Traizioa eta desolazioa, nobela(k) bihurtuta

Foto Rafael Chirbes- Maria Teresa Slanzi I-ZALDUARafael Chirbes nobelagilea zen: ezin saihestuzkoa zuen. Are motzean aritzen zenean –Mimoun (1988), Los disparos del cazador (1994), París-Austerlitz postumoa (2016)– ez zitzaizkion ipuin luzeak ateratzen, nobelak baizik, hain dira bere laburtasunean dentso. Nobelagile klasikoa zen, gainera: XX. mendeko abangoardiek garatutako tresneriari muzin egiten ez bazion ere –Los viejos amigos (2003) bezalako lanetan argi dagoen bezala–, haren eredu nagusiak XIX. mendeko nobelagileak ziren, Flaubert eta, batez ere, Pérez Galdós, bizi izan zuten denborari disekzioa egitera bideratutako literatura baita hala batak nola besteak proposatzen digutena. Bata bestea bezain zorrotza, nahiz eta agian –are– ilunagoa eta desolatuagoa Chirbesena. Egile valentziarraren gai nagusiak denboraren igarotzea, memoria –historikoa gehitzea erredundantzia da–, gizakiaren bakardadea eta traizioa dira, eta guztiak agertzen dira, proportzio desberdinetan, nahastuta bere lanetan. Chirbesek oso nobela koralak idatzi zituen, batez ere luze aritu zenean, gerraostetik 1960ko hamarraldira arteko belaunaldi aldaketaren kronika litzatekeen La larga marchan bezala (1996), edo Trantsizio garaian zentratutako La caída de Madrid bikainean (2000). Edonola ere, irakurleak Chirbesen nobela bakar bat irakurri beharko balu, nik Crematorio gomendatuko nioke (2007): badakit begien bistakoena dela, baina nekez idatziko da burbuila ekonomikoaren urteen lilura hutsalaz eta Mediterraneo aldeko diru-jan urbanistikoaz obra lazgarriagorik; ondoren etorri zen En la orilla (2013), osteko krisi ekonomiko eta moralari buruzkoa, baina, ona izanik ere, ezin izan zuen Crematorio berdindu. Eta haratago iritsi nahiko lukeen irakurleari, nobela labur eta luze guztiez gain, haren saiogintza esploratzeko gonbitea luzatuko nioke: nobelagile dotorea izateaz gain, Chirbes bazelako, orobat, bere langintzaz sarkor hausnartzen zuen egilea, El novelista perplejo bildumak (2002) ederki erakusten duen bezala.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina