Gozategi: “Disko hau gure jarraitzaileentzako opari moduko bat da”

Hogei urte joan dira Gozategi taldearen sorreratik. Gozategi all stars diskoak taldearen ibilbidea jasotzen du, betiko kantak birgrabatu dituzte Elkar estudioan Mikel Irazokiren zuzendaritzapean. Kantuen nortasunari eutsi badiote ere, erritmo eta melodiaren uztarketa berezi bat sortu dute. Diskoa urrian kaleratuko da.

 20 urte pasa dira lehenengo maketa kaleratu zenutenetik. Nola gogoratzen duzue hasiera hura?

Oso oroitzapen onak ditugu. Sentsazio kontua da. Garai hartan, taldeak zuen barruko indarra izan zen gehien bultzatu gintuena. Ez genuen ezer espero, itxaropen handirik ez genuen. Maketa 1994ean grabatu genuen, 1992an hasi ginen elkarrekin jotzen eta hortik aurrera oso sentsazio onak jaso ditugu beti.  Orduan jarri genion Gozategi izena taldeari, izan ere, trikiti munduan Gozategi anai-arrebak bezala ginen ezagunak.

Musika munduan bakoitzak bagenuen gure esperientzia eta elkartu ginenean horrek intentsitatea eman zigun. Erabat ezberdinak ziren bi musika mundu uztartu genituen.

1995ean Gozategi lehen diskoa, trikitia pop-rock mundura sartu zen garai berekoa da.

Ordura arte bi mundu horiek bananduta zeuden: batetik musika eta bestetik trikitia zegoen. Garai haietan trikitia baserriko giroan eta auzo txikietan jotzen zen.

Pop-rock-trikitia eta horrelako definizioen gainetik kantak daudela uste dugu. Urteak pasa ahala, kantak dira gelditzen direnak, klasifikazioak egitea normala bada ere. Jendeak beste sentsazio batzuk sentitzen ditu eta hori da garrantzitsuena, nahiz eta jantzi horrek berrikuntza puntu bat eman. Azken finean, instrumentu horren atzean dagoen musikaria eta horrek egiten duen interpretazioa da garrantzitsuena.

Ainhoa bigarren diskoarekin lortu zenuten arrakastarik handiena, Jon Maiak idatzitako Nirekin kantari euskal mundutik at zeuden komunikabideek zabalkundea eman zioten. Nolatan?

Gu ez ginen kontziente izan hasieran. Elkar diskoetxeko Anjel Valdes konturatu zen izandako difusioaz. Ordura arte ukiezinak ziren komunikabideetan sartu ziren gure kantuak. Ez bakarrik komunikabideak; taberna askotan eta diskoteka askotan ere lehen aldiz hasi ziren euskal musika jartzen. Beste talde batzuek ere aukera hori izaten hasi ziren. Nirekin kantak ireki zituen ate horiek baina gero Alaitz eta Maider edo trikitia ez zen beste euskal talde batzuk ere sartu ziren poliki-poliki. Horretaz oso harro gaude.

Urte batzuetan disko berririk ez egin arren, zuzenekoetan ez duzue inoiz atsedenik hartu.

Plazak ez ditugu inoiz utzi. Hogei urte hauetan ez dugu atsedenik hartu zuzenekoei dagokionez. Guztira ez dakigu zenbat zuzeneko eman ditugun baina mila bat inguru izango dira, agian gehiago ere bai. Askotan bi edo hiru kontzertu eskaini ditugu egun berean, adibidez 1995eko uztailan hogeita hamairu kontzertu eman genituen.

Gozategi all stars diskoa sortzeko ideia nondik atera duzue?

Disko hau prestatzen hasi ginen azken urteotan oso giro berezia sortzen ari zela sumatu genuen: jende gaztea etortzen da zuzenekoetara, askok guk baino hobe dakizkite gure kanten letrak, abesti asko gazte hauek jaio baino lehenagokoak diren arren. Eta kontzertua bukatu ondoren guregana gerturatu eta oso gauza politak esaten dizkigute.

Disko hau gure jarraitzaileentzako opari moduko bat da. Guretzako ere bada opari bat. Inoiz ez dugu egin ez zuzeneko diskorik ezta akustikorik ere, baina disko hau Gozategi bere osotasunean deskubritzeko disko-bilduma bat da.

Gozategi all stars diskoan zeintzuk dira berrikuntza aipagarrienak?

Abestiak berdinak dira, 20 urte geroagoko ahotsarekin, teknologia berriekin… baina kantak berdinak dira, modernizatuak baina erroa berdina da. Badaude perkusioak, programazioak, haizeak… parte hartu duten musikariek nola grabatu duten… denak du eragina. Inongo presiorik gabe grabatu dugu, letrak eginak zeuden, beraz, musikan kontzentratu gara. Mikel Irazokik egin du produkzioa, teknikaria Jean Phocas izan da eta nahasketetan Pepo Scherman izan dugu. Ezin dugu gehiago eskatu.

Mikel Irazokiren produkzio lanak zer ekarri dio diskoari?

Produktoreak, hasiera-hasieratik helburu bat izan du: zuzenekoan emateko gai garen hori islatu diskoan. Horregatik ez da sartu oso moldaketa desberdinetan, kantak aurreko diskoetan zeuden moduan oso ondo zeudela iruditzen zitzaion, abiadura berdina mantendu nahi izan du. Guk zerbait ustekabekoa egin nahi genuen, hasierako bileretan hori izan zen bota genuena baina berak hasierako izpiritu hori mantendu nahi izan du.

Nola egin duzue kantuen aukeraketa?

Oso zaila izan da. Hasteko ehun bat kanta ditugula kontuan hartzekoa da.

Argi genuen sartu behar zirela batez ere zuzenekoetan oso ondo funtzionatzen duten horiek; dena den, orotara 30 bat ziren eta azkenean 13 dira sartu ahal izan ditugunak. Fandangoa eta arin-arina tartean zeudela, 11 kanta aukeratu behar izan ditugu. 1997ko Korrikako kanta ere sartu dugu hauen artean, hau da beste diskoetan ez zegoen kanta bakarra.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina