Ana Malagon: “Mina da kontatzen den istorioaren muina”

Lasai ez da ezer gertatzenAna MalagonLasai, ez da ezer gertatzen mikroipuinen bildumarekin estreinatu da literaturaren plazan Ana Malagon (Donostia, 1978). Egungo gizartearen erretratu distortsionatu gisa har litezkeen istorioak, bakardade eta frustrazioa darienak baina umore fin batez kontatuak.

Idazle gazte baten lehen liburua dugu hau, baina zure belaunaldikide batzuk aspaldi hasi ziren argitaratzen. Zergatik orain?   

Baldintza jakin batzuk eman behar ziren. Idazte lanean ganoraz aritzea, nire gaitasunean eta idazten ari nintzen horretan gutxieneko segurtasun bat edukitzea eta, azkenean, norbaitek hau argitaratzeko interesa edukitzea. Orain arte, bi lehenengoak falta izan zaizkit. Eta, zorionez, bi baldintza horiek eman direnean, hirugarrena ere bete da. Jackpot.

Internetetik papererako saltoa eman duzu: pauso natural bat da? bi eremu desberdin? nola ikusten duzu? 

Niretzat naturala izan da, azken finean interneten idazten nituen ipuin laburrak argitaratu baitira. Orokorrean pauso naturala den, ez dakit, baina desio naturala badela esango nuke. Are gehiago fikzioa idazten duenaren kasuan. Interneten idazten den fikzioa nahiko gutxietsia dagoela iruditzen zait, eta badirudi serio hartzeko apaletara pasatzea beharrezkoa dela. Ez bakarrik besteen iritzian, baita norberak bere lanarekiko duen iritzian ere. Bidezkoa ote den? Nire zalantzak ditut. Bi eremu ote diren? Baliteke batean eta bestean gauza desberdinek funtzionatzea, irakurketa baldintzak desberdinak direlako eta bitartekaritza eta filtroak desberdinak direlako. 

Zure ipuinetan, umorea oso presente dago, baina ez da algaraka hasteko umorea, irri ironiko bat pizten duena baizik. 

Ironia presente dago mina presente dagoen neurrian. Liburu honetan nahiko loturik dauden bi ideia dira. Ironia distantzia hartzeko modu bat bezala agertzen da, eta, distantzia horrekin, pertsonaiek autodefentsarako modu bat aurkitzen dute… nolabait.

Horregatik sarri mikaztasun puntu bat uzten du, ondotik?

Bai, ezin delako mina hor dagoela ahaztu, mina baita kontatzen den istorioaren muina eta kasu askotan, abiapuntua edo itxiera.

Insatisfazioa motor hobea al da sormenerako asetasuna baino? 

Bakoitzak ikusiko du. Nik asebetea existitzen denik ere ez dakit, askotan konformismoarekin nahasten baita eta, bestetan, erabat asetzea ere ez den erlatibizatzearekin. Gaur egun bizi dugun errealitate honetan insatisfazioak istorioak sortzeko abiapuntu, gai eta motibazio kopurua nahiko mardula ematen duela esango nuke, hori bai. 

Zein dira artean zure erreferentzia, eragin, iturri nagusiak, laburtzea posible bada? 

“Lasai, ez da ezer geratzen”en kasuan iturriak asko eta anitzak izan dira. Urteetan zehar formatu askotan jaso izan dudan materiala da, hor gelditu dena, modu nahiko amorfoan, nire buruan. Erreferente kulturalez ari bagara, ba ez nuke jakingo zer esan, zeren niri gustatzen zaizkidanak gero ez ditut islatuta ikusten. Zoritxarrez.

Haurtzaroa, heriotza, maitasuna…

Eta zergatik mikroipuinak? Beste generoren bat probatu duzu edo probatzeko asmorik? 

Alde batetik, kontatu nahi nituen istorioak kontatzeko formaturik egokiena zela iruditzen zitzaidan. Bestetik, azken urteotan lantzen joan naizen formatua ere bada. Ipuin luzeagoak idatzi izan ditut eta behin, gaztetan, nobela labur bat idatzi nuen gazteleraz. Bestelako formatu bat probatzeko asmoa istorioek eragingo dute.

Zure estilo eta gaiei buruzko iritzi batzuk botako dizkizut, komentatu nahiko bazenitu. Enfasiari ihes egiten diozu. 

Erredundantziari beldur handia diot eta berez istorioak nahiko enfatikoak direla -drastiko xamarrak akaso- iruditzen zitzaidan eta enfasitan ibiltzeak ez ziola ezer gehitzen, alderantziz.

Sentimentalismoari ere bai. 

Pertsonaiak badira sentimentalak eta emozionalak, kasu askotan. Beharbada ez dute publikoki agertzen, eta batzuetan hori da duten gatazka, baina irakurleak badaki hala dela. Edo behintzat, susmoa izan dezake.

Haurtzaroa oso maiz agertzen da. 

Errealitatearekin ditugun arazoak haurtzaroan hasten dira, non irudimena eta idealak oraindik oso presente dauden, baina, pixkanaka, irudikaturiko horrekin zerikusirik ez daukaten eta gehienetan kontra egiten dioten gauzak agertzen doaz. Hemen hasten da frustrazioarekin dugun idilioa. 

Berdin heriotza. 

Bizitzaren mugarri nagusiena dela esango nuke. Hil egingo gara. Ezagutzen ditugun pertsonak hil egingo dira. Horrek errealitatearekin, gure ingurukoekin eta geure buruarekin dugun harremana baldintzatzen du. Eta baldintza horietatik istorioak sortzen dira. 

Pertsonen arteko komunikazioa gaizki-ulertuz beterik dago? 

Jaramon ezak gaur egungo giza harremanetan jokatzen duen papera garrantzitsua da. Gaizki-ulertua ez da horren ondorio bat besterik.  

Maitasuna beti zaputzean amaitzen da? 

Beno, nire inguruan kontrakoa adierazten duten kasuak ditut, zorionez… momentuz behintzat.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina