Joxean Agirre “Gizajoen katalogoa” liburuaren aurrerapena

342_Gizajoen katalogoa_AZALA.inddLiteratura tailerrekoen afariaren ondoren, bi garagardo edan eta, ohitura dudan bezala, taldetik itzalgaizka desagertzeko asmoa nuen, eta hala egin izan banu, etxera garaiz itzuli izan banintz, ez nintzen orain eleberriarekin tematuta ibiliko, basamortuan euriaren zain bezala egiten baititut orduak pantailari begira; denbora galtzeko beste moduren bat aurkituko nuen, seguru nago, osasungarriagoa zalantzarik gabe, mahastia zaintzen denbora gehiago eman nezakeen, esate baterako, edo, aspaldidanik pentsatuta nuen bezala, arrantzarako batel txiki bat erosiko nuen (belaontziak garesti ateratzen dira), itsaso barearekin kanabera eta liburu bat lagun ditudala irteteko, edo orain hain modan dauden arrisku handiko kirolen bat praktikatzen hasi nintekeen, zer arraio!, edo, horrek ikaratzen baninduen, tximeletak ehizatzen, edozer gauza hobea baitzatekeen obsesio bihurtu zaidan eginbehar hau baino. Azken tragoa hartzera dagoeneko hutsik zegoen pub batera sartu ginen eta, elkarri bromak egiten ari ginen bitartean, irakasleak nire beroki tolestatua buruaren azpian jarri, zangoak jesarleku tapizatuaren gainean bildu eta begiak itxi zituen. Besteok berriketan jarraitu genuen, beste afari baterako eguna erabaki ezinik ari ziren, baina niri galdetu ere egin gabe, taldeko jubilatua nintzelako, hori behin eta berriz aurpegiratzen zidaten, ia-ia neu errudun sentitzeraino. Horrela ari ginela, norbaitek iragarri zuen irakasleak lo hartu zuela. Afalondoan aldarte oneko ikusi nuen, kopa bat eskuetan zuela ere bai behin, nahiz eta ez zuen edateko ohiturarik, hori antzeman egiten da.

lehen kapi

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina