Euskal kostaldea, lau urtaroetan gozatzeko
Itsasoa ur-bazter luzea da. Martin Ugaldek horrelaxe titulatu zuen bere liburuetako bat. Luzea eta zabala, esango nuke nik. Hala bada, aukeran dugu hura bere luzean zein bere zabalean hartzea. Gu bertoko gure itsasora mugatuko gara, ostera. Hori bai, zabalean eta luzean. Baita sakonean ere, ahal bada. Noiz etorri? Edonoiz.
Kantauri Itsasoa eta, beraz, Euskal Herriko kostaldea, lau urtaroetan dira ederrak. Zuhurtasunez, zein urtarori zer eska dakiokeen jakin eta horrexen bila joanez gero. Zuhur jokatzeko ezinbestez behar dena itsasaldien taula da. Zein ordutan hondartzak eta zein egoeratan izango diren jakiteko, bederen. Horrekin batera, gogoan hartu behar den bakarra zera da, Kantauri Itsasoa ez dela Mediterraneoa. Horrela bada, martxoan eta irailean itsasaldi bizienek eskaintzen diguten aberastasunaz gozatu ahal izango dugu. Horiek Geoturismorako eta Naturturismorako aukera-aukerako uneak izaten baitira. NaturTurismorako, alegia, urteko beste garaietan urpean bizi diren espeziak ikusteko, itsasbeheretan. Geoturismorako, hau da, fosilak eta besteren bila argazki kameraz armaturik abiatzeko. Bi-biak Mundakan bertan gauzatu ahal diren jarduerak. Bestalde, Zumaiako flyschak urte osoan eskaintzen digu geoturismorako bidea. Horretarako munduan den lekurik gurena omen da, UNESCOk beste askoren artean halaxe hautatua.
Urtaroen eskaintzei jaramon eginez, udaberrian zetazeoak begiztatzeko aukera izaten da. Busturian dagoen Euskadiko Biodibertsitatearen Zentruak bisita-gidatuak antolatzen ditu, Ambar izeneko natur taldeak gidatuak. Uste baino espezie gehiago izaten dira hemengo uretan nabigari. Beti-beti begiztatzen ez badira ere, gehienetan ez da faltako aleren bat ikustea. Hori bai, ordu biko nabigazioa izaten da, espero ez dugun itsasoa topa dezakegu. Prest etorri.
Itsasertzera itzuliz, surfa dugu bolada kirola gurean. Telesailetan ikusten direnekin ohitu denak olatuen aparretan hegan egitearena eguzkiarekin eta, ondorioz, udarekin lotuko du. Oker galanta. Irailaz geroztik izaten dira gurean egun surfgarrienak. Mundakak du horretan egina bere marka, Munduko Txapelketaren lekuetako izan baita urteetan. Olaturik beti ez han ordea, eta urte batzuetan Angelura edo beste nonbaitera joan behar izaten zenez, galdu egin du koroa. Urpera joan ote da?
Urpera murgiltzeko ez dago urtarorik. Neguan ere izaten baitira itsaso bareak. Hain zuzen ere, udakoak baino bareagoak. Izan ere uda izaten baita itsasoan arrisku handiagoa negua baino. Neguko itsaso handiak aldez aurretik iragarri ahal dira. Udako galarrenak iragartzea zailago da. Dena dela, urpekariak beti gogoan izan behar duena da jarduera hori ez dela konpainirik gabe egitekoa. Gure itsasertzean han eta hemen diren oroigarriek gogorarazten diguten legez, badira bizia urpean horrexegatik utzi dutenak. Egun, gure portu gehienetan, guztietan ez esatearren, bada urpekaritzan profesionalen eskutik jarduteko aukera.
Gaua eta eguna bereiztuz, itsasargiek fanta-siaz josten dituzte itsasertzeko parajeak. Lekeitiokoa interpretazio leku bihurtu dute. Bidaia zoragarria Euskal Herriko itsasargiak bisitatzea, Getxoko Galean hasi eta Miarritzen buka. Isiltasuna bilatuz gero, Matxitxakokoa.
Honaino aholkuak eta iradokizunak. Gogoratu lau urtaroetan badela zertan aisialdia eman euskal kostaldean.