NEW YORK bizirauleen hiria

Berezko jenero literariotzat har daiteke New Yorki buruzko kronikena. Gazteleraz interes handiko bi berrargitaratu dira berriki: Julio Camba galiziarraren La ciudad automática eta Brendan Behan irlandarraren Mi Nueva York, ezin ederragoak biak, eta norbere garaiko New York erretratatzeaz aparte, Amerikaren izaeraren eta Europarekiko dituen ezberdintasunen berri zorrotz eta umoretsua ematen dutenak. Baina kanpoko kronikagileek bakarrik ez, bertakoek ere eskaini diote orrialde ederrik hiriari: Harpo Marx berberak, Harpo habla liburuan, pasarte sentituak eskaini zizkion New Yorken bizi izandako haurtzaroari. Euskaraz ere ez zaigua dibiderik falta, Gotzon Garate edo Kirmen Uribek hiriarekin izan duten harreman estua gogoratu besterik ez dago, edota Iñaki Zabaletaren 110. Streeteko geltokia, Bobby Womack kantariak ezagun egin eta Tarantinok Jackie Brown filmean berreskuratu zuen Across 110th street kantua gogora ekartzen diguna. Izan ere, 110. kalea garrantzitsua izan da urte askotan Harlemen hasiera mugatzen zuen heinean. Gaur egun, hiriaren erdigunearen hazkundeak eta espekulazioak eraginda, nahikoa aldatuta dago auzo horretako giroa (Clintondarrek euren kuartel nagusia Harlemen jarri izanak ere izan du zerikusirik, jakina).

Irailaren 11ko gertaeren ondotik, edo gertaera haiek ardatz hartuta argitaratutakoek talde berezia osatzen dute: Jonathan Safran Foer gaztea izan da, beharbada, orijinalenetakoa, Salman Rushdiek berak goraipatu zuen Tan fuerte, tan cerca nobelan aita atentatuan galdu duen ume berezi baten begietatik tragediari so egitean. Gaiari zuzenean heldu ez arren, Philip Rothen Sale el espectro ere aipatzekoa da, Rothenalter ego den Nathan Zuckerman ahaztezinaren azken ibilera.

Paul Austerri esker ezagutu genuen 1974. urtean dorre bikien artean ilegalki alanbre bat zintzilikatu eta batetik besterako bidea eginez ikuskizun zirraragarria eskaini zuen Philippe Petit ekilibrista. Petit fikziozko pertsonaia ote zen ere pentsatu genuen askok, harik eta bere esperientzia kontatzen duen liburua (Alcanzar las nubes) dendetan ikusi genuen arte. Smoke filmaren gidoia sinatu zuen Paul Austerri buruz berriz, zer esan, oraindik ere bere libururik biribilena New Yorkeko trilogia izan arren, etxekotzat dugula kasik, urtero haren liburu berriak euskaraz irakurtzera ohitu garenetik…

New Yorken ondu dira XX. mendeko grabaziorik mitikoenak, John Coltrane-en Live at Birland eta Bill Evansek bere hirukorik magikoenarekin (Scott Lafaro tartean zela) grabatutako bi diskoak: Sunday at the Village Vanguard eta Waltz for Debbie. Baina ez da jazzera eta Frank Sinatraren ereserkira mugatzen New Yorken soinu banda: beste askoren artean, Leonard Cohenek Chelsea hotelari abestutakoa (Jabier Muguruzak bertsio bat egin zuen) eta Lou Reeden Sweet Jane etortzen zaizkigu berehala akordura, edo urte asko ez dela Portishead taldeak Roseland aretoan grabatu zuen diskoa–inoizko kanturik triste eta eleganteenak, triphophipnotikoz iragaziak.–

Woody Allen da Europan lau film errodatu ondotik txokora itzuli den bestea: laster izango dugu esnobismo neurotikoari tenperatura hain ondo hartzen dion Manhattan gogoangarriaren egilearen film berria ikusteko aukera. Walt Whitmanek, Manhattanek arrain baten itxura zuela esaten zuen. Gertatuak gertatu, igerian jarraitzeko hiriak duen gaitasun eta malgutasunagatik ote? Batek daki. Kontuak kontu, ez zitzaien surrealistei arrazoirik falta, surrealismoak New Yorken ezin iraun zezakeela ziotenean: hemen, adiskide maiteok, hiri guztia baita surrealista.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina