Alberto Ladron Aranaren “Harrian mezua” – AURRERAPENA

Harrian mezuaAlberto Ladron AranaAlberto Ladron Arana idazle ezagunak Harrian mezua thriller berri bat kaleratu du. Beti bezala misterioaren hariak ezin hobeki josiz eta irakurleari arnasa hartzeko beta doi-doi eskainiz.

Eleberriaren lehenengo kapituluaren hasierako zatia irakurtzeko aukera duzue hemen.

 

 

OTSAILAK 2, IGANDEA
1

–Asko falta da? –galdetu zuen Leire Asiain inspektoreak.
–Hiru bat kilometro –Alberro inspektore-ordeak esku batekin eutsi zion bolanteari, bestearekin mugikorra sakelara bihurtu bitartean–. Rifa doktorea zen. Gure zain daude.
Asiain Mitsubishi Monteroaren eserlekuan hondoratu, eta gogoa hutsik mantentzen ahalegindu zen. Hogei metro aurrerago zebilen ibilgailuari so egin zion. Brigada zientifikoaren furgonetak mantsotasun amorragarriz egiten zuen aurrera pista elurtuan. Elurra pagoen adarretatik erori, eta hauts urdinxka batez zipriztintzen zuen haizetakoa.
Gurpilek irrist egin zuten, baina Alberrok lortu zuen ibilgailua bidetik ez ateratzea. Bero egiten zuen autoan.
Asiainek begirada galdu zuen enbor zurituen labirintoan.
Baso izoztuak amaiezina zirudien.

–“Gero eta barrenago sartzen ginen ilunbeen bihotzean…”–erran zuen Alberrok.
–Zer?
–Liburu batekoa da.
–Ez dut ezagutzen.
–Gabonetan irakurri nuen. Apocalypse now filma egin zuten, nobela oinarri. Gizon zibilizatuak basatasunari dion izuaz dihardu. Berokuntzak gasolioaren usaina zekarren. Mitsubishiak zabukada egin zuen zulo baten gainean igarotzean, Asiaini hortzak kirrinkaraziz.
–Gelditu autoa –erran zuen.
–Hemen?
–Gelditzeko erran dizut.
Asiain ibilgailutik atera eta lasterka urrundu zen zuhaitzen artean. Alberro atzetik zetorkiola entzun zuen, baina, handik bidali ahal izan baino lehen, goragalea etorri zitzaion. Urdaila hustu zuen pago baten kontra bermaturik.
–Ongi zaude? –Alberrok.
–Primeran. Pista alu hori da.
Elur pilota bat eginez, sagar bat balitz bezala jan zuen, eztarriko erredura arintzeko. Bururatu zitzaion txikitatik ez zuela elurrik jan.
–Goazen.
Ibilgailura itzuli ziren elurretan belaunetaraino hondoratuz.
Zientifikoaren furgoneta ere gelditua zen, eta agenteek leihatiletatik begiratzen zieten. Alberrok segitzeko keinua egin zien bolantera itzuli aurretik.
–Beharbada, hobe dugu urdaila hutsik eduki hara iristen garenean.
Minutu batzuk geroago iritsi ziren pistaren amaierara.
Foru Poliziaren beste bi ibilgailu zeuden han. Haien kolore gorriak tokiz kanpokoa ematen zuen paisaia zuri-beltzean. Agente batek agur egin zien eskuaz. Haren zamarreko kabu galoiek distira egin zuten fokuen argitara.
Asiain eta Alberro autotik atera ziren. Asiainek zeru kolorgeari eskaini zion aurpegia. Orratz ñimiñoek ziztatu zioten azala. Eguneko edozein ordu izan zitekeen. Denborak eta argiak izozturik ziruditen.
Dozena erdi bat agente hurbildu zitzaien. Eskularru lodiak zeramatzaten eta sudurreraino goraturiko lepokoak.
Asiainek keinu batekin agurtu zituen, kabuaren eskua tinkatu aurretik.
–Denok gaude? –galdetu zion.
–Rifa doktorea hor dago –kabuak, auto batetik ateratzen zen gizon txiki bat seinalatuz–. Epailea bidean da.
–Norena da auto hori? –Alberrok, Land Rover lokaztu bat seinalatuz.
–Gorpua aurkitu duen abeltzainarena –azaldu zuen kabuak–. Bere behorretako baten bila dabil.
Rifa doktoreak buru makurtze bat egin zuen taldera biltzean. Auzitegiko medikuak kapela tiroldarra eta gomazko botak zeramatzan. Hitz batzuk trukatu zituzten, hotzari eta errepideari buruzkoak. Asiain ohartu zen ahopeka hitz egiten zutela. Begiak basora bihurtzen ziren behin eta berriz: han, zuhaitzek ere xuxurlaka ziharduten.
Brigada zientifi koko agenteek paperezko arropak janzten zituzten beren furgonetaren ondoan. Asiainek entzun zuen superheroien film bati buruz ari zirela.
Volkswagen ilun bat agertu zen basabidean. Gainerako ibilgailuen ondoan aparkatu, eta epailea eta idazkaria jaitsi ziren. Asiainek begirada bat trukatu zuen Alberrorekin.
Zorte txarra: Begoña Montilla epailea.
–Barkatu atzerapena, kateak jartzeko gelditu gara –erran zuen Montillak, berokia lotuz–. Denok gaude?
Banan-banan begiratu zien, soldaduak ikuskatzen dituen jeneralaren gisa. Lakaz harroturiko ileak Margaret Thatcherren antza ematen zion.
–Ez dago ibilgailuetan jarraitzerik –ohartarazi zien kabuak–. Hemendik aurrera oinez joan beharko dugu.
Zalantzazko begirada bat eman zien Montillaren oinetakoei.
–Goazen –erran zuen epaileak.
Basoan barneratu ziren. Hotza are sarkorrago egiten zelako inpresioa izan zuen Asiainek. Begiak goratu zituen: haizearen firfira adarren artean. Elurretan erdi estalitako zuhaitz erori bat saihestu zuten, antzinako animalia baten hezurdura zirudiena.
–Ez dago oso urrun –kabuak GPS baten pantailari begiratu zion–. Toki honek Bretxagain du izena. Zutarri bat dago hor goian.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina