Txillardegi, antigutarra eta Donostiyakoa

 

Argazkia: Ikor Kotx

Euskaldunon aberria euskara da, esan zuen Txillardegik, Sabino Arana parafraseatuz eta aldi berean nazionalismo tradizionalarekin hautsiz. Beraz, Txillardegiren aberria Euskal Herria zen, euskararen herria, alegia, eta horretaz ez dago dudarik.
Alabaina, egia baldin bada gizakion benetako aberria haurtzaroa dela, hainbat autorek idatzi eta esan duten bezala, Txillardegiren aberria Antigua zen. Eta hori oso garbi geratu zen Antigua 1900 liburuan, memoria eta maitasun ariketa harrigarri hartan. Esan dezadan, bide batez, sinistuta nagoela Antigua toponimo zaharrak azken urteotan izan duen susperraldia (Antiguoren ordez) hein handi batean Txillardegiri zor zaiola, hark berreskuratu eta batez ere prestigiatu baitzuen.
Txillardegiren jaiotetxea Gutenfelder-Casa Victoria zen, gure belaunaldikook orain dela gutxi arte Goardia Zibilaren koartel gisa ezagutu duguna. Eraikin hura Txillardegiren aitonak altxarazi zuen, Tolosatik etorritako grabatzaile Federiko Alvarezek. Han egokitu zituen inprenta bat, Gutenfelder (Guten, inprentaren asmatzaile Gutenbergengatik; felder, inprimaketa kimikoaren asmatzaile Senefelderrengatik), eta etxebizitza, Casa Victoria (bere emazte Bittori Iraolarengatik).
Eraikin hartatik gertu, egun Gaskuña plaza dagoen horretan, Txillardegi izeneko jauretxe bat zegoen, eta Gutenfelder-Casa Victoria delako hura Txillardegi haren lurretan eraiki zuten. Horregatik, gero, Federiko haren biloba idazten hasi zenean, Txillardegi ezizena aukeratu zuen. Nolabait esateko, euskal tradizioari jarraituz, etxearen izena hobetsi zuen, abizenaren kaltetan edo.
Antigua hartan ez da zaila imajinatzen Txillardegi umetan, oraindik Txillardegi ez zenean, Aieteko edo Igeldoko maldan gora eta behera, ezta Ibaetako erriberan, lezka tartean, edota Arribizketan, izkiratan. Aberri zoriontsu bakarra haurtzaroa omen da, eta hala izango zen ere Txillardegirena, zoriontsua, alegia. Are gehiago, Canarias gerraontzi frankistak Donostia bonbardatu zuenean eta denek aterpe bila korrika eta presaka joan behar izan zutenean ere, hura guztia jolas baten moduan bizi izan zuen.
Baina zoriontasun xaloak ezin luze iraun. Francoren menpeko gerrosteko Donostia itogarri eta erdalzale hartan, Txillardegiren gurasoek ez zieten semeei transmititu ez euskara, ez euskal kutsuko ezer, badaezpada. Eta, hala ere, Txillardegik txiki-txikitatik sentitu omen zuen ezkutatzen zitzaion euskara hori bere-berezko hizkuntza zuela. Ikasi egin zuen eta ikastearekin batera Euskal Herriaren aldeko borrokari lotu zitzaion. Ordainez, berandu baino lehen jazarpena izan zuen ate joka. Gauzak nola diren: aitonaren inprenta izandakoan, ordurako Goardia Zibilaren koartel bihurtuta, deklarazioa hartu zioten Martuteneko kartzelara bidali aurretik. Atxiloketa urte batzuk lehenago gertatu izan balitz, espetxeraldia auzotik atera gabe bete ahal izango zukeen, edozeinen memoria goibeltzeko moduko Ondarretako hartan, alegia.
Txillardegi antigutarra zen, hala esan eta idazten zuen, baina Donostiyakoa, ez Donostikoa. Hura Azkueren beraren ahotik jakin zuen. Bilbora ikastera joan zenean, euskaltzainburu jakintsua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Hark “nongoa zara?” galdetu zuenean, Txillardegik “Donostikoa” erantzun omen zuen. Zuzenketa berehala etorri zitzaion: “Zu ez zara Donostikoa, Do-nos-ti-ya-koa baizik”. Txillardegi ikasle bikaina baitzen, ez zuen geroztik ahaztu.
Txillardegi donostiar peto-petoa izan da beti, nahiz eta, beste alor askotan bezala, haren profila “ordenuko donostiar jatorrenarekin” bat ez etorri. Donostia islatu du lan askotan, esaterako, Exkixu eta Putzu nobeletan.
Nik ezagutu dudan Txillardegi Euskal Herriak kezkatzen zuen, baina baita zehatz-mehatz Donostiak eta dituen arazo “domestikoek”, adibidez, errauskailuak edo Ilunbeko zezen-plazak.
Haren paradisua ere Donostian bertan zegoen, Santa Klaran. Gaztetan hamaika aldiz joan zen igeri egiten, lagunekin, eta heldutan ere han aurkitzen zuen aterpe. Bertan, makina bat literatura orrialde edo hizkuntzalaritzari buruzko testu idatzitakoa zen. Liburu bat ere eskaini zion: Santa Klara, gure uharte ezezaguna.
Donostian bada Urrezko Domina deritzana, Udalak egiten duen aitorpen gorena. Ez dakit ematea posible izango den, baina mereziko luke. Ez Txillardegirengatik (ohituta zegoen aitorpen ofizialik gabe bizitzen, eta hari lausenguak bost, zeresanik ez hil eta gero), gugatik baizik. Izan ere, nekez aurkituko da XX. mendeko donostiarren artean kulturari Txillardegik bezain ekarpen erabakigarria egin dionik.
Dena dela, nago badela Urrezko Domina delakoa baino askoz gehiago estimatuko lukeen “sari” bat. Santa Klaran, haren paradisuan, aztarna batzuk aurkitu zituen. Eta aztarna horien gainean indusketa edo, behintzat, zundaketa arkeologikoak egitea komeni zela sinistituta zegoen. Azken batean, uhartea mendez mende lazareto, desterru leku nahiz gotorleku izan da. 1813an, Wellingtonek Donostia erraustu ez ezik Santa Klarako ermita ere suntsitu zuen (ermita hura XIV. mendeaz geroztik behintzat dokumentatuta zegoen). Hemendik pixka batera, gertaera haien bigarren mendeurrena oroituko dugu. Beharbada lan arkeologiko horiek egiteko aukera polita izan daiteke. Betiere abertzale, euskaltzale, literaturgile, hizkuntzalari… eta donostiar bikaina ere izan zen Txillardegi gogoan.

(Santa Clara islaren argazkia: Kutxateka, Paco Marí)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina