ISTANBUL munduaren bisagra

Mendebaldearen eta ekialdearen arteko bisagra dela esan izan dute Istanbuli buruz. Pierre Loti idazle erromantikoaren izena daraman kafetxe honetatik, sinetsi egiten dugu. Garaien arteko zubia dela hiri hau. Leinu eta jendeen artekoa. Elurraren eta izerdiaren arteko gurutzaketa. Tearen eta kafearen artekoa. Besarkada eta kartzela. Gizasemea eta zakurra. Gauaren eta egunaren arteko akordio ezinezkoa. Okerrenerako prest zaudenean onenarekin harrituko zaituena. Trafikoaren kaosa eta zeruaren oreka. Bartzelona eta Kairoren alaba umezurtza. Norbere burua galdu eta aurkitzeko hiria. Mozkorraldiarena eta barauarena. Idazleak inspiratu eta zigortzen dituena: Yasar Kemal kurdua (Ararat mendiaren sumina,Zanpa ezak sugea) kartzelara bidali zuena, eta lerro hauek idazten ditudan bitartean Alla-ren alabak nobelan erlijioari laido egiteaz akusaturik Nedim Gürsel epaitzen duena. Gabriel Arestik aspaldi itzuli zuen Nazim Hikmet poetaren Lau gartzelak. Orhan Pamuk (Elurra, Estambul: memorias y la ciudad) nobel sariduna irakurri besterik ez dago Turkia pendular honen kontraesanen berri izateko. Pera Palas hoteletik gertu (bertan idatzi zuen Agatha Christiek Orient Expresseko  hilketa) eskutik doazen bikoteak ikus ditzakezu, baina San Salvadorretik atera orduko beltzez jantzitako emakumeak dira nagusi, erabat estalitako gorputzak, begientzat zirrikitu bat besterik ez dutenak, seme-alabak eskutik arrastaka daramatzatela. Mezkita Urdinaren inguruan hotel hantusteak, erortzear dauden eraikin dekadenteak hurrena (“oso gaizki egon arren, ez erortzea da etxeen berezko joera” dio lagun arkitektuak, gu lasaitu guran). Merkatalgune erraldoiak denda ziztrin erakargarriekin tartekatzen dira. Ahobiko labana, Istanbul. Ezkontzek ere, osoko balioa izango badute, bikoitzak izan behar: lehenbizi zibiletik eta gero elizatik. Hil, behin bakarrik hiltzen dira, eta eskerrak; Islamak errausketa gaitzesten duenez, zail dago hildakoak non lurperatu asmatzen. Chateaubriandek hala idatzi zuen 1806an: “Hiri honetan, saltzeaz, erosteaz eta hiltzeaz ase dirudite biztanleek.”

 

 

Misteriorako eszenatoki aproposa daIstanbul, horren lekuko Elif Shafaken La bastarda de Estambul, Cecil Okerren Un cadáver junto al Bósforo edo eta Petros Márkarisen Muerte en Estambul argitaratu berria: Istanbulera darama oraingoan idazleak Kostas Jaritos ikertzailea. Hain hiri argitsuak zer ote du krimenaren itsasargi izateko? Aspalditik dator kontua: Orson Welles eta Joseph Cottenek 1943an Eric Amblerren nobela egokituz egindako Journey to Fear film koskorra, Estambul birbataiatu zuten gazteleraz. Merkatal ontzietako ganbaroteetan eta kabaret borborkarietan gauzatzen da film beltza. Aspaldion usu ikusi dugu zeluloidean Istanbuleko karrika estuen isla indartsua: Hamman iradokigarrian, iaz Donostiako Zinemaldian saritutako La caja de Pandoran… Baina zuzendari bat aipatzekotan, Fatih Akin da hori: Cruzando el puente, Contra la pared eta Al otro lado zuzendu dituena, Turkiak Alemaniarekin duen loturaren erakusgarri (Emine Sevgi Özdamar idazlearen El puente del Cuerno de Oro da harreman gatazkatsu horren beste adibide bat). Soinu banda ederragatik bereziki aipagarria da Al otro lado, Mackali Hasan Tunc, Kazim Koyuncu, Ahmet Kaya, Selim Sesler edo Sezem Aksu bezalako artisten lanak jasotzen baititu, ekialdeko musikatik abiatu eta dub ukitua duten moldaketekin buka.

Izan ere, kantuetan sarri-sarri agertzen da Istanbul, modu mitiko edo sinbolikoan ia beti: Juan Carlos Perezen Hau berua diskoan, bere jaioterritik urrun jaio izan balitz nor izango ote zen galdetzen zion kantariak bere buruari: “Istanbulen jaio banintz, adibidez, arrai saltzailea Karakoy zubian gauero izarrei begira.” 

Ez dugu Istanbuleko gauez hitz egin. Argia itzaltzen denean pizten diren gauza horiek guztiez. Katuen ukimena eta ikusmena ditu Istanbuleko gauak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina