Haurraren negarra gehienetan

Liburu ugari dago haurtzaroaren hariekin egituratuta, protagonista umea delako edo ume ikuspegia azalarazten duelako edo protagonistaren bizitzan haurtzaroak presentzia handia izan duelako edo… Izan ere, badirudi izaki guztien bizitzan daukala haurtzaroak presentzia erabatekoa. Horrezaz gainera, mila aldiz errepikatu den esaldiak dio zahartzarora heltzean ume bihurtzen dela pertsona, orduko mekanismo guztiak berreskuratzen dituela, baina kontrara ere egin daiteke hipotesia: haurtzaroaren inguruan egin diren filmak, liburuak eta artelanak kontuan hartuta eta ume izaeraren erakargarritasunari begira, ematen du horren bila aritzen dela pertsona helduaroa hasten duenean eta amaieratik gertu dagoenean hurbiltzen dela gehien hasierara. Gauza da maisulanak atertu gabe idatzi izan direla haurtzaroa oso presente izan duten egileen eskutik.
Atal honetan aurretik ere aipatu izan dugu Agota Kristof zenaren Koderno Handia, haurtzaro betean dauden anaien begiradapean kontatzen dizkiguna Bigarren Mundu Gerrako gertaera lazgarri batzuk. Baina ildo beretik irakur daiteke Günter Grassen Latorrizko danborra (Die Blechtrommel, El tambor de hojalata). Oskar Matzerath bereziaren istorioa da, latorrizko danborra aldean Bigarren Mundu Gerra osoaren eta osteko urteen lekuko dena, betiere ume izateari utzi gabe.
Haur eta gazte literaturan asko dira, nola ez, ume protagonistak; hor dago, esaterako, Jules Verneren Grant kapitainaren semeak, baina badira liburu batzuk umeentzat aurkezten diren arren, nagusiek ikaragarri gozatzen dituztenak. Sail horretan sar daitezke René Goscinnyren Nikolas Txikiren istorioak zein Mark Haddonen Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia.
Baina beren-beregi helduentzat idatzitako ume protagonistadun istorioez ari gara hemen eta ezaugarri hori bete-betean erakusten duten liburuak dira Alessandro Bariccoren City edo Rubén Gallego idazle errusiarraren Beltz gaineko zuria (Blanco sobre negro). Rubén Gallego, jatorri espainiarreko errusiarra, elbarri jaio zen eta amari hilda zegoela esan zioten umezurtz-etxe batera bidali baino lehen. Horrela erabili omen zituzten orduko Errusian “gizarterako baliagarriak” ez ziren ume elbarri asko, eta Rubén zahar-etxe batean abandonatu zuten azkenean, hiltzeko beste itxaropenik gabe. Hori guztia kontatzen du idazleak aipatutako liburu horretan (2005ean argitaratu zuen Xake –Ajedrez– liburuan beste koska bat estutu zuen gaiaren inguruan), nola bizi izan zituen urte haiek guztiak eta nola egin zuen ihes 1990ean hiltzeko etxe hartatik.
Badira liburu batzuk haurtzarotik nerabezarora modu zelan edo halan traumatikoan pasa diren edo pasatuko diren ume protagonistak dituztenak. Adibiderik garbiena John Kennedy Tooleren Neon Biblia (The Neon Bible, La Biblia da neón); J. D. Salinger idazle estatubatuarraren Zekale artean harrapaka ere ildo beretik irakur daiteke eta guregandik askozaz hurbilago, hor dago Ramiro Pinillaren Inurri itsuak (Las ciegas hormigas). Gozoa ere ez zen izango haurtzaroaren pasarte hura William Faulknerren Hilzorian nagoen artean (As I Lay Dying, Mientras agonizo) eleberriko Vardaman umearentzat: ama hila lurperatzera eramateko bidaia ezin luzeagoa kontatzen da liburuan. Ez da ildo horretatik gehiegi urruntzen Khaled Hosseiniren Kometa ehiztaria.
Euskaraz ere badira haurtzaroarekin lan egin duten liburuak, jakina. Batzuetan oso presente dago umea, protagonista izan ez arren, Anjel Lertxundiren Otto Pette eleberrian bezala. Besteetan protagonista erabatekoa da, Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da nobelan legez. Bernardo Atxagaren literaturan ere etengabe daude erreferentziak, Soinujolearen semea edo Bi anai eleberrietan zein Obabakoak liburuko zenbait ipuinetan, hala nola “Esteban Werfell” edo “Gauero aterako nintzateke paseatzera” zoragarrian.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina