Joan Mari Irigoienen hitzak “Hitzaren gurpila” lanaren aurkezpenean

Zergatik liburu hau?

Joan Mari IrigoienUrruneko motorrak mila zaldiLiburu hau ez nuke, beharbada, idatziko, inguruabarrak bestelakoak balira. Izan ere, 2012ko martxoaren 10ean gure erraina, lehendik ere alaba bat zuena, mutiko batez erditu zen, bat-batean bi biloben Sasiak mendia janaitona sentiarazten ninduela; gero, haur jaioberriari poema bat idaztea bururatu zitzaidan, zer gutxiago…! Ondoren, berriz, poema bat zena poema-liburu bihurtu zen: “Hitzaren gurpila”, bi liburuxkaz osatua dagoena, diptiko baten antzera: Urruneko motorrak mila zaldi eta Sasiak mendia jan.

Zergatik bihurtu zen, baina, poema bat zena poema-liburu?

Horretan zerikusi handia du, nik uste, bilobatxoa jaio baino hilabete lehenago jaso nuen berriak: esklerosi bat nuela (klerigoa ez naizen arren, derradan bide batez). Esklerosia, izan ere, ez da txantxetako gaitza, eta  noiznahi eraman zaitzake beste mundura, prozesuak era guztietakoak badira ere, hauek azkarrak eta motzak, eta haiek motelak eta luzeak: esan nahi baita halako behar bat errotu zitzaidala, gure bilobei zerbait uztekoa, testigantza gisa-edo: ez poema soil bat, bistan da, liburu bat baizik, bere momentuan (lehen liburuxka hamar urtetik gorakoentzat da, eta bigarrena hamabi urtetik gorakoentzat) irakur dezaten.

Beste datu bat: ni, une honetan, EHko arma-industriari buruzko nobela bat idazten ari naiz, baina hara: zati bat nik asmatutako herrialde arabiar batean kokatua dago… baina nola zati horretan neure dudak bainituen eta nola zati hori zuzendu duen emakumeak ere bere denbora behar baitzuen, eten bat egin behar izan nuen, ezin hobeto etorri zitzaidana neure proiektu berriari ekiteko.

Lagunen artean eta lagunarteko solasetan adar-jotzaile fama nuen, baina, esklerosiak ahoan trapuzko mingain bat jarri zidanetik, bukatu dira adar-jotze saioak, bukatu dira irratsaioak… birra-saioak ere bai, zoritxarrez: eskerrak, hala ere, konpentsazio gisa-edo, idazteko gai naizela, oraindik behintzat… horrek ahalbideratu baitu nire proiektu honetan naizen bezala edo ustez naizen bezala agertzea, umorea liburuaren ardatz hartuta, hitz-jokoak ere noiznahi, jolas eta solas, solas eta jolas… Gainera, gazteen heziketan ere sinesten dudanez gero, kritika soziala ere egin dut, betiko boteretsuen aurka, jakina: bankariak, armagileak, militar inperialista harroputzak, eta abar… beste gai batzuk ahaztu gabe: sexuari eta heriotzari buruzko gogoetak, adibidez; poema bat ere badago, non gazte jendeari oroitarazi nahi bainioke alferrikakoa dela besteei errua egozten ibiltzea, norberaren etsairik handiena, sarritan, norberaren baitan aurkitzen denean…

Zorrak

Gure ama zena kontalari aparta zen: baserritarra zen, eta zenbat ipuin eta esaera zahar ikasi genituen harekin! Esan ere esango nuke haren itzalak gidatuta sentitu naizela maiz idazketa prozesuan…

Zorretan nago, halaber, Resurrección Mª de Azkuerekin, haren “Euskal Erriaren yakintza”ren lau liburukiekin bereziki. Nola gozatu nuen irakurri nituenean, bere garaian! Eta zenbat ikasi nuen neure irakurketa hartan! Harekin ikasi bainuen euskarak ez duela inongo makulurik behar grazia egiteko. Badira, izan ere, gure herri honetan, umoregileak, alde batetik izugarri estimatzen ditudanak (pertsona eta langile gisa), baina pena ematen didatenak bestetik, grazia egin behar izaten duten bakoitzean erdarara jotzen dutelako, salbuespen beharko lukeena arau bihurtzen dutela (edo txokokerietara jotzen dute etengabe, pentsaturik ezen euskara batua ez dela irri eta barre eragiteko gai). Aholku bat ere emango diet, atrebentzia ez bada (derradan, bide batez, nire kritika itxurako hau maitasunetik egina dagoela, ez zitalkeriatik): jo dezatela esaera zaharrak eta euskal lokuzioak bildu zituèn eta biltzen dituen jendearengana: Resurrección María de Azkue, Mokoroa, Gotzon Garate, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta… Egile horien liburuetan sekulako altxorra dugu eta ez dakigu… edo badakigu eta bazterrera uzten dugu, ez dut esango alferkeriaz, buruan ditudan umoregileak oso-oso baitira langileak, baina bai beharbada gogo-nagitasunez. Egia da esaera horietako asko zaharkituak geratu direla gaurko gizarterako, baina egia da, halaber, berregokitu ere egin daitezkeela… gurdiak zeudèn lekuan motorrak edo automobilak sartuz, konparazio batera, edo beste bide batzuk jorratuz… eta adimen-irudimenak nekatuz, azken batean. Ni, behintzat, halaxe ahalegindu naiz bitan banatutako poema-liburu hau egiteko orduan, eta ez naiz batere damu, egia esan.

Ilustrazioa

Berak jarri dio liburuari bihotza,
berak jarri dio dardara,
eta artista… bera da:
Antton Olariaga.

Eskerrik asko.

Joan Mari Irigoien

 

     
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina