Alberto Ladron Arana – Piztiaren begiak

Alberto Ladron AranaPiztiaren begiakAlberto Ladron Arana Piztiaren begiak eleberri beltzarekin dator. Oraingo honetan, mendekua eta krimena dira lantzen dituen gai nagusiak.

Kartzelan urteak pasatu eta gero, iraganeko zorrak garbitu nahi dituen gizasemea, batetik; negozio ilunak tarteko postutik baztertu zuten eta bere bizkarra zaindu behar polizia, bestetik. Ehiztari-sena dute biek, eta bata bestea harrapatu nahian dihardute, eginahal guztian. Erdian, berriz, nora ezean dabilen koitadu bat, duela urte batzuk bere familia ezbehar batean galdu zuena, eta orain familia berri bat osatu nahi lukeena.

Alberto Ladron Aranak ohiturik gauzkan maisutasunez josi ditu eleberri bizi-bizi honen hariak, misterioa eta suspensea erabiliz irakurlearen arreta bereganatzeko.

 

 

 

“Krisia ageri da, langabezia ere bai, eta euskal gatazkak

protagonismo handia du”

 

Nobela berri bat dakarzu, honezkero idazle ofizioduna zaitugu. Hartutako eskarmentuaren ondoren, errazagoa da eleberri bat egitea? Zailtasun berdintsua dauka?

Lan honetan hasi nintzenean uste nuen gero eta errazago gertatuko zitzaidala idaztea. Egia da eskarmentuak egoera batzuei errazago aurre egiten laguntzen dizula, baina bestalde, aurreko lanak gainditzeko nahia sortzen zait, eta gero eta proiektu konplikatuagoak abiatzen ditut. Hortaz, zailtasunak beren horretan mantentzen dira… handitzen ez direnean. Gainera, garai batean ez bezala, orain ohartzen naiz irakurle talde eder batek irakurriko duela nire lana, eta horrek areagotu egiten du presioa.

Urteotan zer ikasi duzu ikerketa-nobelak egiteaz, zerbait ikasi baduzu?

Batez ere, irakurlearen erreakzioei adi egoten ikasi dut. Piztiaren begiak bezalako nobeletan irakurleak ez daki zer dagoen misterioaren atzetik, eta gertatzen denari buruzko teoriak egiten ditu etengabe. Bada, adi egon behar duzu irakurlearen hipotesi horiei, eta haiekin jolastu, orain hauspotu, gero zapuztu… Irakurleek biziki atsegin dute engainatuak izatea.

Eleberri honek baditu ezaugarri batzuk, zure aurreko lanetan aurkitzen zirenak, baina baita bereizgarri berriak ere. Azken horietako bat: gerra zibilari edo 2. Mundu Gerrari loturiko kontuak desagertu egin dira. Zergatik? Pentsatutako erabakia izan da? Hurrengo batean berreskuratuko dituzu halako tramak?

Nahi nuke horrelako kontrola eduki nire ideiei buruz. Ez dakit erabaki kontzientea izan ote zen nobela gaur egungo Euskal Herrian girotzea, baina behin bururatuta, pentsatu nuen ongi legokeela haize berriak ematea nire argumentuei. Espero dut irakurleek ere ongi hartzea. Bestalde, ez dut arazorik gerra zibila edo mundiala argumentu batean berriz agerrarazteko.

Eta erantsi duzun elementu berri bat: lehenengoz nik dakidala, ETArekin zerikusia duten pertsonak eta gertakariak sartu dituzu. Esatekorik?

Piztiaren begiak XXI. mendeko Nafarroan giroturik dago, eta, beraz, ageri diren gaiek zerikusi zuzena dute gure eguneroko kontuekin. Krisia ageri da, langabezia ere bai, eta euskal gatazkak protagonismo handia du argumentuan. Nolanahi ere, Piztiaren begiak ez da gure gatazkari buruzko nobela bat. Gai hori erabili dut haren inguruan suspentsezko trama bat egiteko.

Borroka armatua gurean desagertu izanak zerikusirik izan du, ala kasualitatea da?

Jakina, indarkeria desagertu izanak erraztu egiten du horri buruz hitz egitea. Distentsioa nabarmena da. Bestalde, azken hamarkada hauetan gertatutakoari buruzko interpretazioa egiten ari da orain, eta garrantzitsua da bakoitzak bere bertsioa ematea, eta kontuari ahalik eta ikuspuntu gehienetatik begiratzea.

Nobela honen eraikuntzan inportanteak dira protagonista eta antagonista, biak ere azkarrak eta nortasun handikoak, elkarren kontrako borroka itsuan.

Xabierrek eta Dasilvak gerra dute bizimodu, bortizkeria nagusi den mundu batean bizi dira. Joko handia ematen dute horrelako pertsonaiek, bai bakoitzak bere aldetik bai elkarren kontra borrokan. Lehen ere erabili izan ditut horrelako antagonistak, (Eguzki beltzaren sekretuan, kasu) eta sortzen dituzten dinamikak oso erakargarriak dira.

Eta hirugarren protagonista, berriz, koitadu bat. Gatazken biktima zibilak irudikatu nahi izan dituzu horrekin? Edo kontrastea behar zenuen besterik gabe?

Dasilva eta Xabierren arteko gerran harrapaturik gertatzen da Jon, ez bilatu ez ulertzen duen gerra batean. Bat-batean, beldurra eta bortizkeria sartuko dira bere bizitzan, eta berak ezer gutxi egin dezake egoera horretatik ateratzeko. Seguruenik irakule asko identifikaturik sentituko dira Jonen arazoekin.

Nobela honetan ere, irakurleak sorpresa bat baino gehiago du zain. Eleberria idatzi aurretik argi izaten dituzu egiturari dagokzkion puntu guztiak, ala nolakoa da zure lan-prozesua?

Egitura nagusia idazten hasi aurretik egiten dut eta, batzuetan, sorpresa horietakoren bat hasieratik egoten da gidoian. Baina gehienetan argumentua garatzean sortzen dira ustekabe horiek, egoera eta pertsonaiekin jolastearen ondorioz. Agian jolastu hitza ez da egokiena, prozesua zaila eta nekagarria izaten baita gehienetan.

Irakurle mordoxka bat lortu duzu, zure lanen zain egoten direnak. Nolabaiteko irakurle-eredua izaten duzu gogoan, baten bat baldin baduzu?

 Irakurleen harrerak beti harritu eta pozez bete nau, sekula ez didate hutsik egin eta horrek haiei hutsik ez egiteko ardura sortzen dit. Interes horri nolabait erantzuteko, web orrialdea eta book-trailerra egin ditut, irakurleek helarazitako mezu eta iruzkinetatik ondorioztatu bainuen halako ikusmin bat zegoela nobela berriari buruz. Bestalde, irakurle eredu bakarra neure burua dut. Irakurtzea gustatuko litzaizkidakeen istorioak idazten ditut. Idatzi bitartean etengabe saiatzen naiz irakurlearen tokian jartzen. Gustukoa nuke hau? Sinetsiko nuke? Zer pentsatuko nuke nik halakorik irakurrita?

Eta honen ondoren zer egiteko asmoa duzun aurreratzerik bai?

Pare bat ideiaren inguruan aritu naiz lanean azken hilabeteotan, baina oraingoz ez dut lortu haien inguruan argumentu on bat gorpuztea. Jarraituko dugu lanean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina