Inklusibitatea eta euskal kultura ardatz Usurbilgo proiektu berrian

Hutsik dagoen Usurbilgo Michelingo lurzoruan kokatuko dituzte Gureak-ek eta Elkar Fundazioak euren jarduera nagusiak epe laburrean, eta proiektu sozioekonomiko honen garrantzia eta izaera estrategikoa nabarmentzeko helburuz, agerraldi bateratua egin dute gaur goizean Gipuzkoako Diputazioak, Usurbilgo Udalak, Gureak-ek eta elkarrek. 

Markel Olano Diputatu Nagusiak proiektuaren garrantzia azpimarratu du “Gipuzkoarentzat ikur izango diren bi proiektu ezinbestekok bat egiten dutelako eta gauzatze bidean daudelako” eta “Euskak Herri mailako proiektua” dela gaineratu du. Bere esanetan, Gureak-ek “lan izugarria egiten du gizarteko kolektibo ahulenetako batzuen inklusioa bermatzeko”, eta Elkar, berriz, “euskararen erabilera sustatzeko lan kolektiboan ezinbesteko aktorea” da, “profesionaltasuna eta militantzia uztartuz, euskal sorkuntzaren zabalkundeari egitura sendo eta berritzaile bat eskainiz”. 

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak berriz, Gureak eta elkar Usurbilgo herriaren baloreekin bat egiten duten eragile ekonomikoak direla esan du “nekez aurki genezakeen bazkide hoberik gure herriaren garapen sozioekonomikorako”. Usurbilgo udaletik “helburu sozialeko ekonomiak lehenesten ditugu, pertsonen ongizatea kokatuz garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa. Hau da, guztion onerako den ekonomia dugu ipar”.

Iñaki Alkorta Gureak-eko presidenteak Usurbilgo proiektua “aukera ezin hobea” dela aipatu du “Industria merkatuak geroz eta planta produktibo konplexu eta lehiakorragoak eskatzen ditu eta gure misioarekin aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa zaigu gure azpiegiturak egokitu eta handitzea” eta proiektua aurrera eramateko eragile guztiek azaldu duten jarrera ona nabarmendu du.

Eta Joxemari Sors elkar Fundazioaren lehendakariak ere guztion arteko elkarlana nabarmendu nahi izan du “Elkar Fundazioaren oinarrietan dagoen elkarlanaren bidetik egingo da bideragarri proiektu hau ere, erakutsiaz, beste behin, aurrera egin nahi bada zein garrantzitsua den indarrak batu eta beste eragileekin batera aritzea”. Sorsen hitzetan “Berritzen jarraitu behar dugu, ekonomia eta kultura uztartuz, industria kulturala sendotuz” eta horretarako, ezinbestekotzat jo du Usurbilen garatuko den proiektua “elkarrek azpiegiturak modernizatu eta XXI. mendeko beharretara egokitu behar baitu, aurreko mendetik osatuz joan den proiektua bideragarri egiteko hurrengo urteetan”. 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin