Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2016 – XXVII. Jokin Zaitegi Sariketa

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren laguntzarekin eta Jokin Zaitegi arrasatear idazleak literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraipena emanez, XXVII. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, 2015eko Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

1. Suediako Akademiak Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarrari eman zion Literaturako Nobel Saria 2015ean eta Jokin Zaitegi Sariketaren edizio honen helburua egile horren “U voiny ne zhenskoe litso” lana itzultzea da.

2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera.

Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Aurkezteko epea 2016ko apirilaren 25ean amaituko da.

3. Itzuli beharreko lagina antolatzaileek jarriko dute parte hartzaileen esku, jatorrizko bertsioan. Itzultzaileek aukera izango dute beste hizkuntzaren bat edo batzuetatik aritzeko, baina, espresuki adierazi beharko dute zein hizkuntza erabili duen, edo dituen, hala eginez gero. Jatorrizko lagina ondoko helbide hauetan lor daiteke: www.elkarargitaletxea.eus/jokinzaitegi eta www.aedelkartea.eus

4. Ainhoa Ayerbek, Jose Inazio Basterretxeak eta Roberto Serranok osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta irabazlea izendatuko du 2016ko maiatzaren 20rako.

5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik izango ez balute, saria hutsik utzi ahalko litzateke. Horrela gertatuz gero, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

6. Irabazleak 7.000 euroko saria irabaziko du Aleksievitxen lana itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2016ko abenduaren 31a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

7. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Aleksievitxen liburua euskaraz eta ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Arrasateko Udala babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.

8. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako: liburuak@elkar.eus 943310267 edota aed@aedelkartea.eus 943771228

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina