Maite Calvo: “Burua landuz gozatzeko hamaika aukera dago jokoen apaletan”

Maite CalvoDuela hiru hilabete ekin zitzaion elkar dendetan joko eta jolasen sekzioak handitu eta berritzeari. Iruñeko Larraona, Bilboko Zazpikale eta Gasteizeko San Prudencio dendak hornitu ziren lehenik; orain berriz, Irun, Arrasate, Getxo, Hernani eta Tolosa herrietakoetan aurkitu ahal izango dira sekzio berriok. Maite Calvo Irungo liburu-dendetako arduradunarengana jo dugu eskaintza berriari buruz galdezka.

Zer aurkituko dugu “Jokoak” izeneko apal berrietan?

Logika, estrategia, memoria, irudimena  eta beste antzeko trebetasunak eskatzen dituzten joko sorta originala dugi. Adin guztientzako eskaintza dago, berdin bakarka edo taldean jokatzeko jokoak. Mahai-jokoak dira, etxean, tabernan, lagun artean, kalean, garraio publikoan goazenean denbora tarte atsegin bat igarotzeko pentsatuak. Tamaina ezberdinetakoak daude, nahi izanez gero norabait eraman ahal izateko arin-arinak ere bai.

Zein dira joko eta jolas hauen ezaugarri nagusiak?

Betiko jokoen eskaintzatik ihes egiten duten joko kolaboratiboak daude, hau da, jokalariek euren artean lehian aritu beharrean, denok batera egiten dute, guztion onura izanik helburu. Trebezia oso ezberdinak behar izaten dira jokoen arabera, eta ondorioz edonor izan daiteke zerbaiten trebe. Edozein adinentzat balio dutelarik, belaunaldi ezberdinetako pertsonek elkarrekin jarduteko aukera bikaina eskaintzen dute, eta gainera buru-gimnasia ona dira. Beraz sozializaziorako eta erne eta bizkor irauteko egokiak dira. Eta norberak bakarrik egiteko ere aproposak dira.

Eramangarritasuna da beste ezaugarri garrantzitsua. Noranahi eramateko modukoak dira gehienak, ez dute energia iturririk behar, ez dute bestelako makinekiko menpekotasunik. Sinpletasuna da beste azpimarratzeko ezaugarria. Gehienak ez dute joko arau zailik, erraz jabetu eta berehala jokoan jartzekoak dira. Dena den, guztiek dituzte beren esku orriak. Gure dendetan aparteko ahalegina egiten ari gara joko arauak euskaraz ere eman ahal izateko erosleei.

Uda hasieran ekin zenioten jokoak saltzeari. Zer moduzko erantzuna jaso duzue? Zer da jendeak gehien eskatzen duena?

Joko hauekin gertatzen da gauza kuriosoa: zenbaitzuentzat dagoeneko klasikoak bihurtu diren joko batzuk jende gehienak ez ditu ezagutu ere egiten, eta horientzat deskubrimendua izaten dira. Horrelakoa da, adibidez, “rush hour”. Auto eta kamioi txiki bat sartu behar dira aparkaleku txiki batean eta lortu auto jakin bat ateratzea bertatik, gainerako ibilgailuak beren tokitik mugituz. Erraza da ulertzen baina espazioa kontrolatu beharra dago eta memoriak ere asko laguntzen du. Bakarkako joko oso arrakastatsua da.

Taldean jarduteko jokoen artean karta joko berri eta, klasikoekiko oso ezberdinek direnak, asko gustatzen zaizkio orokorrean jendeari.

Gure liburu inguru honetara oso ondo egokitzen den joko bat: Story Cubes. Irudiz beteriko dadoak dira, guztira bederatzi dado, beraz 54 irudi ezberdin. Dadoak jaurti eta ateratzen den irudiei begira istorio edo ipuina asmatu behar dute jokalariek.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina