Joxe Manuel Odriozola “Txillardegiren borroka abertzalea” liburuari buruz

Pako SudupeTxillardegiren borroka abertzaleaEuskal Herriaren azken mende erdi gatazkatsuaren kontakizuna zinez egin nahi duenak Txillardegiren izena behin baino gehiagotan hartu beharko du ahotan edo luman. Bere soslai polifazetikoak bidegurutze askotan ezarri baitu haren itzala. Euskara batuaren nondik norakoak nekez ezagutuko ditugu bere funtsezko ekarpenak aintzat hartu gabe, euskal literatura modernoaren orrialdeetan aitzindari agertuko zaigu, ETAren inguruko mugimendu abertzale berriaren gorabehera politikoetan aztarna sakonak utzi dizkigu, eta abar.  

Liburu hauxe da, hain zuen, aztarna politiko horien oihartzun zabal eta oparoa. Txillardegiren pentsamendu politikoa ezagutu nahi duenak badu hemendik aurrera nora jo. Pako Sudupek ezin hobeto atera baitizkio ezpalak donostiar aitzindariaren kultura politiko zabalari.

Beraz, nazionalismo klasikoaren oinarriak kritikatu eta abertzaletasun berriaren formulazio politikoa aurkituko du irakurleak liburu mamitsu honetan. Orobat, euskararen galera larriari aurre egiteko soziolinguistika hasiberriaren printza distiratsuak idoro ditzake. Baita hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanak lotzen dituen hari ezkutuen xehetasun jakingarriak ere. Abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren arteko tirabiren lekuko ere bada liburu hau: izan ere, nazionalismo zaharrak bezala berriak ere herren egiten baitu alderdi horretatik. Txillardegiren koherentzia aparta izan da auzi horretan liburuan jasota geratu den moduan. Irakurtzekoak dira halaber euskalduntasunak klase borrokarekin zeuzkan sokatira bortitzak nola irudikatzen zituen.

Liburu honetako beste atal nagusi bat nazio arazoaren eta klase arazoaren arteko auziak osatzen du. Bi arazo horien arteko etengabeko istiluen lekuko zuzena izan zen Txillardegi, lehenik ETAren barruan egon zen bitartean eta gero handik kanpo. Eztabaida ideologiko sutsu haien oihartzunak zehatz-mehatz jaso ditu Pako Suduperen liburu honek, bateko eta besteko iritzien emaria argiro aurkeztuz eta, batez ere, auzi korapilatsu horretan Txillardegiren tesia luze-zabalean xehatuz. Garai hartan sozialismoaren inguruan nagusi ziren ideia eta erreferentziak modu erakargarrian harilkatuak aurkituko ditu irakurleak.

            Liburuaren bigarren partean Txillardegik Ekin-etik  ETArako bidean egindako hautuen  xehetasunak ematen dizkigu Pako Sudupek. Militante abertzale gaztearen nondik norakoak, eta baita ETA erakundea uzteko eman zituen arrazoiak ere. Hegoaldera itzuli ondorengo militantzia politikoa ageri zaigu bigarren partearen azken ataletan. Hala, ESB utzi eta HBera jo zuenekoa, HBen izandako erantzukizun eta egitekoak, eta azkenik, Aralar alderdi politikoan izandako esperientziaren berri.

Esandakoa: azken mende erdi zalapartatsuan gertatu zaigunaren kontakizuna ezin da osotara biribildu liburu honetan bildutakoa aintzat hartu gabe.  

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin