Mikel Etxaburu “Mattalingo alaba” liburuari buruz

manttalingo alaba (ernestina de champourcin xxxiii poesia saria) - Mikel EtxaburuManttalingo Alaba poema liburuan (Ernestina de Champourcin XXXIII Poesia Saria, Pamiela) olatu txikiak bezala datoz eta doaz poemak. Joan-etorri bakoitzean ezabatzen ditu itsasoak Saturrarango kartzelan gatibu izan zituzten emakumeen minak eta gela hezeetan erditu zituzten haurren izen-abizenak. Orain udatiarrek autokarabanak aparkatzen dituzten toki berean egon ziren gatibu 4.000tik gora emakume. Eta kontatu didate itsasoak denen izenak dakizkiela, banaka-banaka oroitzen dituela han hil ziren 166 andre, haur eta gazte. Oroitzen dituela errudun sentitzen delako, ez zelako oldartu arroken kontra. Eta horren ordez, hildako haurren izenak ezabatu zituelako, olatuz olatu eta minez min.

Gazteak ginenean ordu bete inguru behar izaten genuen Ondarroako Arrigorri hondartzatik Saturraranerako bidea egiteko. Egin gabe zegoen gaur itsas ertzetik doan pasealekua, eta arrokaz arroka abiatzen ginen marea behera zegoenetan. Bidean aurkitzen genituen kirrixkak eta izkirak; anemonaren bat edo beste eta lapak, haitzei itsatsita, mutilatutako oroitzak bezala, zatika eta deslotuta.

Gaur egun, udatiarrek Ezkilantxarriri begira aparkatzen dituzte autokarabanak. Kartzela zegoen leku berean biltzen dira asteburuaz gozatzeko. Eta gure haurrekin jolasten dugun toki berean hil ziren bertan preso zituztenen haurrak. Gaur bainu hartzen dugun olatu berean ito ziren bertan preso zituzten emakumeak. Gaur hondarrean egin dugun zulo berean gorde zituzten maite genituenen azal hautsiak.

Eta min berak asaldatu nau urte luzeetan zehar: nola deitzen ote zen autokarabana horrek okupatzen duen eremu berean torturatu zuten emakumea; ur kresalarekin garbitzen ote zuen ilea; zer idatzi ote zuen hondar bustian, orbain zoli bat bezala, eta batez ere, zergatik ez ote zen oldartu itsasoa arroken kontra. Eta horren ordez, zergatik ezabatu zituen hildako haurren izenak, olatuz olatu eta minez min.

Horrela sortu da Manttalingo alaba poema liburua, hondartzetako dunak bezala, denborak txikitutako oskolez eta oroiminez.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina