Jon Ariza de Miguelen “Ohe hotzak” liburuaren hitzaurrea, Angel Errok idatzita

Ohe hotzakHITZOK idazteko tenorean tentazioa izaten ari naiz hitzaurre hau amaitu eta berehala norbaiti emateko, hizkuntza eslaviarren batera itzul dezan. Oraindik ez dakit ideia baztertuko dudan edo, bestela, baten batek desegokitasuna ikusaraziko didan. Ez da, liburu honen aipamenetako askoren sintonian, neure burua zirilikoan ikusteko kapritxo hutsa, Jon Ariza De Miguelek sortu pertsonaiaren iritzira ahalik eta gehien hurbiltzeko apaltasuna baizik: “Hitzaurreak beti idatzi izan dira irakurriak izango ez direlakoan, ziur naiz”. Liburu honetara iritsi den euskal irakurleari lagundu nahi nioke honakoan ez entretenitzen eta, istorioan barneratuta, nabarituko duen bakantasunari azalpen aukera bat eskaintzen. Irakurle askok berea ez beste hizkuntza batean idatzitakotzat hartuko baitute Ohe hotzak hau, hain dira bestelakoak erabiltzen dituen erreferentziak, hain dira ezohikoak darabiltzan kezka estetikoak, isiluneak, hain dira bitxiak eta gogoangarriak egiten dituen hainbat hausnarketa bidenabarreko. Hori bakarrik aski motibo da eleberri hau pozez jaso dezagun.

Badira eleberriak zeinetan gauzak gertatzen diren, eta badira, beste alde batetik, eleberriak zeinetan pertsonaiek gauzak gogoetatzen dituzten, itsasten zaizkigun gogoetak, onenean aipu bilakatzeko bidea hartuko dutenak. Eleberri hau azkenetakoa duzu. Gauzak, noski, gertatzen dira, hitz gutxitan laburbil daitezkeenak –ibili eta buelta, guzti-guztia hitz gutxitan laburbil daitekeen mundu honetan abantaila bat dena–: liburu honek harreman bati emandako bigarren aukeraren kontakizuna egiten du. Baina fokua narratzaile izengabearen nortasunean datza, gehiegi pentsatzen ote duen sumatzen hasita dagoen pertsona horrengan, edertasuna kezka nagusitzat duena, (harremana sailkatzen gaitzagoa izan dadin edo sentimenduak helduleku maiztuegia izan ez dezan) maitaleari lagun deitu nahiago duena, naturaltasuna simulatzen hasi eta azkenean neke handirik gabe horri atsegina hartzen diona. Protagonistak ondokoaren begirada behar du bere nortasunari eusteko: dandy bat da, esteta eta, behin baino gehiagotan aipatzen den Gontxaroven Oblomov pertsonaiaren moduan, baita bizitzarako ezindu bat ere, italiarrek (D’Annunzio, Svevo edo Pirandelloren hainbat pertsonaia definitzeko) erabilitako inetto kontzeptuaren zentzuan, literaturaren bidez baino bizitzen ez dakien pertsonaia bat. Azkenean zer da maitasuna –berak eta denok bilatzen duguna– erreferentziak, keinuak, isiluneak konpartitzeko gune ideal bat baizik?

Eleberri bat, esperimentu moduan, nolabait itzulian etorriko diren itxaropenarekin, existitzen diren ez dakigun helbideetara bidalitako gutunak dira (hitzaurrea, gehienez,
zigilua da). Hala egiten du Ohe hotzak-en protagonistak, inoiz argitu gabe zer ote den barruan sartu duen edukia.

Demagun zu izan zarela, irakurle hori, gutun horietako baten jasotzailea eta, zigiluari kasu eman gabe, oraintxe duzula eskuen artean, irekitzeko prest. Begiratu inguruari, etxetik kanpo bazaude, jendeak ikus zaitzan gutun bat, eleberri bat, irakurtzeko egokieran. Zorionekoa zara. Sekretu bat konpartitzeko puntuan zaude. Eta zer da, azkenean, literatura?

M. hirian, 2016ko apirilaren 10ean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina