Zuek gaiztoak, zuek debekatuak, zuek, gure liburu madarikatuak!

Idazleok askotan hitz egiten dugu liburuen kontra. Ez zarete ohartu? Ez liburu guztien kontra, jakina. Gutxi entzun ditut haien liburuen kontra berba egiten, esate baterako. Baina badira idazle askok mespretxuz arbuiatzen dituzten liburuak, fijatu zarete? Lehen lerroan best sellerrak daude, jakina. Baina aspaldi honetan psikologiaren kontra hitz egiten duten idazleak ezagutu ditut –ez galdetu horrek zer esan nahi duen, ez dakit eta– eta, bereziki, autolaguntzazkoak deitzen diren liburuen aurka daudenak. Liburu debekatuak dira sail horretakoak, bada idazle bat baino gehiago gure artean harrotasunez –harrokeriaz– esan duenik ez dituela behin ere irakurri, ezta irakurriko ere.

Ez da oso pentsamendu originala. Izan ere, liburu mada rikatuen genealogia luzeetatik gatoz eta nolabaiteko jakituria eta ezagutza arbuiatzen dituzten kontakizun eta mito zaharretatik. Bibliako paradisua jakituriaren sagarra jateagatik galdu zen, egiptoarrek liburu madarikatu bat zuten, hitz guztiak asmatu zituen Thot jainkoaren eskuizkribua, eta biblioteka guztietan daude liburu debekatuen apalategi luzeak. Horietan zeuden sekretuekin ikasi zuten Sirius Black eta lagunek animalia bihurtzeko behar zuten guztia (Harry Potter eta Azkabango presoa, Elkar, 2001) eta hor ikasitakoaren erruz egon ziren ia-ia Severus Snape ikaskidea hiltzekotan (Harry Potter eta Fenixaren ordena, Elkar, 2003).

Literaturak askotan esaten digu liburuekin kontuz ibiltzeko eta mesfidantza ikaragarria ageri du zientziaren aurka. Begira komikietako zenbat superheroi diren zientifiko zoroak. DC eta Marvel unibertsoetako doktoretza programetatik atera dira Sivana Doktorea, Armin Zola doktorea, Octopus doktorea, Doom doktorea…  William Irwin filosofoaren ustez denek adierazten dute Estatu Batuetako anti-intelektualismo tradizionala, (Los Simpsons y la filosofía, Blackie Books, 2009), baina mundu osoan dituzte zientifiko eroek arbaso literarioak.  Hartu Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia (Erein, 2019), Koro Navarrok euskarara ekarritako Stevensonen liburu bikaina, edo Mary Shelleyren Frankenstein, Iñigo Errastiri esker itzulia (Erein, 2013) eta ikusiko duzue nahi gabe ere zer-nolako zitalkeria eragin dezaketen Henry eta Victor doktoreek.

Aspaldi, mitoak ziren antzeko terroreak zabaltzen zituz tenak. Frankenstein bera Prometeo Modernoa azpi tituluarekin argitaratu zen. Gizakiontzako ezagutza eta boterea lortu zituen Prometeok baina ordainetan Pandoraren anforan gordetako zorigaitzak sufritu behar ditugu, krimenak, eta pobrezia, eritasunak eta doloreak. Kontuz gehiegi jakitearekin, esaten digute mito zaharrek. Liburu batzuk ezin dira zabaldu, ez badugu Umberto
Ecoren El nombre de la rosa zoragarrian hiltzen ziren abadeak bezala bukatu nahi (De Bolsillo, 2017).

Gizakion objektuak dira liburuak baina ez dira guztiz geureak, ezta? Liburuetan ez idazteko esaten zaigu. Ez azpimarratu! Ez tolestu! Ez zaigu esaten zergatik eta ez genuke obeditu behar. Sartu egin beharko ginateke liburu malditoen sailera eta lapurtu egin beharko genuke irakurri ezin dugun liburua, Bastian umeak egiten zuen moduan, Idoia Guilleneari esker euskaraz daukagun Istorio amaigabea miragarrian (Zubia, 2019). Eta zer esango dizuet idazleoi buruz. Sekula, sekula ez genuke liburutegi bateko sail oso bat madarikatu beharko, ez best sellerrena ez auto-laguntzazkoena ez beste ezein. Ezagutza demonizatzen dugulako, irakurleak iraintzen ditugulako eta ahaztu egiten dugulako literatura guztia gizakiak gizakiari idatzitako autolaguntzazko konjuro magikoa baino ez dela.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina