Jakin aldi berri bat urratzen

Jakin aldi berri bat urratzera dator 2014 honetan. Aurten 58 urte beteko dira Arantzazun lehen zenbakiak argia ikusi zuela, 45 hiritartu zela, eta 37 Joan Mari Torrealdai buru duen taldeak modernotu eta arnas berri bat eman ziola. Aurtengoa ere aldaketa urtea izango da: batetik, 200. zenbakiarekin batera aldizkaria itxuraldatu eta kolorez jantzitza datorrelako; bestetik, sareko atari hau bera goitik behera berritua eta osatua aurkezten zaigulako, eta, azkenik, egitura aldatu eta Jakin fundazio bihurtu delako.

Jakin gogoetarako, kritikarako eta azterketarako aldizkari gisa jaio zen  1956an, eta hala jarraitzen du orain ere, euskal kulturako eta mundu zabaleko auzi nagusiak aztertuz eta elikatuz. Urte horietan guztietan egoera anitz eta aldaketa asko bizi izan ditu, baina oraingo hau inoizko handiena dela uste du Joan Mari Torrealdai zuzendariak, eta baita aurtengoa urte erabakigarria izango dela ere Jakinentzat.

 

 

Papera eta sarea batera. Aldizkariak itxura berria hartu du, kolorez jantzi da, eta horrekin batera malguago eta modernoagoa ageri da. Gainera, paperezko aldizkaria eta aldizkari digitala, biek, aldi berean ikusiko dute argia, hementxe bertan duzun 200. zenbakitik aurrera, eta urrats honekin irakurleentzat irisgarriagoa eta irakurgarriago suertatuko da.

Ataria: gaurkotasuna eta memoria. Bestela ezin eta, webgunea ere goitik behera berritua dator. Jakinek jakintzaren sarea josten jarraitu nahi du eta horretarako atari hau gune bizi izatea nahi du, eta gaurkotasuna elikatzeko asmoa du. Horretaz gainera, Jakinen ondare guzti-guztia klik batera du irakurleak. Horretarako, orri honen beraren buruan duzun bilatzaile indartsu bat abiarazi da, eta horrek azken hirurogei urtetan euskalgintzan eta kulturgintzan jazo den eta idatzi denaren inguruko bilduma aberats eta oparoa arakatu eta ustiatzeko aukera ematen du. Atari honek Jakinek argitaratutako aldizkari guztiak eta liburuak biltzen ditu; Liburuaren Behatokia atalak euskal liburuen 50.000 fitxa bibliografiko ditu kontsultagai, eta Memoria sailak, berriz, XX. mendeko euskal kultur eragileen lekukotasun eta lana eskaintzen ditu.

Ondarea herriaren esku. Fundazio egitura hartuko du hemendik aurrera Jakinek. Horren helburua ondare material eta ezmaterial osoa euskal kulturaren zerbitzurako uztea da.

Talde berria gidaritzan. Jakineko talde historikoak, Joan Mari Torrealdai, Joseba Intsausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategik osatzen dute Jakineko talde historikoa. Azken 37 urtetan euren lanetik eta eskutik bizi izan da Jakin proiektua. Orain erreleboa emateko garaia dela pentsatuta, talde berri baten esku utziko dute Jakinen gidaritza maiatzetik aurrera.

Harpidedunak Jakinkide. Hau guztia aurrera eramateko Jakinek proiektuan sinetsiko duten lagunak behar ditu, egitasmoa sostengatu eta babestuko duen jendea, Jakinkideak alegia. Lehengo harpidedunak oraingo Jakinkideak izango dira. Proiektua languntzearen truke eskaintza zabal eta berezia izango dute.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina