Grey eta lagunak

cincuenta_sobras_flashbackBerrogeien krisira heltzerakoan, batzuk dibortziatu, beste batzuk kotxez aldatu eta beste batzuei literatura erotikoa idaztea bururatzen zaie. Hala gertatu zitzaion Erika Mitchell britaniarrari, zeinek E.L. James izenordearekin ospe mundiala lortu duen Fifty Shades of Grey eleberriak zabaltzen duen trilogia erotikoarekin (Gazteleraz, Cincuenta sombras de Grey, DeBolsillo, 2014). Azkar pasa dira pantailara Grey, neskatila birjina eta bondage parafernalia. San Balentin egunaren bezperan estreinatu zen pelikula, mundu libre osoan, beste emakume batek, Sam Taylor-Johnson londrestarrak, zuzendua.

Herri jakinduriaren arabera pornoa gizonezkoentzat da eta erotismoa, berriz, emakumezkoentzat. Auskalo. Arreta deitzen du bederen literatura erotikoan nabarmendu diren emakumezkoen kopurua.

Marguerite Duras-ek bere nerabezaroko memoriak hustu zituen L’Amant nobelan (Maitalea euskaraz, Ibaizabal, El amante gazteleraz, Tusquets), Indotxinan zela gazte txinatar aberats batekiko harremana kontatuz. Jean-Jacques Annaudek zuzendu zuen zine bertsioa, 1991n.

Laurogeiko hamarkadan zeresan handia eman zuen beste emakume batek –Elizabeth McNeill izenekoak– idatzitako istorio baten pantailaratzeak. Kim Basinger, Mickey Rourke, Manhattango yupiak eta kapela behintzat jantzita uzteko aholkua. Horixe 9 ½ weeks eleberriaren haria (Nueve semanas y media, Tusquets) Adrian Lynek pantailaratu zuena 1986an. Asko zor dio Fifty Shades of Grey arrakastatsuak 80ko hamarkadako istorio bero honi, besteak beste, izen bera daukate bi protagonista aberatsek: Gray/Grey.

Marayat Rollet-Andriane Bangkoken jaio zen eta, Emmanuelle Arsan ezizenaz sinatu zituen hainbat eleberri. Emmanuelle eleberri sasi-autobiografikoa (gazteleraz Tusquets-ekin) modu klandestinoan zabaldu zen Frantzian 1959an, baina 1974an publiko zabal batentzat egin zen ezagun zine-egokitzapenari esker, Just Jaeckin-en eskutik.

Zaletasuna garatu nonbait eta Jaeckin-ek literatura erotikoaren hainbat harribitxi zuzendu zituen hurrengo urteetan. 1975ean Histoire d’O, Anne Desclos frantziarrak ezizenez idatzitako nobela pantailaratu zuen (Historia de O, Plaza&Janés). Eleberria epaitegietatik pasa zen, eta filma ere debekatuta egon zen garai batez Erresuma Batuan.

Baina Just Jaeckin kikildu ez eta Lady Chatterley’s lover (El amante de Lady Chatterley, Booket) ere adaptatu zuen hurrengo urtean, D.H. Lawrencen eleberri polemiko eta (berriro ere) debekatua.

Polemika gutxiagorekin argitaratu zen Almudena Grandesen lehenengo eleberria 1989an, Las edades de Lulú (Tusquets): Sonrisa Vertical saria irabazteaz gain zinera eraman zen urtebete beranduago, Bigas Lunaren eskutik.

Literatur erotikoa eta film erotikoak, emakumea edo gizonezkoa izan, horra berrogeien krisia igarotzeko modu atsegina.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina