Elkar argitaletxeko udazkeneko nobedadeak
HELDUENTZAKO LITERATURA:
LITERATURA
Arantzak barrurantz – Xabier Mendiguren Elizegi
Azken urteetan idatzitako bost kontakizun hauetan, nora ezean dabiltzan pertsonaiak marraztu ditu Xabier Mendigurenek, arantza zaharren bat atera behar dutenak edo bere baitako gabeziak nola izendatu ez dakitenak. Epika goitarrak bukatuak diren gaurko Euskal Herrian badirelako itxi gabeko zauriak, nonahi eta noiznahi bezala sentimenduz umezurtz diren gizon-emakumeak.
Odol mamituak – Alaine Agirre
Infernura jaiste baten moduan, emakume gazte batek gaitz psikikoen mende igarotako aldia kontatzen digu, modu zirraragarri baina aldi berean poetiko batean. Bost ataletan banatuta dago nobela, joan-etorri baten moduan, abailtzea eta ondorengo suspertzea. Sufrimenduz eta edertasunez beteriko narrazioa, emozioz eta zintzotasunez kontatua.
Orube abandonatuak – Garazi Kamio
(Augustin Zubikarai Saria)
Michael Cunninghamek idatzitako The hours-en antzera, eleberri honetan ere elkarrekin txirikordatzen diren hiru istorio topatzen ditugu: frankismo gordinean, espetxetik irten berri den gizonezko batek bere etxean topatzen duen panorama; 80ko hamarkadan, heroinaren gozoa atzean utzi nahi duen emakume baten minak; gaur egun, zelatatua sentitzen den neska baten beldurrak. Hiru garai eta giro, babesgabetasun sentipena pizten dutenak.
Mamuak – Ana Urkiza
Kontakizun laburrak eta luzeak txandakatuz, beldurrak, damuak, iraganeko ilusio zapuztuak landu ditu Ana Urkizak ipuin bilduma honetan. Bizikidetzaren gazi-gozoak, bikoteen bakardade konpartituak, gurasoen larritasunak, gaztaroaren ihes ebitaezina, esperantzen ihartze geldoa… horra narraziootan begirada zorrotz baina aldi berean amultsu batez landuriko gaietako batzuk.
URREZKO BIBLIOTEKA
Michel Strogoff – Jules Verne
Itzultzailea: Karlos Zabala Oiarzabal
Abenturazko eleberrien egile klasikorik bada, Jules Verne dugu hori, eta haren eleberrien artean bat hautatu beharko balitz, beharbada hauxe litzateke aukeratua: Mikel Strogoff, Errusiako Tsar-aren postari kementsua. XIX. mendeko klasiko handi bat, itzulpen zaindu batean eskainia.
Ilunpeen bihotzean – Joseph Conrad
Itzultzailea: Iñaki Ibañez San Roman
Idatzi zenetik 100 urte pasatxo iragan diren arren, oraindik ere gaurkotasuna duen eta irakurketa berrituak eskaintzen dituen liburua dugu Conrad-en hau. Kongo ibaian barrena egindako bidaia bat kontatzen zaigu, Kurtz delako agente baten bila, baina horrekin batera kolonizazioaren desmasiak salatzen dira eta gaizkiak sortzen duen lilura erakusten. Eleberri honetan oinarritu zen Francis Ford Coppola Apocalypse Now filma egiteko, XIX. mendeko Kongo belgikarretik XX. mendeko Vietnamgo gerrara eramanez.
LEKUKO
Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak – Josu Martinez
(Tene Mujika beka)
Kartzelatik ihes egitea omen da presoaren lehenbiziko betebeharra. Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako kronika-erreportaje sorta zabal honetan, azken 50 urteetan euskal gatazkarekin loturik egon diren espetxeetako ihesaldi eta ihes-ahaleginetako batzuk kontatzen zaizkigu, kontakizunerako hainbat teknika erabiliz baina betiere tonu alai batean, edozein izanda ere iheslari batek beti pizten duelako irribarrea.
POESIA
Zure hatzaren ez galtzeko – Itxaro Borda
Itxaro Bordaren poemario landu eta aberatsa, bere azken urteetako esperientzia bital eta estetikoak biltzen dituena: bidaiak, irakurketak, maitasunak, konpromisoak. Bere barnera eta aldi berean mundura egindako begirada zintzo bat, egilearen hizkera poetiko berezian emana.
ATEKO BANDA
Prime time – Jonh Andueza
Bala eta Klemente detektibeak dira, aurretik ertzainak izan ziren. Beren ibilera aldrebesen ondorioz, utzi behar izan zuten Ertzaintza, eta geroztik munta txikiko detektibe pribatuei egokitzen zaien edozein lan mota egitera behartuta daude. Oraingo honetan, ordea, eta konturatu gabe, berebiziko garrantzia duen kasu batean korapilatuta ikusiko dute euren buruan.
Harrian mezua – Alberto Ladron Arana
Alberto Ladron Aranak ohi duen gisan, thriller azkar eta bikain eraikitako bat. Nafarroako zenbait mendi-tontorretan, zutarrietan katez loturik, hildako gizon biluzi zenbait agertuko dira. Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea arduratuko da ikerketaz, eta misterioa gero eta gehiago korapilatuko da.
EZTABAIDA
Historia, Arraza, Nazioa – Joxe Azurmendi Otaegi
Nazioaren kontzeptu frantses eta alemana kontrajartzen direnean, Renan aipatu ohi da kontzeptu frantses horren aitatzat. Ernest Renan-en obra eta ibilbide osoa aztertu ditu Azurmendik arretaz, baita XIX.mendean Frantziako beste hainbat autore ere, Nazioa, Arraza, Historia gaiak landu zituztenak. Saiakera luze, mamitsu eta dokumentatua, nazionalismoaren inguruko topikoak uxatu eta ezagumendu gehiagoz hausnartzeko.