Sustrai Colinaren liburu proposamena

Sustrai Colinaintimitatea-Irakurri ezak Intimitatea. Ez haiz lehengoa izango.

«Gaurik tristeena da hau, banoalako eta ez naizelako itzuliko. Bihar goizean, sei urtez harekin bizi izan naizen emakumea bizikleta hartu eta lanerako bidean denean, geure umeak euren baloi eta guzti parkera eraman ondoren, maletan zenbait gauza batu, eta inork ikusiko ez nauen esperantzarekin utziko dut nire etxea…»

Irudikatu ezazu zeure burua afal-orduan, biharamunean inori ezer esan gabe etxetik betiko desagertzeko delibero irmoa harturik, bikotearekin ohizko elkarrizketa jasangarri bat harilkatzeko ahalegin temosoan, umeen jolas axolagabearen testigu. Ikertu itzazu zure gogoan barnako harat-honatak, arkeologia sentimentalean topaturiko porrot, amore emate, eta desilusioak. Jarri itzazu balantzan zure amets handi eta miseria txikiak, zure baitako txintxoa eta zintzoa, Zu izan nahi duzunean ere ez zara dirudizuna.

Bere intimitatean aztarrika ibili nahi ez duenak utz diezaiola protagonistari biluzten, utz diezaiola bere tripak kanalean irekitzen, bere gezurrez lasaitzen, bere egiekin mintzen. Gogoetatu dezala zergatik iruditzen zaion putakumea orrialdearen hastapenean eta maitagarria lerrokada bat beherago. Hausnartu dezala grisaz, keaz, lanbroaz, agertzen eta gordetzen dugunaz. Pentsatu dezala zergatik ez den dirudiena.

Hanif Kureishi-k azaldu behar izan dit bikoteek arrazoi onak dituztela isilik egoteko, altxatu nahi dudan gona bat izan litekeela mundua, norbait aukeratzea bizitza oso bat agerian uztea dela,  idazle batzuei arkatza bigun eta zakila gogor idaztea gustatzen zaiela, gauzak bukatu direla dakizunean ez dagoela kontsolamendurik orainaldian, bizitza bera dela pornografiarik onena…Niri ere jakin beharko nukeena irakatsi behar zait. Ez naiz dirudidana.

-Irakurri diat Intimitatea. Ez nauk lehengoa.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina