian lehen nire narratiban horren ohikoak ez ziren gai batzuetara, hala nola heriotza eta zahartzarora, edo gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetara. Baina, aldi berean, badago jarraikortasun bat, bikote-harremanen gorabeherei, egoera soziopolitikoari edo metaliteraruraren alorrei dagokienean, adibidez. Eta, horrekin guztiarekin batera, ahalegin bat estiloa fintzeko eta urrunago iristeko, pentsatu nahi nuke.
Jarraikortasun elementu horietako bat da La Cosa
Bai, gai errekurrentea da nire ibilbidean, eta, ziurrenik euskaraz idaztera eraman ninduen arrazoietako bat. Nahiz eta liburu honetan, euskal gatazka delakoaz baino, edo bere ondorioez baino, agian gehiago aritzen naizen “errelatoaren” batailei buruz, ETA osteko paisaiari buruz. Literatura da, konbentzituta nago, memoria eraikitzeko daukagun gailuetako bat. Agian ez inportanteena: benetako kontakizunak jasotzea, historian dauden hutsuneak betetzea… hori guztia inportanteagoa da. Baina nonbaiten egin badezaket ekarpen bat, fikzioaren alorrean da. Eta fikzioaren beharra ere badugu, nik uste, honetan beste gai askotan bezala, historia “ofizialak” ez direlako leku guztietara iristen.
Katixa Agirre: “Idazteko grina baldin baduzu, amatasuna ekaitza perfektua da”
Atertu arte itxaron (2015) eleberria hiru urte argitaratu ondoren, argia ikusi berri du Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) Amek ez dute da nobela, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Augustin Zubikarai bekari esker idatzia. Honetan, amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egiten du gogoeta, intrigazko hari baten bidez: ama gazte batek bere haur txikiak hiltzen ditu, ageriko arrazoirik gabe. Idazle protagonista bere lehenengo semea erditzeko momentuan emakume hiltzailea ezagutzen duela konturatzen da. Ordutik, kasu horrek obsesioa sortzen dio eta horretaz idaztea erabakitzen du. Baina jaioberri bat daukazunean, ez da hain erreza sortzen jardutea.
Protagonistarekin ezaugarri asko partekatzen dituzu. Zure alter-egoa da?
Gauza asko ditugu komunean, bai, eta horregatik jarri diot nire jaiotze data bera narratzaileari, baina beste gauza askotan ez daukagu zerikusirik.
Liburu guztiak, lehenengo zitatik hasita -Euripidesen Medeatik hartuta-, amatasunak ekarri behar duen ustezko zoriontasuna gezurtatzen du.
Ez dut uste liburuan amatasunak dakarren zoriontasuna gezurtatzen duenik, baina hori ez da amatasunak dakarren sentimendu bakarra, eta nahasmendu horretaz hitz egin nahi nuen, nekaduraz, samurtasunaz, asperduraz, norberaren identitateak sufritzen duen astinduaz…
Jai Erraldoia da Ene Kantak taldearen disko berriaren eta ikuskizunaren izena. Erraldoia, benetan, Nafarroako zazpi konpartsetako erraldoiak tartean direlako eta eszenatokirako aretorik handienak hautatu dituztelako: Anoetako belodroma (abenduak 27), Navarra Arena (abenduak 29), Barakaldoko BEC (urtarrilak 2, eta Buesa Arena (urtarrilak 4).
Ene Kantak egitasmoa 2011n sortu zuten Urko Oskozek eta Nerea Urbizuk. Bost disko eta ikuskizun argitaratu ostean, proiektu berria jarri dute martxan. Urko Oskozek kontatu dizkigu nondik norakoak.
2011an sortu zenuten Ene kantak, nola sortu zenuten eta zein helbururekin?
Ene Kantak Nerea Urbizurekin batera sortutako proiektua da. Aspaldi elkar ezagutzen genuen. Oso ondo moldatzen ginen eta banekien musikaz asko zekiela. Orduan nik haur bat izan nuen eta euskarazko material gutxi edo zaharkitua zegoela konturatu nintzen. Pirritx eta Porrotx baino ez zegoen, zoragarriak, oso onak, baina pailazoak dira. Nik uste nuen zerbait gehiago ere behar zela. Nerearekin batera euskaraz kantak sortzen hasi ginen diskoa osatzeko asmoz. Biak irakasleak garenez, lehenengo lanarekin ateratako dirua euskara hedatzen duen elkarte bati ematea pentsatu genuen. Etekinak Sortzen elkartearentzat izan ziren. (Irakurri +)