Euskaldunen iragan urperatua

kearen fiordoaona1978an Euskal Herriaren iragan ezkutua atera zuten kanadarrek Red Bay-ko uren sakontasunetik. San Juan baleontzia sedimentu geruza lodi batez estalia zegoen, Euskal Herriaren itsasoko iragana bezala. Jakin izan dugun arren balea-ehizan ibiliak izan zirela gure arbasoak ur hotzetan, beharbada ez gara hain kontziente izan balea-arrantza ekonomiaren oinarria izan zela hamarkada luzetan zehar Euskal Herrian.

Jon Maia eta Pasaiako Albaolako lan taldea, iragan hau gizarteari zabaltzeko asmotan lanean dabiltza azken urteetan. Maiak Urola Kostako Hitzari kontatu zion moduan, beharbada, gure etnografoek batez ere baserri mundua aztertu zutelako ez dakigu hainbeste itsasoaren historiaz. Lurra itsasoa baino errazagoa da aztertzeko eta, gainera, Espainiar inperioa itsasoan galdu zenez, historiako zati hori bazterrean utzi da. Ez genekien emakumeek portuetan josten zituzten sareek Euskal Herri osoa biltzen zutenik. Berak azalduko digu.

Iñaki Petxarroman ere murgilduta dabil deskubrimendu honetan. Bere azken eleberria den Kearen Fiordoa idatzi du Islandiara joaten ziren euskal baleazaleek utzitako lekukotzak bultzatuta. 1615. urteko udaberrian euskal baleazaleak Islandiara abiatu ziren beste behin. Ipar Mendebaldeko Fiordoetako magistratua zen Ari Magnussonekin arrantzatzeko baimen hitzarmena zuten arren, Danimarkako erregeak bizkaitarren gaineko heriotza zigorra ezarri zuen beraien uretan arrantzan harrapatzen bazituzten. Istorio hori kontatzen du Petxarromanek Kearen Fiordoan. Baleak ehizatzen zituzten arpoiekin beraiek ahizkorekin ehizatuak ziren bitartean. Maia eta Petxarromanek kontatuko digute.

Urte askotan zehar, euskaldunak izan ziren teknikoki onenak balea arrantzan. Soilik euskaldunek arrantzatzen zuten balea industrialki eta produktuaren monopolioa izatera iritsi ziren. Hortik Danimarkako erregearen heriotza zigorra bezalako neurriak. Punta-puntako baleontziak egiteko industria eta teknologia aurreratua zegoen, gainera, Euskal Herrian. Balea-arrantzaren ekonomia eredua Euskal Herri osoan hedatuta zegoen, Iratiko basoak ere itsasontziak hornitzera zuzenduta zeuden.

Donostia 2016 plataforma erabili nahi dute orain iragan hau ezagutzera emateko. San Juan Baleontzia UNESCO-ren Urazpiko Ondare Kulturala irudikatzeko ikurra bihurtu da. Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriaren eskutik baleontzia berreraikitzen dihardute Kanadako Gobernuaren laguntzarekin eta Jon Maiak berarekin denboran bidaiatzeko gonbita luzatu digu 1565. urteko Red Bay hartara.

Donostiako elkar aretoan, 2016ko otsailaren 25ean, Iñaki Petxarromanek eta Jon Maiak Kearen fiordoa eleberriaz, euskal baleontziez eta gure itsas ondare kulturalaz hitz egin ziguten solasaldi honetan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina