Elkar argitaletxeko helduen literaturako nobedadeak

Elkar argitaletxeak 2014ko udaberrian ondorengo tituluak kaleratuko ditu. Hauek Literatura, Ateko bandan, Saiakera, Poesia eta Urrezko biblioteka bildumari dagozkionak dira.

Ana Malagon, Lasai ez da ezer gertatzen
Ipuinak

Lasai ez da ezer gertatzenBakardadearen mapa moduko bat da liburu hau, Iban Zalduak hitzaurrean dioenez. Frustrazioaren koordenadak erakusten dizkigu bere orrietan, insatisfazioaren eta inkomunikazioaren kartografia. 162 mikroipuin idatzi ditu egileak, inoiz orria gainditu gabe, eta neurri murritz horretan unibertso pertsonal bat eraiki du: hiritarra, gaurkoa, gure egunerokotasunari ironiazko begirada bat eskaintzen diona.

 

erraiakDanele Sarriugarte, Erraiak
Nobela

Bikote haustura mingarri bat du abiapuntu eleberriak; emakumezko baten kontakizuna bakarrik iritsiko zaio, ordea, irakurleari, obsesio bihurtuta. Horregatik, ez ohiko intentsitatez barneratu da idazlea pertsonaiaren barrunbeetan, haren zokorik ezkutuenak, erraiak, agerian utziz, ez bere buruaren ez inoren aurrean biluzteko lotsarik gabe.

 

Iñaki Irasizabal, Odolaren deia
Nobela poliziakoa

Gaztetatik elkarren berri izan ez duten anaia bi berriro elkartzen dira, aitaren heriotza dela eta. Nerabe zakar eta bortitzak izan ziren biak behinola. Gazteenak ganorabako samarra izaten jarraitzen du, asteburuetako zerbitzari gisa bizimodua nola-hala ateraz; zaharrena guraso zintzo eta eraikuntzako negozio-gizon serio bihurturik dago orain. Enpresariak kamareroaren laguntza behar du ordea.

 

Koldo Zuazo. Euskalkiak
Saiakera

2003an idatzi zuen lehenengoz Koldo Zuazok euskalkiei buruzko ikuspegi oso eta berri bat zekarren liburu bat, ordura arteko Bonaparte eta Azkueren sailkapenak  gaindituz. 2008an berritu zuen liburu hura, datu eta mapa gehiagorekin. 2014an edizio gaurkotu eta gehitu bat dakargu, euskalki nagusiak ez ezik, azpieuskalkiak eta hizkerak ere hobeto definituz, batetik, eta euskalkien sorreraren hipotesi bat plazaratuz, bestetik: noiz sortu ziren eta zein izan ziren sorguneak, handik beste eremu batzuetara hedatzeko.

 

Iban Zaldua, Inon ez, inoiz ez
Ipuinak

Ipuin liburu sendo eta mardul bat prestatu du Zalduak, bere azken urteetako lanaren emaitza. Estilo, gai eta luzera desberdineko 38 ipuin bildu ditu guztira, hiru parte nagusi eta eranskin batean. Zalduak ohi duen maisutasuna, zorroztasuna, fikziorako asmamen izugarria eta zirti-zarta banatutako ironia-dosiak topatuko ditu irakurleak bertan. Ipuinen artean badira fantastikoak eta erralistak, metaliteratura lantzen dutenak, eguneroko bizitzaren ifrentzua erakusten dutenak eta azkenaldiko gure panorama politikoa erretratatzen dutenak.

 

Karlos Linazasoro, Alferrik ez balitz
Aforismoak

1000 aforismo ondu ditu Karlos Linazasorok liburu honetarako. Genero berezia da aforismoa: itxuraz sinple, baina ondo egiteko trebetasun aparta behar duena, tolosarrak erakusten duena bezalakoa. Gogoeta txundigarriak, poesia printzak, mikroipuinak, adar jotzeak, paradoxak eta bestelakoak aurkituko ditugu pasarte laburrotan, guztiak ere egileak ohi duen zorroztasunez eta ironiaz landuak.

 

Ana Jaka García, Ez zen diruagatik (behin-behineko izenburua)
Nobela

Aurretik poesia erdaraz idatzi eta gero, bere lehenengo nobela argitaratuko du Ana Jakak, euskaraz sortua oraingoan. Pertsonaien harremanetan, haien psikologian eta sentimenduetan oinarrituriko eleberria da “Ez zen diruagatik”, baina ez inola ere sentimentala eta gozoa. Emakume gogor, zakar eta baldar samarra da Olga, kontakizunaren protagonista eta kontalaria, eta berarekin triangelu atipikoa osatuko dute beste bi pertsonaiek, diru(ez)a, maitasun(ez)a eta adiskidetasuna nahasten diren koktel guztiz interesgarrian.

 

Josu Martinez, Hamaika ihesaldi (behin-behineko izenburua)
Kronika

Ihes egitea omen da presoen lehenengo eginbeharra. Josu Martinezek, Debako Udalak antolaturiko Tene Mujika bekaren laguntzaz, erreportaje sorta berezia landu du, euskal presoek egindako ihesaldi eta ihes-ahaleginen berri bilduz. Kronika, elkarrizketa, gutun eta bestelako konta-teknikak erabiliz, istorio harrigarrien sorta bat eskaintzen digu, batzuk ezagunak (baina informazio berria edo ikuspegi berezia eskainiz) eta beste batzuk ia inork ezagutzen ez zituenak: Segoviako ihesetik edo Sarri eta Piti bafleetatik irten zirenekotik hasi, eta kartzela barruko teilatura igo eta han ezkutatuta iraun zutenengana.

 

F. Scott Fitzgerald, Plazeraren gau ilunak. Itzultzaileak: Garazi Arrula, Iñigo Roque
Ipuinak

Scott Fitzgerald XX. mendeko lehen erdiko idazle handienetako bat dugu, “Belaunaldi Galdua” deitu ohi den haren partaide, intelektual glamourdun eta bohemioen adibide goren, Paris zein New Yorken festarik festa ibilia; batez ere haren eleberriak ezagutzen dira (Gatsby Handia, oroz gain), baina ipuingile oparo eta trebea izan zen. Haren liburu guztietatik eta aldizkarietan utzitako lanetatik, antologia moduko bat egin dute Garazi Arrulak eta Iñigo Roquek, 20 urtetan zehar idatzitako kontakizunik onenak bilduz.

 

Batzuen artean. Zenbait poeta katalan, Antologia. Itzultzailea: Gerardo Markuleta
Poesia

Gerardo Markuletak orain dela urte batzuk Literatura Unibertsala bildumarako atondutako poeta katalanen antologia, berrikusi eta gaurkotua dator orain Urrezko Bibliotekan. XX. mende ia osoa betetzen du Antologia honek, era askotako estetika eta tematikak elkartuz, testuen kalitatea irizpidetzat. Bederatzi poeta daude bertan, denak ere hilak: Josep Carner, Carles Riba, J.V. Foix, Joan Salvat Papasseit, Pere Quart, Salvador Espriu, Joan Vinyoli, Gabriel Ferrater eta Vicent Andrés Estellés. Bakoitzaren lagin esanguratsu bat ematen zaigu, edizio elebidunean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina