Salvo Montalbano, Sherlock Holmes Siziliarra
Iaz ezagutu nuen Montalbano. Oporretara joan aurretik Bakartxo herriko liburuzainari “zerbait entretenigarria” aholkatzeko eskatu nion. Montalbano komisarioaren abenturak ezagutzen ote nituen galdetu zidan. Ezetz. Merezi zuela. Eta merezi du.
Salvo Montalbano eleberri serie bateko protagonista da; Siziliako Vigata (asmatutako izena) herriko komisarioa. Tipo berezia da Montalbano: pertsonak ezagutzeko sen finekoa, funtzionario zuzena, legearen alde baina kasua argitzeko legea hausteko arazorik ez duena, irakurzalea, jatun sibarita eta Siziliarekin maiteminduta dagoena.
“Gauaren usaia” nobela beltz laburra da, erritmo bizikoa. Oraingo honetan ia herri osoari iruzur egin dion finantziero baten eta haren laguntzailearen desagerpena ikertu behar ditu Moltalbanok. Berarekin batera, betiko pertsonai zoragarriak topatuko ditugu: Catarella, hitz guztiak nahasten dituen lankidea; Mimí gonazalea; Livia, Montalbanoren jite handiko emaztegaia,…
Ohikoa duen moduan, ikerketak mila sorpresa eta ustekabe ekarriko dizkigu. Bitartean, Sizilia eta bertako bizimodua gehiago ezagutzeko parada izango dugu. Eta gastronomia: Adelinaren capunatina zoragarria, pirciati pikante zaporetsuak, barbarin usaintsuak… ahoan bazenitu bezalakoa da. Mamitsua, Moltalbano bezala.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Asteko salduenak euskaraz eta gazteleraz – Loa más vendidos de la semana
- Martxoko salduenak – Los más vendidos de marzo – Vouz avez aimé ce mois-ci →