Joxean Agirre: “Banekien klandestinitatearen gaiak izan behar zuela ardatza, asko markatu gintuen gaia izan zelako”
Joxean Agirre idazle azpeitiarrak Adiskide bat nuen eleberria kaleratu berri du. Bere lanetan aurki ditzakegun ezaugarriak ere topa daitezke eleberri honetan: hizkuntza jolasti eta dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa, erotismo bizizale eta sentsuala, etab.
Klandestinitatea da eleberriaren ildoa. Zergatik?
Gure belaunaldia markatu zuten gai batzuei heltzeko gogoa sentitzen nuen eta banekien klandestinitatearen gaiak izan behar zuela ardatza, asko markatu gintuen gaia izan zelako. Gure belaunaldia diodanean aspaldiko kontuez ari naiz, 68an gazteak ginen belaunaldi bati buruz, alegia. Laburtuz, diogun erbesteari eta klandestinitateari buruzko kontakizuna dela nagusiki nobela eta gai nagusi hori jorratzeko adiskide biren arteko harremanetan oinarritu naizela. Diodan bidenabar klandestinitatea berez dela gai oso literarioa, joko asko ematen duena.
Kontatzen duzun istorioa egiazkoa izan liteke, baina fikziotik ere badu.
Nik Parisen, 69tik aurrera, euskal erbesteratu mordoxka ezagutu nuen. Gutxi batzuek gerra ondoko erbesteratuak ziren eta gehienak bigarren erbestealdikoak eta hauen artean ETAkoak ziren nagusi. Erakunde horretako kide batzuk sekulako dohainak erakusten zituzten beren bizimoduari buruzko zertzeladak kontatzen hasten zirenean. Adibide bat jartzearren, garai hartako bahiketa bati buruzko kontakizuna datorkit gogora eta film bat egiteko modukoa zen. Bizimodu dramatikoa bizi zuten, baina artean ez zuten espainiar poliziak gerora iheslariei ezarri zien kontrolik eta erbestean bederen giro lasaixeagoan bizi zirela esango nuke. Eta beren kontuak kontatzen hasten zirenean, san bezala, gauzak esajeratzeko joera zuten. Literatura egiteko asko balio duen joera da hori.
Zer lortu nahi izan duzu fikziora salto eginez.
Ez da inondik inora nobela errealista bat. Ez nuen militante baten biografia bat idatzi nahi. Historiak ere araka dezake errealitate enpirikoa. Kazetaritzak ere eman dezake errealitatearen lekukotasuna. Literaturaren egitekoa beste bat dela uste dut: errealitateari zirriztu batzuk aurkitzea, begiratzeko beste modu bat erakustea, batzuetan ihesbideak proposatzea, gordeleku bat… luze joko liguke kontu horrek.
Liburuak bi protagonista ditu: kontalaria, aldi berean protagonista, eta Garibaldi. Zer nolakoak dira?
Neurri handi batean lehen pertsonan idatzita dagoenez, narratzaileak protagonismo handia hartzen du. Beraz, esan daiteke bi protagonista dituela: narratzailea bera eta militante buruzagia, Garibaldi. Umetatik adiskide diren arren, biak dira guztiz ezberdinak: narratzaileari kosta egiten zaio erabakiak hartzea, beti dago zalantzaren baten mende. Buruzagia trinkoagoa da, erabakiak hartu beharra egokitu zaiolako seguru asko. Kontraste horren gainean eraiki dut bien arteko harremana.
Bigarren mailako pertsonaia batzuk ere badaude liburuan: kontalariaren emaztea, Sagueseko neska gaztea, Maren… Protagonisten burutapenak eta gertaerak kontatzeko balio izan dizute?
