Aingeru Epaltza: “Emakume indartsuen itzalak egiten du liluragarri lan honetara ekarri dudan garaia”

Nafarroako Erresumaren azken urteez nobela historiko handi bat egiten hasi zinen duela hainbat urte. Tamainari aurrez antzemanda erabaki zenuen hiru zatitan kaleratzea?
Nire lanak mantso gorpuzten dira. Kalkuluak eginak ditut: 300 orrialdeko liburua idazteko ia-ia hiru urte behar izaten ditut, eta 1000 bat orrialde zituen buru barnean zebilkidan istorioak. Euskal irakurleak nekez bereganatzen ditu hain idazlan luzeak. Atalka ateratzeak, bertzalde, irakurle horren erantzuna neurtzeko parada eman dit. “Mailuaren odola” trilogiako lehen liburuak izan duen harrerak haizea eman dio bigarren zati honi.

Dena dela, parte bakoitzean zertsu kontatuko duzun zenbateraino daukazu aurretik erabakita, eta zein neurritan da idazte prozesuan bertan buruturikoa?
Trilogiaren ildo nagusiak eta liburuki bakoitzekoak hasieratik finkatu nituen, bereziki non abia eta non buka, eta orobat tarteko gertakari handiak. Liburu bakoitzaren idazketa deskubrimendu prozesu bat da, alabaina, eta aurkikuntzek eta ustekabeek ere moldatzen dute azken emaitza. Hasierako gidoia prestatzean amestu ere ez nituen gauza franko daude liburu honetan.

Lehen partearen aldean, oraingoa ia osorik gertatzen da Frantzian…
Joanes Mailu nire pertsonaiak heltzen segitzen du. Horretarako, Euskal Herritik urrundu eta Parisera eraman dut, valoistarren gortera. Han, berearekin ikustekorik ez duen mundu baten deskubrimendua eginen du: argitsuagoa, koloretsuagoa, finagoa, ñabarduraz beteagoa sorterrian baino. Horren guztiaren atzean dagoen gorroto eta traizio giroak, ordea, ez dio inolako zorrik gudatokietakoari.

Frantziako historiagrafian une giltzarria da, oso landutakoa: horrek zenbateraino lagundu zaitu eta zenbateraino mugatu?
Lagundu bai, garai horretaz frantsesez dagoen bibliografia ikaragarria delako. Horrela aisetasun handia duzu istorioa janzteko eta hari inguru sinesgarria emateko. Arriskua kutsadura da, kontatu nahi duzun istorioari Historia gainjartzea. Horrek lanak eman dizkit, baina uste dut garaile atera naizela arrisku horretatik. Istorio bat kontatu nahi nuen, fikziozkoa, ez historia liburu bat egin.

Euskaraz batere landu gabeko aristokrazia-giro eta ponpeziak jorratzerakoan, aise ibili zara? arazoak izan dituzu?
Gure ohiko hiztegia murritzegi gertatu zait zenbaitetan. Nola izendatu orduko gorte bateko kargu eta lanbide guztiak? Hautuak egin behar izan ditut, oker egiteko arriskua eta guzti. Ahalegina irakurleak eskertuko dit agian.

Gure historiaren ikuspegi eszeptiko eta ironikoa ageri duzu hemen ere. Aurreko liburuarekin horrek kritikaren bat ekarri zizun. Oraingoan ere zeresanik emango duela uste duzu?
Baliteke bat edo bat berriz ere asaldatzea. Geure buruari gupida gutiagoz begiratzearen aldekoa naiz ni. Lehen alean baino umore gehiago dago, dena den, bigarren honetan. Alemanak edo gaztelaniak ez bezala, inoiz izan ez genuen nobela pikareskoa izan nahi luke, hein batean, Izan bainintzen Nafarroako errege honek.

Gertakari handien historia batez ere gizonezkoen gauza izan dela esan ohi da, baina garai honetan berebizikoa da emakumeen garrantzia…
Hain zuzen ere, emakume indartsuen itzalak egiten du, bertzeak bertze, hain liluragarri lan honetara ekarri dudan garaia. Joana Albretekoa, Katalina Medicikoa, Margarita Valoiskoa… lehen lerroan ziren. Bereziki kontent gelditu naiz haietaz egiten dudan interpretazio literarioaz. Lehenbiziko liburukiaren aldean, pertsonaia femeninoek sekulako pisua dute bigarren honetan.

Zuk ere, esango nuke kariño bereziz tratatu dituzula emakumezko pertsonaia guztiak, gizonezkoak ez bezala.
Gizonezko gehienak hain ziren predezibleak eta ustekabeetarako ezinduak garai hartan ere! XXI. mendeko edozein so egilek, gizon nahiz emakume, hagitzez ere hurbilago sentitu behar ditu emazteki haiek, haien ondoan ziren astazakilak baino. Pertsonaia femeninoekiko atxikimendua, bertzalde, ez da gaurkoa nire liburuetan.

Leizarraga Bibliaren euskaratzailea agertzen duzu liburu honetan, baina aurreko eleberrian protagonismo berezia zuen Axular desagertu da…
Ez nuen lehen liburukiaren egitura errepikatu nahi. Axularri, beraz, oporrak eman dizkiot bigarren honetan. Itzuliko da, hirugarrenean, itzuliko denez.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina