Anjel Valdes: “Azken 50 urte hauetako historia oso emankorra izan da, zalantzarik gabe, eta historia hori ber kontatzen ahalegindu naiz”
Aurten, 50 urte bete dira Durangoko Azokaren lehen ekitalditik (1965-2015). Historia honetan zehar, hark ere aldaketak eta garapenak izan ditu, euskal kultur industriaren alboan lerratuta beti, honen erakusleiho funtsezkoena bilakatu delarik. Urteok ez dira alperrik pasa. Garai ezberdinetako krisialdien eta egoera politikoen gainetik, Durangoko Azokak gure kulturari erreferentzia irmo bat erakutsi izan dio, itsasargi bat bezala.
Gure historia garaikide hori ber gogoratzen lagundu nahian sortzen da Kantuz izenburuko disko hirukoitza. Bertan aurkezten diren 50 kantuen bitartez, hainbat paisaia errekonozituko ditugu eta abestien bidez iraganera egingo dugu jauzi. Beste batzuetan iraganetik orainaldira etorriko gara, gaurko talde gazteek eskuratutako bertsioen bidez. Ala kide senti araziko gaitu, bi kantari batera kantu eder bat kantatzen entzundakoan. Oraina iraganean topatzen dugun bezala, iragana ere une honetan ari da berpizten, behin eta berriro. Pasatako denborak beti dira aktualak.
Horixe da, hain zuzen Kantuz izeneko bilduma honek erakutsi nahi duena. Egin dezagun solas, batu gaitezen, gogora ditzagun gure ilusioak, eguneratu ditzagun oroitzapenak, eraiki dezagun herria, kantaren ardatzaren inguruan bildurik.
Zer da Kantuz?
Aurten Durangoko Azokak 50 urte betetzen dituela eta, ospatzeko moduko zerbait zela iruditu zitzaidan. Hain zuzen ere, 1965 aldaketa urtea baita gure kantagintzarentza: Ez Dok Amairu taldearen lehen bilerak, Mikel Laboaren Azken deituriko lehen singlearen argitalpena… Nolabait esateko, horren harira, euskal kulturaren aro garaikidearen 50. urtebetetzea ere badela pentsatu nuen. Azken 50 urte hauetako historia oso emankorra izan da, zalantzarik gabe, eta historia hori ber kontatzen ahalegindu naiz, 50 kantuz osatutako bilduma hirukoitza osatuz. Azken batean, gure kantuetan historiak daude batez ere, amodiozkoak, epikoak, nostalgikoak, aldarrikatzaileak…Baina ondo aztertzen badugu, hastapen hartan ala gaur egun ere, kantuen funtsezko gaiak ez dira aldatu. Kantuz izeneko lana, beraz, ez da kantu bilduma bat soilik, kantuen bidez historia bat kontatzen ahalegindu naiz, gure historia. Horregatik liburu tratamendua eman nahi izan diogu, Maite Mutuberria ilustratzailearen esku zoragarriaren laguntzaz, eta baita Joseba Sarrionandiak honetarako propio idatzitako “Memoria eta desira” izeneko aurkezpenaz ere.
Nola sortu zen bilduma?
Aukerak eta momentuak elkarrekin etortzen dira. 50 urte betetzen direnean ospakizun ugari egoten dira eta horrek honelako bilduma mardul batentzat lekua egiten du. Behin hori ikusita, Durangoko Azokako antolatzailea den Gerediaga Elkarteko zuzendaritzari aurkeztu genion ideia eta eskuzabal onartu zuten.
Liburu-diskoak Gerediagaren 50. urteurrenaren logoa eramango du, haiei nolabaiteko errekonozimendu eta esker ona adierazteko
Zein irizpide jarraitu duzu 50 kanta hauen aukeraketa egiteko? Lan zaila izan al da?
Ez da lan erreza, oso unibertso handia delako. Bataz beste, nik uste dut euskarak 20 mila inguru kanten erregistroa izango duela, eta den-denak dira historiaren parte. Beraz, 50 aukeratzeak baditu bere zailtasunak. Kantu onak izan behar dira. Bestalde, kantari asko daude eta zaila da denak sartzea; horretarako, kolaborazioetan eta bertsioetan oinarritu naiz. 400 bat erregistro entzun, aukeratu, sailkatu eta konbinatu ditut. Oso aberasgarria izan da, bestalde, kantuen bidez, gauza, pertsona eta episodio ugari ber gogoratu baititut.
Iragana, etorkizuna… Zertan aldatu da euskal musika azken 50 urte hauetan?
Hizkuntzan, forman, komunikazio sistemetan, produkzio moduetan, marketinean, publizitatean… baina fondoan eta mamian, ez da asko aldatu, nire ustez. 1965.ean euskaltzaleak buruan zituen ametsak, aldarrikapenak, ilusioak. Gaur egun ere azaltzen dira oraingo talde eta kantari berrien ahotsetan.
Pertsonaren sentimenduak, emozioak eta bizitzaren ikuspegi poetikoa, historikoak eta unibertsalak dira; eta kantua, zerbait bada, olerkia da, emozioa eta sentimendua.
Zeintzuk dira euskal kantuetan aipatzen diren gai nagusiak?
Askatasuna da gai nagusia. Herria eta pertsona. Horrekin batera datoz lurra, maitasuna, herri mina, bakea…
Zein publikori zuzenduta doa Kantuz? Hastapenetako gazteei ala belaunaldi berriei?
Historia denona da, berdin zahar zein gazte. Segur aski adin bat dutenak hurbilduko dira lehenik, baina dan-danak osatzen dugu herria; areago, herria ezberdinen arteko harremanean sustatzen dela iruditzen zait. Kolaborazio eta bertsioen bidez saiatu naiz lan hau irudikatzen. Belaunaldi, pentsamendu, genero ala estilo ezberdineko talde eta kantariak elkarrekin kantu bat egiteko gai bagara, herriaren proiektua bultzatzeko ere gai izan behar dugu.
Beste 50 urtetako ibilaldia sortzeko, orain arteko transmisioari jarraipena emateko, zer da beharrezkoa?
Hizkuntza da, nire ustez, garrantzitsuena. Eta gure lanak hortxe dauka zentzua, batez ere, euskaldunak eta euskaltzaleak euren hizkuntzaz harro sentitu daitezen; txikiak izanik, handi senti arazi gaitzakeelako. Kantua, beti, ideia horren bideratzailerik egokiena da.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Haur literaturako nobedadeak – Ttarttalo argitaletxea
- Ekarri armak: amaiera ezagutu arren, thriller baten pasioz irakurtzen den kazetari-ikerketa →