Nobelak hiru istorio biltzen dituela esan daiteke: esan dugun bezala, erbestearen eta klandestinitatearen inguruko kontakizun nagusi bat dago, baina honekin batean badago beste gai nagusi bat, sexualitatearena, gure belaunaldiaren marka izan zena hau ere. Gai hau gaurko ikuspegitik kontatzen da nagusiki. Gaurko gizarteak sexualitateari buruz duen ikuspegia da kontatzen dena, baina lehenari erreferentziak eginez. Eta badago, azkenik, hirugarren kontakizun bat ere: Sagueseko neskarena. Azken lanetan beti agertzen den gaia da adinarena eta gaia jorratzeko orduan baliabiderik errazena traman emakume gazteago bat sartzea da. Adinaren gai hori modu oso ironikoan jorratzen saiatzen naiz, dramarik egin gabe nolanahi ere. Sagueseko neskarekiko harreman hori ezinezko maitasun baten historia dela esan daiteke. Galderan Maren aipatu duzu, Garibaldiren alaba. Lehendabiziko aldiz sartu dut alaba bat nire lan batean eta oso erraz moldatu naiz. Penaz despeditu nuen pertsonaia horietako bat izan da, hain lotsatia eta hain jatorra. Pertsona lotsatiek (neu barne) gaitz arin edo astun horren alderdi txarrak bakarrik ikusi ohi ditugu eta gaur egungo hezitzaile batzuen ikuspegiari jarraiki, lotsatiok ditugun enkantuak eta bertuteak goraipatzen saiatu naiz pertsonaia honen bidez.
Donostia eta Triesteren artean kontatzen da eleberria. Zergatik bi hiri hauek?
Aurrekoan ere Zarautz, Donostia eta Veneziaren artean ibili nintzen eta oraingoan Trieste aukeratu banuen, erbestearekin lotura estuak dituen hiria delako izan da, mugako hiri bat, identitate aniztasun sinbolo izan dena eta historiatik kanpo geratu diren gizakien aberritzat ere hartu izan dena. Bidenabar esan dezadan Claudio Magrisek bere pare bat liburutan kontatzen duen historia bat erabili dudala, Monfalcone herriko langileen historia bat, leit motiv bezala. Ez da erraz laburtzeko moduko historia, baina diogun 1946an 2.500 langile joan zirela Trieste ondoko herri horretatik Titoren Jugoslavian sozialismoa eraikitzen laguntzeko eta handik urte gutxira, Titok SESBrekin hautsi zuenean, Italiako langile ezkertiar horiek Stalinen alde paratu zirela eta gulag batean bukatu zutela gehienek: alegia historiako heroi izatetik erabateko ‘galtzaile’ izatera igaro zirela oso denbora gutxian. Garibaldi eta bere lagunak ere neurri batean behintzat lekuz kanpo eta orduz kanpo borroka egindakoen zerrendan sartzen ditugula esan nahi nuen. Bizpahiru erreferentzia geografiko horiek salbu, ez dute lekuek horrenbesteko presentziarik nobelan.
Istorioan hainbat autoreren zitak sartu dituzu? Sinesgarritasuna emateko beharbada?
Aurreko lanean, Zwei frauenen, etengabe erabili nituen aipuak, autorearen izena aipatuz gainera, saioetan egiten dena narratiban ere egin daitekeela frogatzeko. Nobelaren gaia literatura bera denean, arazorik ez dagoela uste dut. Hemen neurtuagoa da erabilera hori.
Nobela honen ostean, ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Zerbait ezberdina egiteko asmoarekin hasten naiz eta aurrera joan ahala ohartzen naiz ez ote dudan etengabe nobela bera idazten. Aldamioa aldatzen da, trama, baina oso zaila da estiloa eta are gaiak ere aldatzea. Beharbada tarte luze bat idatzi gabe egotea litzateke irtenbidea edo idazteari uztea, baina gehiegi biziatu gara beharbada eta ez dakit horretarako ere gai naizen.
Erlazionatutako Albisteak
- ← “La quinta ola” de Rick Yancey – SORTEO
- Los más vendidos de la semana – Asteko libururik salduenak 2013-10-02 →