Eskutik eskura, Berria

Argazkia: Berria
Euskaraz bizitzea da inguruan eta eguneroko jarduera euskaraz egitea ahal den guztian eta ahal den guztiekin, baina ez da horra mugatzen, euskaraz bizitzea bada ere euskara entzunera, irakurrira eta idatzira eramatea ere. Badakigu gure inguruak eskaintzen diguna batez ere erdaretan eskaintzen digula, aukera zabalagoa dugula euskaratik kanpo euskaraz baino egunkarietan, liburuetan, arte eszenikoetan, ikus-entzunezkoetan… gure bizitzako arlo guztietan. Baina errealitatea da, hala ere, euskaraz ere badela zer ikusi, zer entzun, zer irakurri. Erdaraz dagoena gehiago izateak ez du esan nahi euskaraz ez dagoenik, eta ez du esan nahi alde batera utzi behar dugunik, besteak beste euskaraz eskaintzen denak baduelako gainerako hizkuntzatan topa dezakegunaren pareko kalitatea.
Testuinguru horretan, elkar Fundazioak ere bat egin du #eskutikeskuraberria ekimenarekin, euskaraz irakurtzera animatu eta berria lagun egitera dei eginaz, uste baitugu merezi duela euskaraz bizitzen jarraitzeko urrats txiki bat egitea, eta bai baitakigu Berria-k egunero mundua euskaratik eta euskaraz azalduko digula, hizkuntzak berak emango digun gertutasunak errazago egingo digula inguruan gertatzen dena ezagutzea. Horrez gain, ondo dakigu euskal egiturak –izan komunikabideetan, izan kulturan, izan euskalgintzan…– sortu eta mantentzea zenbat kostatzen den, eta guztion egitekoa da euskal gizarteak hainbesteko lanez martxan jarri dituen eta gure esku jarri dituen egitura eta produktu horiek mantentzeko lanean jarraitzea.
elkar Fundazioak beti izan du borondatea taldeko langileei euskaraz bizitzen laguntzeko eta horretarako, besteak beste Berria-ren harpidetza eskaintzen du langileen artean. Hala nahi duen langileak Berria egunkariko harpidetza egiteko aukera du eta Fundazioak beregain hartzen du horren gastuaren %75, bertako kideak euskaraz bizitzea errazteko, eta, bide batez, Berria berari sostengua emateko aukera delako, uste baitugu euskal egunkari nazional bakarrari eustea eta hura hobetzen eta handitzen joatea euskaldun guztiontzat zein euskararentzat dela beharrezkoa. Zen
bat eta egunkari indartsuago izan, orduan eta sendoago euskara bera ere.
Orain arte bezala, langileei Berria-ko harpidedun edo berrialagun izaten laguntzen jarraituko du Elkar Fundazioak eta animatu nahi zaituzte guztiok bat egin dezazuen ekimenarekin, izan zaitezten berrialagun, eta batez ere har dezazuen ohitura, paperean edo sareetan, euskarazko egunkaria irakurtzeko, munduari euskararen begiekin begiratzeko.