“Jolasten naiz, beraz, banaiz”

Eraikuntzako materialekin dorre bat egin nahian dabil 3 urteko haurra, pieza txikiak ditu oinarrian, eta ohartu da dorreari eusteko pieza handiagoak jarri behar dituela behean. Buruari eragiten dion bitartean kide batek bota egin dio lau mailako eraikina; lehena haserretu da eta beste dorre bat egiten ahalegindu da. Ostera, lorpena suntsitu dio kideak. Eraikuntzako pieza erdiak hari utzi dizkio haurrak, “zuk egin, zuk bota”, esanaz; onartu du.

Ahalik eta dorre garaiena egiteko bere buruari jarritako erronka buruhauste txikia ez, eta 3 urteko haurrak lagunak eragin dion hasarrea kudeatzeaz gain biak jolas daitezen soluzio bat bilatu du. Sormena, emozioak, harremana, psikomotrizitatea, adimena… esparru asko kudeatu behar dituzte haurrek jolasean ari direnean. Eta plazerez egiten dute. Erronkak gainditzearen gozamena ematen baitie jolasak haurrei.

Horra jolasaren miraria esplikatzen duen hitza: PLAZERA. 

Hain da garrantzitsua jolasa, Maite Garaigordobil jolasean aditu eta psikologian doktorearen arabera, “haurraren garapen integralerako giltza” dela jolasa. Gozamena da motore. Plazerak eramaten du haurra jolasaren bidez ikastera, ezagutzera, deskubritzera: nor bilakatzera. Lehenik eta behin bere burua (gorputza), bere emozioak eta irrikak ezagutzera, eta ondoren inguratzen duena deskubritzera darama jolasak haurra, ingurune fisikoa (espazioak, mundua bera) eta soziala (kideak, kultura, arauak…).

SAKRATUA behar luke izan jolasak.

Hilabete gutxirekin hasten da haurra olgetan: pilota harrapatu nahiak lau hankan hastera bultzatuko du, adibidez, eta psikomotrizitate aldetik bere burua ezagutzen lagunduko dio haur txikiari mugimendu autonomoak. Lehen etapa honetan helduleku aproposeko materialak eta garapen sentsorialari laguntzeko eskutan hartu, zanpatu, ahoratu edo bota ditzaketen testura, usain, kolore, tamaina eta soinu anitzetako materialen saski bat eskaintzea aproposa litzateke.

2-3 urterekin olgetak forma agerikoagoa hartzen du haurra jolas sinbolikoan murgiltzen denean. Banintz, bazina, bagina bezala ibiltzen hasten da haurra. Medikutan, dendaritan, gurasotan… bizi duten mundua berrinterpretatzen hasten dira. Hala, pediatrari zion beldurra gainditu zuen 3 urteko haurrak Olentzerok ekarri zion mediku-maletatxoarekin orduak jolasean eman ostean; 4 urteko umeak, berriz, neba jaioberriaren etorrera zein gaizki zeraman adierazi zuen gurasotan haur txikia baztertzen zuela azaltzean… Panpinen, disfrazen, takoien, sukaldeen, denden, autoen… garaia da. Aurreko etapan bere burua ezagutu duen haurra orain ingurunea ezagutzen eta barneratzen ari da.

Halaber, etapa hau mugimendu garai betea ere bada; buru-belarri jolas sinbolikoan murgildurik egon ostean, mugimendua behar du haurrak: erorikoetatik altxatzen ikasteko garaia da. Eta baita hizkuntzaren aro betea ere: ipuinek, kantuek, esku-jolasek, aho-korapiloek… haurraren mintzamena inoiz ez bezala elikatuko dute etapa honetan.

Adinarekin, bada, jolasak aldatzen doaz. 6 urtetik aurrera jolasari leku egingo dio jokoak, arauak sartzen baitira. Euren artean, jolas librean asmatzen dituzten arauak daude batetik, taldean negoziatzera behartuko dituztenak, eta baita joko egituratuek behartzen dituzten arauak ere, mahai-jokoetan esate baterako.  2-3 urteren bueltan ere oinarrizko arauak (txandak, irabazi/ galdu…) ulertzeko joko ederrak badira gaur egun, fruta-arbolen talde-jolasa, adin txikietara egokituriko karta-jokoak, azkartasun-jolaseko fitxak…. Geografiaren, logikaren, matematiken, hizkuntzen edota geologiaren esparruetara gerturatzen diren mahai-joko aukera zabala dago eta haurrei, joko ugaritan ibiltzeak, esparru bakoitzera modu dibertigarrian gerturatzeko aukera ematen die. Betiko partxisa, antzararen jokoa, xakeaz gain, galdu/irabazi dinamikatik atera eta jolas kooperatiboak ere oso interesgarriak dira haurrak taldean harremanetan jartzen laguntzeko. “Talde guztia helburu bera lortzera bultzatzen duen jolasak taldea (lagunak, familia) kohesionatzera darama”, Garaigordobilen arabera. Harremanen etapa da.

Baina oraindik ere gure kulturan jolastea denbora galtze gisa ulertzen da. Eta eguneko orduak betetzen zaizkie, motxila nola, haur gero eta txikiagoei. Haatik, jolasten den haurra da haur sano.

Jolasak egiten du HAURRA HAUR. 

Eta heldua? Zein da helduaren egitekoa haurraren jolasaren aurrean? Batetik, material edo jostailu aproposak eskaintzea, zenbat eta naturalagoak eta egituratu gabeak izan, orduan eta aukera zabalagoak eskainiko dizkio, (jostailuak zenbat eta gutxiago egin, haurrak orduan eta aukera gehiago izango ditu; kontrara, botoi bati eman eta 4 argi eta 8 soinu egiten dituen plastikozko gailuak aukera bakarra eskaintzen dio haurrari).

Etapa bakoitzean aproposa den jostailu edo materiala eskura (berak ailegatzeko apaletan) jartzea da beste gako bat, arau konplexuak dituen mahai jokorik ez eskaini 4 urteko haurrari; ezta 6koari 24 piezako puzzlerik ere. Jostailuak txandatzea ere gomendagarria da, material bakoitzak eskaintzen dituen aukera guztiak ustiatu aurretik aspertu ez dadin haurra. Eta segurtasuna ematea dagokio helduari, ingurune aproposa, minik emateko eta hartzeko arrisku gabea, eta helduaren kontentzioa izango duena.

Ahal dela naturan edo kalean jolasteko aukera eman. Eskulanak, mahai-jokoak, puzzleak, liburuak, musika instrumentuak… atera kanpora. Garaigordobilen arabera, “kaleak indar sozializatzailea dauka, eta naturak esperientzia estetiko eta emozional positiboak bultzatzen ditu”. Eta denbora. Utzi haurrari jolasten. Ezer gutxik egingo dio jolasteak adina on.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina