Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohiturak azterketa

Euskal herritarrek liburuak eta musika kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlan bat egin du elkar Fundazioak, Siadeco Ikerketa Elkartearen eskutik. Euskal Herri osoan egin da ikerketa, 2500 inkestaren bidez. Azterketaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte gaur Donostian elkar Fundazioko Joxemari Sorsek eta Siaderco Ikerketa Elkarteko ordezkari Juango Allurrek.

2500 inketa egin dira Euskal Herri osoan; 16 urtetik gorako euskal herritarrak hartu dira aztergai. 2,6 milioi biztanleko ubertsoa aztertu da, hortaz: Bizkaian, 996 mila (% 37,7); Gipuzkoa, 598 mila (% 22,6); Nafarroan, 536 mila (% 20,3); Araban, 174 mila (% 10,4); eta Ipar Euskal Herrian, 238 mila (% 9).

Aztertutako laginari dagokionez, euskaldunak dira % 26,6 eta erdaldun elebakarrak % 73,4. Etxeko harreman hizkuntza euskara dute % 10,3k, eta % 7,6k, euskara eta erdara. Gaztelania dute etxeko hizkuntza % 74,1ek, eta frantsesa % 6,6k.

Hedabideen kontsumoari dagokionez, euskal herritarrei % 5,8k dituzte euskarazko egunkariak gehien irakurritako bien artean. Herritar euskaldunak soilik hartuta, hau da joera: % 20,6k euskarazko prentsa irakurtzen dute. % 19,3k adierazi dute ez dutela prentsarik batere kontsumitzen. Erdarazko komunikabideen kontsumoa oso gainetik dago, beraz (% 58,8). Adin gazteagoarekin, handiagoa da euskarazko komunikabideen kontsumoa ezagutza ere handiagoa da-: 16-31 urterekin, herritarren % 8k kontsumitzen dituzte euskarazko komunikabideak; 32-54 urterekin, % 5,6k; eta 55 edo gehiagorekin, % 4,3k. Herritar erdaldunen artean handiagoa da batere komunikabiderik irakurtzen ez dutenen portzentajea: % 24,1.

Telebistari dagokionez, hamar herritarretik batek aipatu du euskarazko telebista kateren bat gehien ikusten dituen bien artean. Herritar euskaldunak hartuta, hara: euskarazko telebistaren bat % 42k ikusten dute; % 48k ez dute euskarazkorik batere ikusten.

Sare sozialen erabilera asko aldatzen da adinaren arabera, 45etik gorakoetan, oraindik, gehiago dira sare sozialak erabiltzeko ohiturarik ez dutenak; 16tik 25era artekoetan berriz, sare sozialen erabilera orokortua dago, 10 gaztetatik 9k erabiltzen baitituzte.

Irakurtzeko ohitura

Liburu irakurleak dira hamar euskal herritarretk zazpi: % 58 ohiko irakurleak dira –libururen bat irakurri dute azken hilabetean-, eta % 12, noizbehinkakoak- azken liburua duela sei hilabete baino gutxiago irakurri dute-. Kopuru horiek badituzte gorabeherak aldagai batzuen arabera:

– Generoa. Ohiko irakurleak dira emakumeen % 62,9; gizonetan, % 52.
– Lurraldea. Ipar Euskal Herrian handiagoa da ohiko irakurleen portzentajea: Euskal Herrian % 58 dira, eta Ipar Euskal Herrian, % 68.
– Adina. 16-25 urteko gazteek irakurtzen dute liburu gehien. Horretan, hala ere, zuzeneko eragina dute ikasketekin lotutako liburuek.
– Hizkuntza gaitasuna. Euskaldun diren herritarretan, liburu irakurleak gehiago dira, % 60,7; ez euskaldunetan % 56,4.

