Poemak Pluralean – Fernando Pessoa

Poemak pluraleanJose Luis PadronEuskarazko poesiaren ibilbidea itzulpengintzaren ikuspegitik, urria izan da eta gaur egun ere hala da. Argitaletxe, hedabide eta irakurleen interesetik baztertuta dago, eta nobelagintzaren presentzia inbaditzailea izan ohi da. Euskarara itzulitako poesia, baita jatorriz euskaraz idatzia ere, bigarren maila batean ipintzen jarraitzen dugu, eta kultur bidearen barnean garrantzi gutxiko ekintzetan parte hartzen du.

Hala ere, tarteka, oso tarteka, oso poliki-poliki, eta argitaletxe txikien eskutik bereziki, itzulpenaren bidezko poema-liburuak agertzen dira, oso modu apalean bada ere, apalegian nire ustez, eta ia inongo oihartzunik gabe. Fernando Pessoa, munduko poetarik handienetako bat, euskaraz bideratzen zaigu, eta gu ez gara ezta enteratu ere egiten. Kortesiazko lau aipamentxo baino ez. Gero, Bruce Springsteen etortzen da, “Gabon, Donostia” esaten du, eta ohorezko euskaltzain izendatzen dugu.

Literatur itzulpena ez da operazio linguistiko hutsa. Izan ere, testu bat euskarara itzultzen den bakoitzean, haren ezagutza eta sentsibilitate guztia gureganatzen zaigu, eta hortaz, euskara mailan ez ezik, kultur eta sormen eta herri hazkundearen aldetik ere biderkatu egiten gara. Singularra zuzendu, eta orduan, pluralean hasten naiz, gara, pluralean.

Jose Luis Padron

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

1 Comment

  1. Eskerrik asko aipuagatik, Jose Luis.

    Tamalez, arrazoi duzu denean, baina euskal irakurleak besterik eskatzen ez badu, zer egin genezake poesiazaleok?

    Argitaletxeei ezin eska diezaiekegu galduan ateratzeko beti poesia argitaraturik. Erakunde publikoek hartu behar lukete horren ardura, gutxieneko gastuak beren gain harturik?

    Ez dakit. Beharbada, crowdfunding moldeko bideetara jo behar genuke dirubide bila, eta urtean erreferentziazko bi-hiru liburu argitaratu taxuz: edizio elebidun oharrez eta hitzaurrez hornituak.

    Honetan, beharbada, kopuruak ez luke garrantzirik: funtsezkoena da euskaraz izatea halako aleak, tiradak ezinbestez laburrak eta edizioak etsian apalak izan arren. Orain jende prestatua dugu langintza horretarako, eta iruditzen zait long-seller horietakoak direla, jendearen gogoarentzat bazkaleku izango direnak luzaroan. “Estrategikoa” dela ere esango nuke, politikari banintz, baina ez naiz.

    Bitartean, nire esker ona agertu nahi diet Denonartean-eko lagunei liburu xumeok jendartera zabaltzeagatik.

Utzi zure Iruzkina