Ion Stegmeier-en liburu gomendioa – “El olvido que seremos”
- Ion Stegmeier (kazetaria)
- |Liburuak
- |2013-06-24
- |Iruzkinik ez
Matoi batek Medellinen sei tiroz hil ondoren, bi papertxo topatu zizkioten poltsikoan aitari. Bata, paramilitarrek mehatxatutakoen zerrenda zen. Bertan agertzen zen bere izena: Héctor Abad doktorea. Bestea, poema bat, Borgesen Epitafioa –Ya somos el olvido que seremos…, hasten dena- heriotzaz eta honen ondoren datorren ezerezaz, isiltasunaz, ezabaketaz. Garbi mintzo zen Abad doktorea bere papertxoekin: akatu nahi naute, badakit, baina hemen nago ni, poesiaz jantzita.
Mediku eta Giza Eskubideen aldeko borrokalari honen semeak hogei urte behar izan ditu guzti horretaz idatzi ahal izateko, erabili nahi zituen hitzak lehortu diren arte. Aitak indarkeriari aurre egiten zion, hori baitzen Kolonbian hilkortasun faktore nagusia, eta indarkeriak jota hil zen, aspaldiko sendagileek izurrite bubonikoa edo kolerak kutsaturik zentzen ziren bezala. Heriotzaz baino gehiago, dena den, bizitzaz aritzen da seme idazlea liburu honetan, bere aitarekin zuen maitasun erraldoiaz batik bat. Jasotako hezkuntza eredugarria, erlijioa, sexura esnatzea, politika, musika, konpromiso soziala, familia… guzti horiek biltzen ditu liburu goxo honetan Hector Abad IIIak (hala sinatzen zuen umetan ze, ziur zen, aitak bi pertsonek adina balio zuen).
Erlazionatutako Albisteak
- ← Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
- Los más vendidos de la semana – Asteko salduenak 2013-06-26 →