Euskarazko eta erdarazko liburuak

Euskal herritarren % 11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak: % 6k, ohikotasunez; % 5ek, noizbehinka. Kontuan izatekoa da lau euskal herritarretik bakarra dela euskalduna. Nolanahi ere, herritar elebidunak hartuta ere, haien artean ere gutxiengoa dira euskarazko liburuen irakurleak : % 42 – % 22,9 ohiko irakurleak dira, eta % 19,4 noizbehinkakoak-.

Aisialdiko liburuak bakarrik hartuta, euskarazko liburuen irakurleak diren herritar elebidunen ehunekoa, oraindik eta baxuagoa da: % 34,4 – % 15,1 ohiko irakurleak eta % 19,3 noizbehinkakoak-. Aldiz 10 herritar elebidunetatik 6 baino gehiago, % 62,9, badira erdarazko liburuen irakurleak – % 44,4 ohiko irakurleak eta % 18,5 noizbehinkakoak-.

Irakurtzeko formatua

Liburu digitalaren eta paperekoaren kontsumoa alderatu da, aisialdiko irakurketa kontuan hartuta. Badago aldea hizkuntzaren arabera. Erdarazkoetan, aisialdian % 60k irakurri du azken urtean gutxienez liburu bat papereko formatuan, eta digitalean, % 20k. Hirutik bateko erlazioa, hortaz. Euskaraz, berriz, aisialdian euskaldunen % 33k irakurri dute azken urtean gutxienez liburu bat paperean; digitalean, % 5ek. Zazpitik bateko erlazioa. Adinari jarraiki, 45etik 54 urtera arteko herritarrez irakurtzen dituzte  aisialdian libururik gehien, bai paper formatuan eta baita digitalean ere; euskarazko liburuen irakurle direnen herritar euskaldunen ehunekoa ere, adin tarte horretan da altuena.

Formatu digitaleko liburuen erabilera areagotu egingo dutela adierazi dute % 15,8 herritarrek, eta % 3,2k esan dute gutxiago erabiliko dituztela. Bide berean ageri da doako liburuen erabilera ere –norbaitek utzita edo oparituta eskuratutako liburuak, paperekoak edo digitalak-: % 13,7k diote handitu egingo dutela horien erabilera, eta jaitsiera % 5,6k seinalatu dute.

Euskaraz irakurtzeko zailtasuna

Euskaldunei galdetu zaie zein diren euskarazko liburuen irakurketa mailan eragin handiena duten faktoreak. Euskaraz irakurtzeko ohitura edo erraztasun falta agertu da maizenik: %42,5ek adierazi dute hori. Nabarmen atzerago dago euskaraz gustuko libururik ez aurkitzea (%9,9).

Papereko liburuak

Hiru herritarretik bik (%66,2) erosi dute azken urtean gutxienez papereko liburu bat. Hamarretik ia lauk (%37,8) bost liburu edo gutxiago erosi dituzte; hamarretik ia hiruk (%28,3), bost baino gehiago. Lau euskal herritarretik batek (%27) hartu du azken urtean maileguan papereko liburu bat gutxienez; liburuak erosten dituztenen erdiak baino gutxiago dira. Papereko libururen bat doan hartu dute herritarren erdiek (%50,8) azken urtean: opari gisa, utzita…

Liburu digitalak

Hamar herritarretik batek (%10,7) erosi du azken urtean gutxienez liburu digital bat: %5,7k, bost liburu digital baino gutxiago; %5,1ek, bost baino gehiago. Maileguan %3,5ek hartu dute azken urtean liburu digitalen bat. Doan eskuratu dutenak %8,9 dira.

Liburuak erosteko tokirik ohikoenak

Papereko liburuak non erosi, gertuko edo herriko bertako liburu dendena da aukerarik ohikoena: %46,9 herritarrek hori diote. Segidan daude liburu denda handiak (%35,5) eta merkataritza gune handietako saltokiak (%20,3).

Papereko liburuak Internet bidez erosteari dagokionez, %11,4k adierazi dute badutela horretarako ohitura ―bi erosketa leku hautatzeko eskatu zaie―. Ohiko liburu irakurleek joera handixeagoa dute Interneten erosteko: %16k.

Internet erakusleiho

Adinaren arabera alde handia dago liburuak erosteko Internet baliatzeko: 44 urtera artekoetan, hamarretik ia bik erosi dituzte papereko liburuak Interneten; hortik zenbat eta gorago, gutxiagok. Bestalde, 44 urtez beherako herritarrek, zein liburu erosi aukeratzerakoan, garrantzi handiagoa ematen diote Internet bidez erosteko aukera izateari. Liburu bati buruzko informazioa eskuratzeko, %25,6 herritarrek baliatzen dituzte Internet eta sare sozialak ―zenbat eta gazteago, handiagoa da bide horietara jotzeko ohitura―. Nolanahi ere, lagunen gomendioak izan ohi dira ohikoenak: %49,6.

Musika entzuleak

Hamar euskal herritarretik seik egunero edo ia egunero entzuten dute musika; hamarretik ia bik, gutxienez astean behin. Hamarretik bakarrak ez du musikarik entzuten. Gazteen artean handiagoa da musika kontsumoa: 16-25 urterekin, %90ek entzuten dute egunero edo ia egunero. Adinean gora, txikiagoa da kontsumoa: 65 urtetik gorakoetan, %46k dute musika egunero entzuteko ohitura.

Irratia da musika entzuteko bitarteko nagusia: %42k aipatu dute. Segidan daude gailu elektroniko eramangarriak (%31): sakelako telefonoa, MP4a…

Musika diskoen erosleak

Hamar euskal herritarretik hiruk (%29,5) erosi du azken urtean gutxienez disko bat (CD, DVD, binilo…). Ipar Euskal Herrian handiagoa da erosleen portzentajea: %51k adierazi dute azken urtean disko bat behintzat erosi dutela. Euskarazko diskoei dagokienez, euskaldunen %30ek erantzun dute erosi dutela azken urtean; ez-euskaldunetan, %6k.

Musika eskuratzea

Lau herritarretik batek (%26) badu ohitura formatu digitaleko musika doan eskuratzeko; aldiz, %6 dira formatu digitaleko musika erosten dutenak. Adinak badu eragina horretan: 16-25 urtekoen adin taldean, hirutik bik (%66) doan eskuratu ohi dute formatu digitaleko musika.

Ohitura horiek indartu egingo dira datozen urteetan, herritarrek azaldu dutenez. Laurdenek adierazi dute (%27) formatu digitala gero eta gehiago erabiliko dutela, eta %23k, doan eskuratutako musikara joko duela gero eta gehiago. Gazteen kasuan, areago: erdiek adierazi dute doan lortutako musika kontsumituko dutela gero eta gehiago.

Siadecoren ikerketak azaldutako datuen gainean, ideia batzuk azpimarratu ditu Joxemari Sorsek, elkarFundazioaren izenean.

Lehenengo ideia, euskararen merkatua. Emandako datuen arabera, Euskal Herriko  15 urtetik gorako 10 biztanletik 7 dira irakurleak, %58 berriz ohiko irakurleak ─1.500.000 lagun─; euskarazko ohiko irakurleak, berriz, %6 dira ─160.000 lagun─, euskaldunen artean %22,9 dira ohiko irakurleak. Datu horrek bat egiten du euskarako prentsa irakurleen datuarekin ─%5,6k dio irakurritako bi egunkari nagusitik bat euskarazkoa dela─. Datu hori markatu beharrekoa dela uste dugu, askotan egiten diren irakurketak bere lekuan jartzeko. Ondoriozta daiteke euskarazko idatzizko ekoizpenaren inguruan dagoen merkatua  150.000 lagun ingurukoa dela, eta horrek ematen duen neurria mugatua da. Horrek berak, besterik gabe, eskatzen du euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatzea eta lantzea sektorearen eta administrazioaren artean. Aldi berean, erakusten digu euskarazko ekoizpenak baduela merkatua handitzeko aukera, euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzea lortzen badugu. 

Bigarren ideia, aurrekoarekin lotuta, euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia, euskaraz irakurtzeko erraztasunik ez izatea. Euskaldunen %42ak esaten du euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia erraztasun falta dela. Horrek, zoritxarrez, agerian uzten du euskaldunen ia erdiaren hizkuntza gaitasuna, kultura eta bizi hizkuntza nagusia ez dela euskara, euskararen gutxitasun egoera. Beraz, defizit inportante bat dugu hor. Euskaraz gustuko libururik ez izatea edo interes falta ez dira arrazoi nagusiak eta hori ere azpimarratzekoa da.

Hirugarren ideia bat, esperientzia digitalareninguruan. Gaur egun oraindik gehiengoak paperera jotzen du liburuak irakurtzerakoan, bai behintzat aisialdiko irakurketa esango genukeen horretan. %15ak esaten du gero eta gehiago irakurriko duela digitalean, eta bada %3a esaten duena gutxiago egingo duela aurrerantzean. Beraz, liburu digitalak ez du, oraingoz, garai batean esaten zen bezala egiten aurrera, jendeak nahiago du papera. Horretan, gure ustez badu zer ikusia irakurketak berak, irakurketa aktibitatea aktiboa da, esfortzua eskatzen du, gutxieneko kontzentrazio bat, eta badirudi hori, gaur gaurkoz paperean errazago lortzen dela. Beraz, esan genezake papera eta digitala, biak izango ditugula. Hori bai, erosketari dagokionez, liburu-denda fisikoa izan arren erosteko leku nagusiena, gero eta joera handiagoa dago erosketa Internet bidez egiteko, batez eregazteen artean, eta horrek gora egingo du hurrengo urteetan.

Beste ideia bat musika dela-eta. Hemen bai, formatu fisikoa gure bizitzatik ia desagertzen ari da. Jendeak irratiz edo gailu elektronikoei bidez entzuten du, oso gutxik erosten dituzte diskoak,eta digitalean ere, ez ordaintzeko joera dago. Ikusiko da hurrengo urteetan zein norabidetan joango den. Musikaren industria bai aldatu da erabat.

Gogoeta bat egin beharko litzateke kultur produktuak doan jasotzeko joeraren aurrean. Bada garaia, kultura ordaindu egin behar dela, balioan jartzeko. Bizitzako edozein eremutan bezala, kulturan ere enpresak eta langileak daude, eta haien lanak ordaina behar du. Ez bagaude prest liburu, disko, zinea eta abarrengatik ordaintzeko, nor dedikatuko da kulturara? Nondik etorriko dira baliabideak sortzaileentzat eta kultur sistema osoarentzat? Ezin dugu gaia pasatzen utzi, eta serio landu beharko genuke denon artean.

Ikerketa honek erakutsi digu liburuak oraindik merkatu bat duela, baina jakina da irakurketa jaisten ari dela, besteak beste jendeak gero eta denbora gutxiago duelako, telebistak, mugikorrak eta beste abarrek hartzen duen denbora beste leku egiteko batzuetatik desagertzen da. Beraz ez da liburuarena, goraka joango den merkatua izango. Eta oso kontuan hartu beharko genuke euskarazko merkatuaren tamaina, haren izaera ahularekin. Horrek eragin zuzena du argitaletxeen ibilbidean, gero eta tirada txikiagoak egiten dira eta momentu batetik aurrera, ez da errentagarria. Sektoreak erronka handiak ditu aurrera begira.

Ikerketa hau posible izan da 2016an Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntza bati esker, Enpresa ehunaren lehiakortasuna indartzeko egitasmoaren barruko deialdian jasotako laguntzari esker. Eskerrik asko, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamenduari.

Txostena osorik jaitsi

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin