Elkar argitaletxeko 2013 udaberriko nobedadeak

Urrezko Biblioteka (saila)

M.J. Lermontov Gure garaiko heroia. Itzultzailea: Jose Morales Belda

Gure garaiko heroiaGure garaiko heroia 1838tik 1840ra bitartean idatzitako menturazko nobela psikologikoa da. Bost narrazio biltzen ditu (Bela, Maxim Maximitx, Taman, Meri printzesatxoa eta Fatalista) eta bertan Petxorin ofizial errusiarrari Kaukasoan gertatutakoen berri ematen digu Lermontovek. Errusiako prosaren obra klasikotzat jotzen da eta eragin handia izan zuen garaiko gizartean eta geroko literaturan.

Aurkezpena: otsailean

 

 

Gustave Flaubert Madame Bovary . Itzultzailea: Patxi Apalategi.

Madame BovaryMaitasunezko eleberri klasikotzat hartu izan da Madame Bovary. Emmak, Charles Bovary medikuaren emazteak, ezkonbizitza betiberdinaz asperturik, maitale baten besoetan bilatuko du bere gaztetako amets idilikoen gauzatzea: alabaina, amoranteak bertan behera utzita eta zorrak itota, bere burua artsenikoz pozoituko du emakume etsiak.

Aurkezpena: otsailean

 

Literatura (saila)

Garazi Goia  Txartel bat (des)herrira

Peruk Euskal Herritik joan behar izan zuen 1937an, haurra zela, gerratik ihesi; hilabete pare baterako zihoala uste zuen, eta hantxe geratu da betiko, zirkunstantziek behartuta edo. Ibai ere ihesi dabil, baina bestelakoak dira bere beldurrak, bere minak. Bien artean konplizitatez eta aldi berean erreparoz beteriko harremana hasiko da. Aldi berean, herrian geratu da Sara, eta honen ahizpa Maialen, egoera guztiz berezian, zerbaiten zain. Ihesa, deserrotzea eta bertakotzea moduko gaiak lantzen ditu Garazi Goiak (Segura, 1978) bere bigarren nobela honetan.

Aurkezpena: martxoan

Goiatz Labandibar: Interrail. Igartza Saria

Europan barrena egindako ibilaldi baten tankeran egituratutako ipuin-bilduma da hau, hamaika istoriotan zehar beste hainbat hiri ezagutaraziko dizkiguna. Hiri hauetan kokatutako istorioak izango dira: Hendaia, Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza.Hiri horietako tren geltokiek badute bere toki esanguratsua, istorio guztien abiapuntua eta joan aurretik atzean uzten den azkeneko lekua baitira.Ipuin bakoitza gai desberdin baten ingurukoa da: askatasuna, alde bakarreko maitasuna, errutina, tokiz kanpo sentitzen denaren sentimendua… 

Aurkezpena: martxoan

Peru Magdalena Egia esan

“Lile” ipuin bildumaren eta haur literaturako liburu batzuen ondoren, bere lehen eleberria landu du Peru Magdalenak. Aita artista desagertuaren bila semeak egindako bidaia da itxura batean kontatzen zaiguna, baina horren barnean era guztietako esperimentuak eta deskubrimenduak proposatuko dizkigu durangarrak.

Aurkezpena: maiatzean

 

Ateko bandan (saila)

Iñaki Irasizabal Bizkartzainaren lehentasunak

Martin Goena militante armatua izan zen garai batean; gaur zinpeko guarda da. Halako batean (2011ko udan), enkargu bitxi bat egiten diote: poliziak ETAko zuzendaritzan eduki duen satorra zaindu behar du; erakundea su-etenean dago, baina oraindik ez da betirakoa, eta kolore askotako jendea egon liteke interesatuta aukera hori zapuzteko. Irasizabalek, ohi duen moduan, intrigazko eleberri desberdin bat sortu du.

Aurkezpena: martxoan

Joxemari Iturralde: Rasputin eta San Petesburgoko gauak

Grigori Yefímovich Rasputin, Errusiako Romanov dinastiaren azken egunetan eragin handia izan zuen mistiko errusiarra izan zen. Sendatzaile ospea zuen. Hori dela eta, 1905 urtean, hemofilia zuen Tsaren seme bakarra gaixotu zenean, Rasputini deitu zioten eta sendatzea lortu zuen. Harrez geroztik, Alejandra tsarina, Rasputinen eraginpean erori zen. Kondairak dionez, emakumeak bereziki ziren bere eraginpean erortzen zirenak, besteak beste, zituen sexu-trebetasunei esker.

Aurkezpena: apirilean

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina